Inflazioak gora egin du abuztuan ere, erregaien garestitzeak bultzatuta

INEk aurreratu duenez, prezioak oro har %4,3 igo dira Espainian, eta azpiko inflazioa %3an egonkortu da, baina kezka eragiten du oraindik.

Auto gidari bat, Nafarroako gasolindegi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Auto gidari bat, Nafarroako gasolindegi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko abuztuaren 28a
10:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prezioen gorakada ez da eten abuztuan. Hego Euskal Herriko datua oraindik plazaratu ez bada ere, INE Espainiako Estatistika Institutuak aurreratu du Espainian kontsumorako prezioen indizea (KPI) %4,3ra igo dela, eta, beraz, uztailean baino zazpi hamarren gehiagokoa dela. 2023ko otsailetik izandako tasarik handiena da hori.

Irailaren 15ean jakingo da Hego Euskal Herriko datuaren berri, eta orduan zehaztu ahal izango da, halaber, zer produktu eta zerbitzuren prezioek bultzatu duten igoera. Oraingoz, Espainiako aurrerapenak erreferentzia bat ematen du, inflazioak antzeko bilakaera izaten duelako batean eta bestean.

Abuztuko igoera, haatik, ez da ezustekoa izan. Azken hilabeteetan prezioen gorakada bizkortzen ari zen. Hego Euskal Herrian, KPIa %2,3koa izan zen urtarrilean, eta %3,7ra iritsi zen uztailean. Udan izaten ari da igoerarik handiena: sei hamarren egin zuen gora ekainetik uztailera. Espainian ere joera antzekoa izan zen, eta uztailetik abuztura beste zazpi hamarren handitu da.

Igoeraren eragile nagusia, INEren arabera, erregaien garestitzea izan da. Ez da berria: otsail amaieratik, Ormuzko itsasarteko gatazka hasi zenetik alegia, ezegonkortasuna nagusi izan da petrolioaren merkatuetan. Ekainean indarrean sartu zen AEBek eta Iranek adostutako su etena, baina hilabete eskas iraun zuen.

Gasolinaren eta gasolioaren prezioek eragin handia izan dute urte arteko tasan, besteak beste 2025eko abuztuan merkatu egin zirelako. Horren ondorioz, prezioen igoera handiagoa izan da aurten, urte arteko konparazioan.

Erregaien garestitzeari aurre egiteko haien gaineko zergak apaldu zituen martxoan Espainiako Gobernuak, baina ekainean, su-etenen ondorioz prezioak berriro jaitsi zirenean, laguntza horiek kentzen hasi zen. BEZa berriro %21era igo zuen, eta erregaien gaineko zerga bereziaren deskontuak progresiboki kentzen hasi zen. Horrela, uztailean hamabost zentimoko deskontua zena hamarrera igaro zen abuztuan, eta bostera pasatzekoa zen irailean. Hori gertatuko da gasolinaren kasuan, baina kontrakoa gertatuko da dieselean, abuztuan %15 baino gehiago garestitu delako, eta, horrenbestez, berriro deskontua hogei zentimora igoko duen klausula bat indarrean jarriko da.

Azpiko inflazioari adi

Energiaren prezioek inflazio orokorra bultzatu duten arren, gainerako produktuen eta zerbitzuen bilakaera bestelakoa izan da. Horren erakusgarri da azpiko inflazioaren bilakaera: Espainian %2,9ra jaitsi da abuztuan: uztailean baino hamarren bat gutxiago da hori. Adierazle horrek energia eta landu gabeko elikagaiak baztertzen ditu, halakoen prezioak aldakorragoak baitira.

Hego Euskal Herrian, azpiko inflazioak koska bat egin zuen gora uztailean, eta %3,02an kokatu. KPI orokorra baino zazpi hamarren beherago egon arren, adierazle hori %3 ingurura iristeak kezka piztu du.

Azpiko inflazioaren bilakaera ulertzeko, zerbitzuen prezioei erreparatu behar zaie. Horiek ez daude horren lotuta petrolioaren eta elektrizitatearen merkatuen gorabeherekin. Energiaren prezioak aldatzen direnean, KPIa azkar mugitzen da, eta beste horrenbeste gertatzen da behera egiten dutenean. Zerbitzuen prezioek gora egiten dutenean, berriz, inflazioaren joera iraunkorragoa izaten da, nekez egiten baitute berriro behera. Europako Banku Zentralak horregatik erreparatzen dio azpiko inflazioari interes tasak zehazteko orduan. EBZren helburua da inflazioa %2 inguruan egonkortzea epe ertainera, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen du azpiko inflazioari eustea.

Halaber, garrantzitsua izango da jakitea nolakoa izan den jakien prezioen bilakaera. INEk aurreratu du Espainian jakiek eta alkoholik gabeko edariek ere eragin dutela abuztuko inflazioan, baina erregaiek baino gutxiago. Irailaren 15ean jakingo da zehazki zenbat.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA