Industriaren jarduera %39 jaitsi zen apirilean EAEn

Garraio materialen ekoizpena jaitsi zen gehien, ia bi heren.

Gasteizko industrialde bat, guztiz itxita, martxoaren 31n. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 3a
10:59
Entzun

Industriaren ekoizpenak jaitsiera historikoa izan du apirilean. Eustaten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %39 jaitsi zen industriaren jarduera hilabete horretan, 2019ko apirilarekin erkatuz gero. Martxoarekiko, %25,7 murriztu da.

Konfinamenduaren zatirik gogorrena izan ziren apirileko bi asteak Hego Euskal Herrian. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak erabaki zuen martxoaren 30etik aurrera, bi astez, oinarrizkoak ez ziren jarduera guztiak etetea. Horrek ekarri zuen artean irekita zeuden fabrika asko ixtea. Eusko Jaurlaritzak eta patronalek presio egin zioten neurria pixka bat malgutzeko, eta, azkenean, Madrilek atea ireki zuen gutxieneko jarduera batzuk baimentzeko.

Edonola ere, apirileko lehen bizpahiru asteetan itxiak izan ziren lantegi nagusiak, eta, horren ondorioz, ekoizpena amildu egin da industriaren sektore gehienetan. Gehien erori dena garraio materialen ekoizpena izan da: %64,9. Mercedes, CAF eta Irizar dira eragile nagusiak atal horretan. Kautxuaren eta plastikoen ekoizpena %56,7 jaitsi zen; produktu metalikoena, %47,8; makineriarena eta tresneriarena, %35,3; eta tresna elektrikoena, %34,8.

Ongien eutsi zion sektorea, berriz, energia eta gasaren ekoizpena izan zen (-%1,1), eta haren ondoren, zurgintza eta papergintza (-%13,6), eta elikagai eta edari industria (-%19,2).

Lurralde guztietan amildu da jarduera, baina Mercedesen eta Michelinen itxierak eragin dute Araban erorikoa handiagoa izatea (-%47.9), eta txikiagoa Bizkaian (-%37,6) eta Gipuzkoan (-%35,3).

Industria gehiena apirileko azken bi asteetan jarri zen berriro martxan, baina erritmo apalean haietako gehienak, eskariak asko jaitsi direlako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.