Inflazioa, egonkor baina presiopean Hego Euskal Herrian

Maiatzean, elikagaiek moteldu egin dute prezioen igoera, baina erregaiek eta azpiko inflazioak presioari eusten diote.

Kamioi bat gasolindegi baten aurretik pasatzen. GORKA RUBIO / FOKU
Kamioi bat gasolindegi baten aurretik pasatzen. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko ekainaren 12a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mamuak ohe azpian jarraitzen du. Maiatzean, kontsumo produktuen prezioek ez dute igoera nabarmenik izan Hego Euskal Herrian, baina egonkortasun horrek ez du guztiz uxatu presio inflazionistaren mamua. KPI kontsumo prezioen indizea %3,2an kokatu zen maiatzean, apirilean baino hamarren bat gorago. Urtarriletik maiatzera bitartean, baina, %2,3tik %3,2ra igo da urte arteko tasa, eta horrek goranzko joera irmoa erakusten du.

Elikagaiek eta alkoholik gabeko edarien prezioek tiraka jarraitzen dute, baina gero eta erritmo apalagoan. Maiatzean, oro har, %3,1eko urte arteko igoera izan zuten produktu horiek, apirileko maila berean.

Inflazioak goranzko joera hartzen duenean, berehala igartzen da elikagaietan, baina badirudi joera hori egonkortu egin dela, apiriletik maiatzera ez baita igoera nabarmenik izan. Hala ere, prezioek, oro har, iazkoen gainetik jarraitzen dute, eta bereziki zenbait produktutan: arrautzetan (%13,6), arrain freskoan eta izoztuan (%12,8), eta behikian (%12,4).

Etxebizitzarekin lotutako energia gastuek —argindarra eta ura— bestelako dinamika bat erakutsi dute. Urte hasieran igoera apalak izan zituzten, baina maiatzean %1,8ko urte arteko jaitsiera erregistratu dute. Bereziki Iberiar penintsulako argindar merkatuaren portaerak —berriztagarrien prezio merkeak— eta zenbait tarifa aldaketak lagundu dute atal horrek inflazioaren presio nagusietako bat izateari utz diezaion.

Kontrako norabidea hartu dute erregaiek, eta arrazoi nagusi batengatik: otsail amaieran AEBek eta Israelek Iranen aurka hasitako gerragatik. Ormuzko itsasartearen blokeoak petrolioaren eta gasaren garestitzea ekarri du mundu osora. Hego Euskal Herrian, martxotik aurrera, igoera nabarmenak pilatu dituzte erregaiek: aurtengo maiatzean iazkoan baino %10,2 garestiago daude. Otsailean, gerra hasi aurretik, %5,5 merkeago zeuden.

Horiek horrela, Espainiako Gobernuak hainbat neurri aktibatu eta luzatu ditu, eta erregaien gaineko zerga batzuk arindu etxeentzat eta enpresentzat. Aurrera begira, ikusteko dago neurri horiek nahikoak izango ote diren prezioen igoera orokortuari eusteko. Gainera, ekainaren 1etik aurrera, argindarraren eta gasaren kontsumoaren gaineko BEZ zerga %21ekoa izango da berriro. Erregaien gainekoak, ordea, %10ean jarraituko du, gutxienez ekainaren 30era arte.

Zerbitzuetan ere bai

Prezioen igoera orokortuari buruzko argazki osatuagoa erakusten du azpiko inflazioak, energia eta elikagai landugabeak alde batera uzten dituen adierazleak. Produktu eta zerbitzu horien prezioek goranzko joera leuna erakutsi dute berriz ere maiatzean: %2,9ra igo da, apirilean baino bi hamarren gehiago; urtarriletik lau hamarren egin du gora. Horrek adierazten du presio inflazionista ekonomia osora zabaltzen ari dela.

Sektoreka, aisialdiarekin lotutako prezioak bereziki sentikorrak izaten dira lan kostuen igoerarekiko eta eskariaren portaerarekiko. Maiatzean, garraioan (%6,7) eta ostalaritzan (%4,8) izan da prezio igoerarik handiena. Aseguruak eta finantza produktuak ere nabarmentzen dira, %4,9ko igoera izan baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE