Inflazioak gora egin du aurten lehenengoz eurogunean, %2raino

Ekainean %0,1 igo da inflazioa aurreko urteko tasarekin alderatuta, eta EBZren helburura iritsi da, %2 baita.

Jaki freskoak izan dira euroguneko inflazioa igotzeko aldagaietako bat. ANGELES VISDOMINE / EFE
Jaki freskoak izan dira euroguneko inflazioa igotzeko aldagaietako bat. ANGELES VISDOMINE / EFE
2025eko uztailaren 1a
13:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasak zortzi aldiz jaitsi eta gero, hamarren bat egin du gora euroguneko inflazioak ekainean, aurten lehenengoz. Urtarrilean %2,5 izan zen urte arteko inflazioa, %2,3 otsailean, %2,2 martxoan eta apirilean, %1,9 maiatzean, eta orain %2raino igo da ekainean, batez ere zerbitzuen eta jaki freskoen prezioengatik.

Horrela, euroguneko prezioen igoera EBZren epe ertaineko helburuan kokatu da: %2ko hazkundea. Datu horiek xehatuz, elikagai freskoen prezioak izan du gorakadarik handiena joan den hilabetean (%4,6), maiatzean baino hiru hamarren gehiago, eta zerbitzuen sektoreak ere hamarren bat egin du gora, %3,3ko igoera izateraino. Energiaren prezioek, berriz, %2,7 egin dute behera; maiatzean %3,6ko jaitsiera izan zuten.

Arlo aldakorrenak (elikagaiak, energia...) kanpoan uzten dituen azpiko inflazioa %2,3 da orain ere; beraz, EBZren helburuaren gainetik, %2 baino gehiago denez gero.

Euroguneko herrialde nagusien artean, Italiak dauka inflaziorik txikiena, %1,7. Alemaniak euroguneko batez bestekoa du, %2, eta Espainian %2,2 da urte arteko tasa.

Egin dituen azken adierazpenetan, Christine Lagarde EBZko presidenteak adierazi du oraingo interes tasarekin euroa toki onean dagoela «egoera ziurgabeetan nabigatzeko», nahiz eta ohartarazi duen nazioarteko tentsioek arriskuak ekar ditzaketela Europako ekonomian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.