Inflazioak behera egin du, argindar merkeagatik

Handizkako merkatuetan %70 jaitsi da elektrizitatearen prezioa, baina ez die berdin eragin kontsumitzaile guztiei. Elikagaien prezioak, oro har, egonkortu egin dira.

ARGINDARRA - BONBILLA
Argindar faktura bat. EDUARDO OYANA / EFE
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 14a
09:30
Entzun

Diru zorroek lasaitua hartu dute otsailean. Inflazioa %3an kokatu da Hego Euskal Herrian, aurreko urteko hil berean baino hiru hamarren gutxiagoan, INE Espainiako Estatistika Institutuak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera. Azpiko inflazioa —zeinak ez dituen kontuan hartzen landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak— %3,7an geratu da. Inflazio orokorraren gainetik dago oraindik ere, nahiz eta apur bat igo den —hamarren bat— eta azken bi urteetako mailarik baxuenean dagoen.

Inflazioak behera egin izanaren arrazoi nagusia elektrizitatearen prezioen merkatzea izan da. Nabarmen apaldu ziren hileko azken egunetan. Etxebizitza gastuak —berokuntza, argiztapena eta ura— iazko otsailean baino %9,5 merkeago daude. Erregaiak %4,4, baina pixka bat garestitu dira urtarriletik (%2,7) —bilakaera ikusteko, klikatu hemen—, eta elikagaien prezioak, oro har, egonkortu egin dira: iazko otsailean baino %5,7 garestiago daude, baina urtarriletik prezioak bi hamarren baino ez dira igo. Elikagai gehienak pixka bat merkatu dira, baina olioak eta koipeak dira salbuespen nagusia.  

Baliteke martxoan inflazioa pixka bat igotzea, argindarraren BEZa %21era itzuliko baita. Dena den, elektrizitatearen prezioak orain arteko bilakaerari eusten badio, igoera hori ez da gehiegi nabarituko.

Zer gertatzen ari da argindarrarekin?

Handizkako merkatuetan izugarri merkatu zen otsailean, eta martxoko lehen asteetan antzera dabil. Otsailean, megawatt ordua 40 eurotan ordaindu zen batez beste; iazko otsailean, 133 eurotan. Egun batzuetan ez da 10 eurora iritsi, eta eguneko tarte askotan 0 eurotik gertu egon da.

Bi arrazoi daude. Bata, eguraldia; energia berriztagarriek eta eolikoek bereziki inoizko produkziorik handienetako batekin amaitu dute hilabetea, haize handiko egun asko egon baitira. Halaber, eguzki askoko egunak ere egon dira, eta zentral hidroelektrikoen produkzio gaitasuna ere batez bestekoaren gainetik egon da, bereziki hilabete amaierako euri zaparradengatik.

Horri guztiari beste faktore bat gehitu behar zaio: gasaren prezioa. Handizkako merkatuetan duela urtebete baino %50 merkeago dago, Ukrainako gerra hasi aurreko prezioetan. Egun 25 eurotan ordaintzen da megawatt ordua, Mibgas Iberiar penintsulako merkatuan. Arrazoiak: Errusiatik inportatu ez den gasa beste merkatu batzuetakoarekin ordezkatu du Europako Batasunak, AEBetatik bereziki, eta erreserbak beteta daude, kontsumoa gutxitu ere egin delako, besteak beste. Karbono dioxidoa isurtzeko eskubideen prezioak ere azken hilabeteetako merkeenak ari dira izaten. Bi faktore horiek funtsezkoak izan dira gasa erabiltzen duten zentral termikoen elektrizitatea ere merkatzeko.

Eta faktura guztietan nabaritu da jaitsiera?

Ez. Onuradun nagusiak tarifa arautuak (PVPC) dituzten kontsumitzaileak izan dira. Kasu horretan prezioa aldakorra da, orduaren araberakoa, eta erabiltzen den teknologia nagusiak finkatzen du. Tarifa lauak dituztenak (merkatu librea) — hamar kontsumitzailetik zazpi — ezin dira prezio merke horietaz baliatu. Otsailean ere garestiago ordaindu dute, kontratuak egin zituzteneko prezioak ezartzen baitizkiete. Itxura guztien arabera, eta egungo joerari eusten bazaio, konpainiak kontratu horiek merkatzen hasiko dira, bezeroak tarifa arautura pasatu ez daitezen, edo kontratu berriak egiteko orduan konpainien artean sortu daitekeen lehiagatik.

Baina ez al da BEZa igo?

Bai, eta martxoko fakturan gehiago igoko da. Iaz %5ekoa zen, baina urtarrilean %10era igo zuen Espainiako Gobernuak, eta orain, martxoan, %21era, otsailean argindarraren prezioa energia krisiari aurre egiteko dekretuak ezartzen duenaren azpitik egon baita. Hala ere, arau horrek BEZa berriro murrizteko aukera ezartzen du, handizkako prezioa 45 eurotik gorakoa bada.

Baina zaila dirudi epe motzean behintzat hori gertatzea, martxoko lehen asteetako joera otsailaren bukaerakoaren oso antzekoa izaten ari baita. 

Argindar konpainiak jada hasi dira igoerari buruz abisatzen, fakturazio aldia martxoko egunen batean amaitzen duten fakturen kasuan. Aldiz, fakturazio aldia martxoa baino lehenagokoa bada, ez du eraginik izango hil honetan, eta %10eko BEZa aplikatuko zaie.

Hala ere, BEZaren igoerak ez du eragin bera bezero guztiengan; tarifa laua dutenak —merkatu librekoak— dira kaltetuenak: haien kasuan, argindarragatik ordaintzen dutena ez da jaitsi, eta horri BEZaren igoera gehitu behar diote. Tarifa arautuak dituztenek, berriz, igoera txikia nabarituko dute, elektrizitateagatik gutxiago ordaintzen baitute.

Orduan, hobe da tarifa arautura pasatzea?

Dena ez da albiste ona tarifa arautuak dituztenentzat. 2024an, tarifa hori kalkulatzeko metodologia berria estreinatu da. Orain arte bezain aldakorra izateari utziko dio: kostuaren %25 etorkizunean kontratatutako elektrizitatea izango da, merkatuak ordu bakoitzean adierazten duena gorabehera. Aldaketa ez da gehiegi nabarituko oraingoz, baina etorkizuneko merkatuen pisua pixkanaka handituko da fakturetan. 2025ean, %40koa izango da; eta 2026tik aurrera, %55ekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.