Apirileko etenaren ondoren, inflazioak berriro beheranzko joera hartu du Hego Euskal Herrian. Hiru hamarren apaldu da apiriletik maiatzera, %2,3raino, eta asko gerturatu da Europako Banku Zentralak gogoko duen kopurura, %2ra. Argindarra eta elikagaiak iaz baino gutxiago garestitu direlako txikitu da, baina Espainiako Ekonomia Ministerioak nabarmendu du turismoarekin lotutako zerbitzuen eta hegazkin txartelen «portaera onak» ere lagundu egin duela.
Elikagaiak izan dira azkenaldian inflazioaren motor nagusia, eta hala dira orain ere. Edonola ere, apiriletik maiatzera asko moteldu da haien garestitzea, %3,1etik %2,6ra jaitsi baita elikagaien inflazioa urte arteko tasan. Eguneroko saskian garrantzi handia duten produktu batzuk ageri dira azken urtean gehien garestitu direnen artean: arrautzak (%21,3), fruta freskoa (%12) eta lekaleak (%4,2).
Halaber, asko garestitu dira behikia (%16,7) eta ardikia (%8,9), baina ez da gauza bera gertatu txerrikiarekin (%1,9) eta hegaztikiarekin (%1,7).
Kafea eta kakaoa
Gorakada handia izan dute INE Espainiako Estatistika Institutuak batera zenbatzen dituen hiru produktuk: kakaoak, infusioek eta kafeak.
Kakaoari dagokionez, produkzioa nekez da gai kontsumoa estaltzeko, lehorteari batu baitzaio ekoizle nagusiak diren herrialdeetan (Boli Kosta, Ghana...) nekazari askok beste produktu batzuetara jo dutela, gutxi ordaintzen zietelako.
Kafea ere asko garestitu da nazioarteko merkatuetan: Arabica motako libra batek 343 dolar balio ditu gaur egun, duela urtebete baino %50 gehiago. Brasil da produktu horren ekoizle nagusia, baina lehorteen ondorioz asko apaldu zen iaz haren ekoizpena. Nolanahi ere, azken asteetan izan da euria han, eta, uzta hobeagoak izateko itxaropenak eraginda, prezioa merkatu egin da —otsailean 430 dolarrean zegoen libra—.
-%43,8Zenbat merkatu den olioa. Uzta txarren ondorioz, oliba olioaren prezioa ia hirukoiztu egin zen 2022tik 2024ra, baina iazko euriek asko lagundu diete Andaluziako olibondoei, eta ekoizpena suspertu ahala merkatu da olioaren prezioa ere. Hego Euskal Herriko daturik ez du ematen INEk —beste olio eta koipeekin nahasten du—, baina Espainian azken urtean %43,8 jaitsi da haren prezioa.
Energiari dagokionez, iaz baino garestiago daude argindarra eta gasa, baina, hilabeteak pasatu ahala, garestitze hori indarra galtzen ari da, energia berriztagarrien ekarpena ona izan delako udaberrian —euritsua eta haizetsua izan da Espainian—, eta gasaren prezioak beheranzko joera du nazioarteko merkatuan.
Erregaiak, berriz, merkatu egin dira, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea eta haren aliatuak aurreko urteetako murrizketak bertan behera uzten ari direlako eta merkatua ongi elikatuta dagoelako. Ondorioz, gasolioa 11 zentimo merkatu da azken urtean, eta hamasei gasolina.