Irailetik urrira ez du aldaketarik izan KPI kontsumo prezioen indizeak Hego Euskal Herrian. Urte arteko tasan %0,5ean jarraitzen du: tasarik txikiena 2018ko urtarrilaz geroztik.
Urria, berez, nahiko hilabete inflazionista izan ohi da, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Prezioak urrian baino %1 handiagoak dira orain —aurreko bi urteetako igoera bera—. Aldaketa nagusia jantzietan eta oinetakoetan iritsi da, udazken eta negu sasoietako produktuak dendetan daudela. Horrela, Nafarroan %8 garestitu dira, eta %13,1 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Halaber garestitu dira elikagaiak: %1 Nafarroan, eta %1,8 Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan. INEk nabarmendu duenez, fruituen prezioa handitu egin da, eta barazkienak ez du aldaketarik izan.
Argindarra izan da urriko prezio igoeraren beste arrazoi bat, nahiz eta urte arteko tasan jaitsierak handiak izaten ari diren, iaz baino merkeago baitago.