Inflazioak igoera bortitz batekin eten du beheranzko joera. Hego Euskal Herrian lau hamarren igo da ekainean, %2,7raino, eta urrundu egin da berriro %2tik. Elikagaien garestitzeak ez du eten handirik izan, baina ekaineko igoeran beste faktore batzuek izan dute pisu handia: erregaiak merkatu egin ziren iazko ekainean, baina, Israelek Irani eraso egitearen ondorioz, gasolioa eta gasolina garestitu egin dira aurten. Gasaren prezioa ere goian dabil.
2025. urtea %3,4ko inflazioarekin hasi zen Hego Euskal Herrian, baina, ordutik hona, pixka bat apaldu da, eta maiatzean %2,3raino iritsi zen, Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen tasatik, hau da, %2tik gertu. Baina ekainak bete-betean eten du joera hori, bai eurogunean —hamarren bat handitu da, %2raino—, baita Hegoaldean ere. Espainiako Ekonomia Ministerioak nabarmendu du erregaiak direla igoera horren eragile nagusia.
Berez, erregaiak iaz baino merkeago daude: iazko uztailean, batez beste 1,503 euro balio zuen gasolio litro batek Hegoaldeko gasolindegietan, eta 1,398 euro izan dira aurtengo ekainean. Baina tentsio geopolitikoak ia bi zentimo garestitu du gasolioa maiatzetik ekainera, eta iaz tarte horretan asko merkatu zenez, horrek bultzada bat eman dio urte arteko datuari.
Gasa eta argindarra
Gauza bertsua esan daiteke gasari buruz. Duela urtebeteko antzeko prezioan dago orain, baina ekainean goraldi labur bat izan zuen, misilak eta bonbak Teherango eta Tel Aviveko zeruan zebiltzala. Gainera, apirileko itzalaldia dela eta, Espainiako argindar sistemak gas gehiago erretzen ari dira, segurtasun neurri gisa, eta horrek eragin du argindarraren prezioak ere gora egitea. Ondorioa? Maiatzean %4,2 handitu zen argiaren eta gasaren prezioak etxebizitzetako gastuan duen eragina neurtzen duen indizea, eta %5,3raino egin du gora ekainean.

Baina elikagaiak izan dira azken urtean inflazioaren motor nagusia, herritarren gastuan duten pisu nabarmena dutenez gero. Eta ekaineko datuak erakusten du asko kostatzen ari dela atal horretan prezioen presioari eustea. Maiatzean, urtebete lehenago baino %2,6 garestiago zeuden, baina ekainean %3,3ra igo da indize hori. Halako tasarik ez zen ikusia 2024ko abenduaz geroztik.
Beste behin ere, arrautzak dira produktu inflazionistena: iaz baino %21,9 garestiago daude. Baina ez dira hain urruti asko kontsumitzen diren beste jaki batzuk ere: behikia (%17,4), fruta freskoak (%11,6), ardikia (%8,6), eta lekale eta barazki freskoak (%8,4).
%16,7Kakaoa eta kafea zenbat garestitu diren. Agian ez dira oinarrizko elikagaiak izango, baina kafea eta txokolatea funtsezkoak dira herritar askoren dietan. Eta kontsumitzaileak honezkero ohartuko ziren bai bata bai bestea asko garestitu direla. INEk bateratu egiten ditu bi produktuon datuak, eta infusioak ere gehituta, ondorioztatu du prezioa %16,7 garestitu dela azken urtean. Halakoen ekoizle nagusi diren herrialdeetako batzuetan izandako uzta txarraren ondorio da igoera, partez behintzat.
Halere, badira merkatu diren produktu batzuk ere. Azukrea asko garestitu zen 2023an eta 2024an, baina azken urtean %26,1 jaitsi da haren prezioa. Olioak eta koipeak, berriz, %37,7 merkeago daude, batez ere oliba olioaren prezioak beherantz jarraitzen duelako, azken uzta hobea izan denez gero.
%48Oliba olioa zenbat merkatu den. INEk ez du zehazten oliba olioaren prezioak zer bilakaera duen Hego Euskal Herrian, baina bai Espainian, eta haren prezioa ikaragarri jaisten ari da: %48 merkatu da goia jo zuenetik, hau da, 2024ko apiriletik. Oraindik, ordea, badu jaisteko tarterik, 2022tik 2024ra haren prezioa hiru halakotu egin baitzen ia.