Industriaren giharra baliatu du Urkulluk susperraldia aldarrikatzeko

Enpresetara «konfiantza eta baikortasuna» itzultzen ari dela dio.Sinetsita dago «norabide aldaketa» dagoela enpleguan.Andoni Ortuzarrek, berriz, «bigarren trantsizioa» nahi du sindikatuentzat

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, gobernuko hainbat sailbururekin. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
xabier martin
2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Industriaren zain dago Jaurlaritza aspaldian, eta hura ate-joka hasia izan liteke jadanik, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren arabera. Susperraldi ekonomikoa nekez iritsiko da bigarren sektorea biziberritzen ez bada, eta Lakuan begira begira daude konpainien salmenten eboluzioari, esportazioei eta bereziki lan poltsei, haiek finkatzen dutelako etorkizun hurbila. Urkullu zuhurtziaren diskurtsoa egin du azken urte eta erdian —kargua hartu zuenetik—, esker txarrekoa inondik ere; Lakuako gainontzeko sailburuak bezala, jakitun zen kimu berdeen ilusioa pizteko oinarri sendorik ez dagoela eta badela diskurtso horrekin erre denik ere. Orain, ordea, «badira arrazoi nahikoak» gauzak aldatzen hasi direla pentsatzeko. Hala esan zuen atzo Mendaroko Egile korporazioari egindako bisitan.

«Euskal industriara susperraldia iristen hasi delako zantzu argiak daude». Urkulluk konpainien zuzendaritzek igorritakoa jakinarazi zuen: «Konfiantza eta baikortasuna itzultzen hasi dira gutxika». Suitzako CERNen LHC partikula azeleragailua hainbat piezaz hornitzen duen enpresa teknologikoa aukeratu zuen mezu baikorra helarazteko. Industria ekoizpenaren indizeari erreparatu zion bere mezua indartzeko. «24 hilabeteko gainbeheraren ondoren, urte arteko gorakadak izan dira otsailean, apirilean eta maiatzean». %1,5, %2,5 eta %1,2ko urte arteko gorakadak izan dira hil horietan.

«Ekonomia, hobera»

Enplegu sorrerarekin lotu daitezke industrian gehiago ekoizten hastea? Urkulluren ustez, bai. «Enpleguan norabide aldaketa positibo bat dago, kontratazio gehiagorekin; baita industria arloan ere». Horregatik, guztiarengatik, «badira ekonomia hobera egiten ari dela pentsatzeko arrazoiak».

Jaurlaritzako lehendakaria «konfiantzari» erreparatu zion maiz atzo. Datuen babesik gabe ezin da hitz egin susperraldiaz, baina Urkulluk «espiritu baikorra» hartu zuen ahotan, borondate hutsaren atzean gehiago balego bezala. «Industria giroaren indizean ere islatu da unea, hamabost puntu hobetu baita azken urte eta erdian». Alegia, Gernikan makila hartu zuenetik.

Enpresen lan poltsak ere aipatu zituen baikortasun hori azaltzeko. Esportazioen eboluzioak aldea egin dezakeela argi dute Lakuan, eta horregatik hauspotzen ari dira etengabe konpainien nazioartekotzea; ez alferrik, ikasgai ezin hobea izan da Espainiako merkatuak utzitako zuloa. «Lan poltsei buruzko iritziak hobera egin dute; bukatutako eta saldu gabeko produktuen stocka txikiagoa da; eta produkzioari buruzko aurreikuspenak hobeak dira», kontatu zuen Urkulluk. Eta enpresa jarri zuen berriro ere «ongi izate eta aurrerabidearen oinarri» gisa. «Lanaren, ekimenaren eta sakrifizioaren formulan dago sekretua».

Ortuzar, sindikatuen aurka

Lakuako buruak ez zuen esan zein toki duten sindikatuek euskal industriaren biziberritzea ekar dezakeen formula horretan, baina EAJko presidente Andoni Ortuzarrek ez lituzke sartuko, haren azken hitzak kontuan hartuz gero. ELA eta LABen aurka gogor aritu zen atzo EAJko burua Madrilen antolatutako ekitaldi batean, «bien artean lehian dabiltzalako erradikalagoa nor den jakiteko». Ortuzarrek azaldu zuen sindikatu abertzaleekin «oso zaila» dela akordioak egitea. «Sindikalismoa baino gehiago politika egiten dute, edozein gobernuren kontrabotere izateko».

ELAk ez du parte hartuko Jaurlaritzak hauspotutako elkarrizketa sozialean, eta LABek baldintza ugari jarri ditu eseri aurretik. EAJko buruak uste du sindikatuek «bigarren trantsizioa» behar dutela, «Euskadin huts egindako irakasgai» direlako. Confebasken gidaritza aldatzeko prozesuaz galdetuta, «errespetua» baino ez zuen adierazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.