Eten egin da urtearen hasieraz geroztik ikusi den inflazioaren igoera. Hego Euskal Herrian, prezioak duela urtebete baino %3 garestiago daude, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Ekainean, berriz, %3,2ren aldea zegoen urte baten eta bestearen artean.
Ohikoa den moduan, uztailean behera egin du KPI kontsumo prezioen indizeak, merkealdiaren ondorioz. 2021a ez da salbuespena izan: jantziak eta oinetakoak %11,7 merkatu dira Nafarroan, eta %12,4 merkatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Bitxiagoa dirudi etxebizitzari lotutako gastuak ere merkatu izana —%0,9 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %0,7 Nafarroan—, horien barruan baitago argindarra, eta asko garestitu baita PVPC kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezio arautua dutenentzat. Jaitsiera horretan zeresan handia izan du Espainiako Gobernuak argindarraren gaineko BEZa %21etik %10era jaitsi izana, betiere megawatt-orduak 65 eurotik gora baldin badago. Merkatu arautuan daudenak ez ezik, merkatu librean daudenak ere BEZ txikiagoa ordaintzen ari dira.
Hain zuzen ere, etxeko gastuen atala garestitu da gehien azken urtean: %8,1 Nafarroan, eta %9,4 beste hiru lurraldeetan. Haren atzetik doaz garraioak (%8,1), azken urteetako preziorik garestienak baitituzte gasolioak eta, batez ere, gasolinak.
Elikagaien prezioak ere gorantz egin du: %3 Nafarroan, eta %1,9 beste lurraldeetan.