Iraileko aldapa are gogorragoa izan da aurten, eta, itxura guztien arabera, baliteke datozen hilabeteetan ere atsedenerako tarterik ez egotea. Hego Euskal Herrian prezioek gora egin dute beste behin: %3,5 batez beste, eta maiatzetik laugarren igoera da jarraian, INE Espainiako Estatistika Institutuak atzo argitaratutako datuen arabera. Kontuan hartzeko igoera da hori, hilabete bakarrean zortzi hamarren handitu baita KPI kontsumo prezioen indizea.
Alde positiboan, azpiko inflazioa, elikagai ez-elaboratuak eta produktu energetikoak kanpo uzten dituena: irailean %5,8era jaitsi da. Eta elikagaien saskia ere apur bat merkatu da. Dena den, iaz baino %9,5 garestiagoa da.
Energien prezioen igoerak eragin du inflazio orokorrak gora egin izana. Iazko irailean baino merkeago daude argindarra, gasa eta erregaiak. Bereziki, argindarra eta gasa: %27,6 merkeago. Hala ere, 7,3 puntu garestitu da abuztutik irailera, eta igoera handia da hori. Iaz, epe berean, 33,3 puntu jaitsi zen.
Erregaiek, berdin. Abuztutik irailera beste 3,2 puntu egin dute gora. Iaz, epe berean, 3,9 puntu merkatu ziren. Duela urtebete baino %0,8 merkeago daude. Hala, gutxika-gutxika iazko prezioetara hurbiltzen ari da. Uztailaren hasieratik, astez aste, garestitu egin dira gasolioa eta gasolina. Ekainaren amaieran, gasolinaren litroak batez beste 1,621 euro balio zuen, eta, atzo, 1,702 euroan zegoen. Dieselaren litroak, berriz, 1,462 euro balio zuen ekainaren amaieran, eta 1,679 euro ziren atzo.
Nazioartera begira
Elikagaien eta erregaien prezioak oso aldakorrak direnez, EBZ Europako Banku Zentralak azpiko inflazioaren bilakaera erabiltzen du erreferentzia moduan bere erabakiak hartzeko; bi ondasun horiek kontuan hartu gabe kalkulatzen da azpiko inflazioa. Irailean abuztuan baino bost hamarren gutxiago da, eta txikiena da 2022ko ekainetik; % 5,5ekoa izan zen, eta %5,8koa da orain. Albiste positiboa da hori.
Beherako joera, gainera, eurogunean ere gertatzen ari da. Eurostaten arabera, inflazioa bederatzi hamarren txikitu da abuztutik irailera. %4,3an dago orain, eta mailarik txikiena 2021eko urriaz geroztik. Hori kontuan hartuta, iraileko bileran EBZk iradoki zuen diruaren prezioa garestitzeari utziko ziola, AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak egin bezala.
Baina testuingurua aldatzen hasi da. Izan ere, energien merkatuan ezegonkortasuna handitu da asten asteetan. Eta baliteke Palestinako gerrak are gehiago asaldatzea prezioak. Horrekin batera, Espainiako Gobernuak energiarako laguntzak kentzea edo moldatzea aurreikusten du, defizitaren aurkako borrokari berriro heltzeko, besteak beste, Europako Batzordearen eta Nazioarteko Diru Funtsaren iradokizunei jarraituz. Gasaren eskaria ere gora egiten ari da, neguaren etorreraren ondorioz. Petrolio ekoizleek, halaber, murrizketak iragarri dituzte produkzioan.
Horrek guztiak baliteke energien prezioak garestitzea, eta, aurrekariek erakusten dutenez, litekeena da inflazio orokorrak gora egitea datozen hilabeteetan, eta horrekin batera hari aurre egiteko neurriak: banku zentralek interes tasa handiei eustea, nagusiki. AEBetako Erreserba Federalak hala egin dezakeen susmoa zabaldu da egunotan, herrialdeko inflazioa %0,4 handitu dela jakinarazi ostean.
Elikagaiak, apurka behera
Beste aldean, erosketa saskia dago. Lasaitua hartu du irailean. Eta Hego Euskal Herrian seigarren hilabetez jarraian behera egin du, baina jaitsiera erritmoa motela da oraindik: abuztutik irailera 0,3 puntuko jaitsiera. Dena den, iaz baino %9,5 garestiago daude elikagaiak.
Olioaren prezioaren igoerak ez du etenik, eta beste %8,3 garestitu da hilabete bakarrean. Iazko irailetik %39,3 garestiago dago; besteak beste, lehorteek produkzioan eragin dutelako. Olioarekin batera, azukrea da azken urtean gehien garestitu den beste elikagaia, baina azken hilabeteetan egonkortu egin da, eta igoerarik ez da izan azkenekoan. Hala ere, iaz baino %46,9 gehiago kostatzen da.
Abuztuko prezioekin alderatuta, elikagai hauek merkatua dira gehien: patatak (-%3) eta zerealak(-%2,7). Patatak, dena den, iaz baino %11,5 garestiago daude, eta zerealak, berriz, %7,8.
Izan ere, urte arteko konparazioan estatistika erakundeak biltzen dituen produktuetatik bakar bat ere ez da jaitsi Hego Euskal Herrian. Azukrearen eta olioaren atzetik, kafea garestitu da gehien: %12,3. Eta, jarraian, esnea: %12. Esnekiak, %6,1. Haragiei dagokienez, txerrikiaren prezioa igo da gehien: %8,5. Eta behikia eta hegazti haragia ,%3,4. Arrain freskoa ere nabarmen igo da: %7,6. Eta, antzera, frutak: %7,2. Lekaleak eta barazkiak, %6,4.
Edari alkoholdunen prezioak %7,5 igo dira. Antzera igo dira ostalaritza produktuak: %7. Uda honetan bereziki deigarria izan da zenbat igo diren pakete turistikoak: %21,4.
Inflazioak ez du atsedenik hartzen, energien prezioen garestitzeagatik
Hego Euskal Herrian gora egin du laugarren hilabetez jarraian. Elikagaien saskia apur bat merkatu da, baina iaz baino %9,5 garestiago dago. Azpiko inflazioaren beherako joera motela izaten ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu