INE Espainiako Estatistika Erakundeak iragarri du zenbatekoa izan den inflazioa apirilean Espainian: %3,8koa. Behin-behineko datua da, maiatzaren 12an emango du behin betikoa estatistika erakundeak. Normalean, hamarren bateko aldea egoten da asko jota. Era berean, zifra ez da berdina izaten Espainian eta Hego Euskal Herrian, baina aldea oso txikia izaten da. INEren arabera, azken hilabetean elikagaiak, alkoholik gabeko edariak eta antolatutako bidaiak garestitzeak eragin du inflazioaren igoera nagusiki.
EAJko ordezkariek azaldu dutenez, prezioen igoera «oso kezkagarria» da. «Estagflazio egoeran gaude. Ekonomia ez da ari hazten, eta inflazioa dago, eta horrek asko konplikatzen du egoera», esan dute Pedro Azpiazu eta Emilio Olabarria Kongresuko ekonomia gaietarako bozeramaileek. Haien esanetan, lehiakortasunaren galera da inflazioaren ondorioetako bat, «inguruko herrialdeetan langabezia tasak askoz baxuagoak direlako». Elkarrizketa politiko soziala «berreskuratzeko» eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Aitzitik, Jose Manuel Campa Espainiako Ekonomiako estatu idazkariak ukatu egin du estagflazio egoera iritsi dela. Ekonomia ahul baina hazten ari dela zehaztu du. Haren esanetan, ekainean edo uztailean egonkortuko da inflazioa, «BEZaren eta erregaien igoeraren ondorioak desagertzen direnean». Iazko uztailean BEZaren tasa orokorra %16tik %18ra igo zuen Espainiako Gobernuak.
Campak aitortu du Espainiako inflazioa «altua» dela euroguneko batez bestekoarekin konparatuta. Hain zuzen, Eurostat estatistika erakundeak atzo jakinarazi zuen euroa partekatzen duten herrialdeetan %2,8 garestitu direla prezioak urtebetean. Martxoan baino bi hamarren altuagoa da datua. Eurostatek ere baieztatu egin beharko du datua, martxoaren 16an.
Inflazioaren igoerak ez du etenik izan apirilean ere
EAJren arabera, «oso kezkagarria» da prezioen igoera, estagflazio egoera dakarrelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu