Inflazioa %2,3ra apaldu da urtarrilean

Eguraldiaren ondorioz argindarra merkatu denez eta erregaien salneurria apaldu denez, nabarmen moteldu da prezioen hazkundea.

Babarrunak Bilboko fruitu denda batean. LUIS TEJIDO / EFE
Babarrunak Bilboko fruitu denda batean. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2026ko otsailaren 13a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontsumo prezioetan arnasaldi moduko bat izan da urtarrilean Hego Euskal Herrian, urte arteko inflazioak ez baitio utzi apaltzeari. Hala, inflazio tasa bost hamarren jaitsi da azken hilabetean, %2,3raino. Joan den urteko maiatzeraino egin behar da atzera tasa hain apala aurkitzeko, orduz geroztik hortik gorakoa izan baita prezioen hazkunde erritmoa.

KPI orokorraren beheraldiaren oinarrian, energiaren eta erregaien prezioak daude batez ere. Energiaren prezioen jaitsierari esker, nabarmen moteldu da familiek berokuntzan, argiztapenean eta uretan egindako gastuen garestitzea: abenduan, %8,2koa izan zen urte arteko hazkunde tasa, eta urtarrilean, %1ekoa, dezente apalagoa alegia. Urrun geratu dira iraileko eta urriko garestitzeak, %11 ingurukoak.

Energia prezioen igoera apalagoa izan da, batez ere, argindarraren salneurriaren eraginez, urtarrilean megawatt-orduaren prezioa 50 eurotik beherakoa izan baita egun askotan handizkako merkatuan. Horren arrazoi nagusia eguraldia izan da; izan ere, euriteek eta ekaitzek argindarraren sorkuntza hidraulikoa eta eolikoa bultzatu dituzte, eta, hala, megawatt-orduaren prezioa apaldu da.

Erregaietan prezioak, berriz, %1,3 merkatu dira abendutik urtarrilera, eta %6,3 merkeago daude 2025eko urtarrilean baino.

Elikagaietan, beherakada gutxi

Elikagaien salneurriak, ordea, garestitu egin dira orokorrean, eta prezioen urte arteko hazkunde tasa %3,6raino igo. Joan den urteko abuztura egin behar da atzera elikagaien inflazioa %3ko tasatik behera ikusteko.

Arrautzen salneurrian, adibidez, ez da merkatzerik antzeman, eta iazko urtarrilean baino %36 garestiago daude ia. Haragiaren prezioak ere oso goian daude. Behikiaren (+%20,5) eta ardikiaren (+%11) salneurrien igoera azpimarratzekoa da, eta baita beste haragi batzuena ere (+%7,6). Txerrikiaren (+%2,5) eta hegaztikiaren (+%1,6) prezioak ez dira hainbeste igo, baina gainerako haragien salneurriak ere gora egin du iaztik (%7,6).

Kafea eta kakaoa garestitu eta garestitu ari dira oraindik, eta 2025eko urtarrilean baino %13,8 garestiago daude. Olioetan izan da merkatzerik aipagarriena (-%21); espero zen halakoren bat gertatzea, iaz oraindik oso garesti baitzeuden olioak eta koipeak.

Azpiko inflazioa

Erosketa saskiko preziorik aldakorrenak hau da, jaki freskoenak eta energiarenak kanpo uzten ditu azpiko inflazioak, eta haren urte arteko indizeak hamarren bat egin du gora urtarrilean, %2,5eraino. Beraz, KPI orokorra eta azpiko inflazioa ez dira askorik urrundu EBZk ezarrita daukan helburutik, %2ko inflazio tasatik alegia.

Hala ere, badago kezka martxotik aurrera, joan den urteko bilakaerarekin konparazioak egiten hasita, inflazioak ez ote duen berriz gora egingo Hego Euskal Herrian, prezioak asko merkatu baitziren iaz garai horretan.

gorbatak eta zapiak, KPI-a kalkulatzeko saskitik kanpo, eta ahuakateak barruan

Kontsumo prezioak indize baten arabera kalkulatzen dira, eta hain justu, INE Espainiako Estatistika Institutuak aldatu egin du aurten oinarri hori, familiek ez baitituzte orain dela bost eta hamar urte erosten zituzten produktu berak erosten orain. INEk hainbat produktu gehitu ditu KPIa kalkulatzeko oinarritzat erabiltzen den erosketa saskira: ahuakateak, ahabiak, te freskagarriak, garagardo limoiduna, eta erradiografiak, besteak beste. Bestalde, erosketa saskitik atera ditu, besteak beste gorbatak eta zapiak.
Bost urtetik behin eguneratzen ditu INEk saskia eta indizea. Ponderazioen arabera, oraindik ere jakien eta edari alkoholgabeen taldea da pisurik handiena duena, baina txikitu egin da saskian duen garrantzia. Jatetxeek eta ostatuek parte handiagoa dute orain KPIan, baita garraioak ere. Bi talde horiek etxebizitza gastuak gainditu dituzte. 
Aurreko eguneratzeetan, KPIaren kalkuluan sartu dira maskarak, bideoak ikusteko eta musika entzuteko online zerbitzuak, dosi bakarreko kafea, tabletak, laser bidezko depilazioa eta kirurgia estetikoa. Bestalde, jada zerrendatik kanpo daude CDak, DVDak, pelikulen mailegatzeak eta jantziak egiteko oihalak, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.