Inoiz baino hotel gehiago daude Euskal Herrian, eta hori zenbait protesta eragiten ari da turista gehien erakartzen dituzten hirietan eta herrietan, bertakoentzako etxebizitzak eta beste zerbitzu batzuk urritzen dituelakoan. Baina, ba al dago nahikoa bezerorik irekitzen ari diren ostatu horientzat? Baietz diote datuek, udan behintzat bete egin baitira.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak eman zituen atzoEustatek, eta horietan agertzen da abuztuan eskainitako geletatik %87,5 beteta egon zirela. Iaz baino bi puntu handiagoa da ehunekoa, eta Eustaten serie historikoko betetze mailarik handiena da. Abuztua da historikoki hotelek bezero gehien duten hilabetea.
Eskainitako oheei dagokienez, 2018an 2023an baino pixka bat gehiago bete ziren —%80,5 2018an, %80,3 aurten—, baina kontuan hartu behar da orduan baino eskaintza handiagoa dutela bisitariek: 17.842 ohe aurten, 15.446 ohe 2018an. Hau da, azken bost urteetan %15,5 handitu da eskaintza.
Eustaten arabera, bere eremuan 607 hotel establezimendu daude, iaz baino hamabi gehiago, eta 2018an baino 33 gehiago. Gipuzkoan daude hotel gehien (331), eta han ugaritu dira gehien azken bost urteetan (+24). Bizkaian 227 hotel daude (zazpi gehiago), eta Araban, berriz, 69 (bi gehiago).
Baina, hala ere, Bizkaia da bisitari gehien erakartzen duen lurraldea eta, batez beste, hotel handienak dituena. Abuztuan hiru lurraldeetan ostatu hartu zuten 411.372 bezeroetatik 190.784k Bizkaiko hotelak hautatu zituzten lotarako (%46,2), iaz baino %1,7 gehiagok.
Bezero gutxiago izan dituzte beste herrialdeek, baina haietan gehiago handitu da bisitari kopurua. 161.773 bezero izan dituzte Gipuzkoako hotelek (+%5), eta 58.815, berriz, Arabakoek (+%5,2).
Gorakada Donostian
Hiriburuen artean, Bilbok izan du bisitari gehien (127.792), eta ondoren Donostiak (97.836) eta Gasteizek (43.705). Baina, Eustatek datuak biltzen dituenetik, 2011tik, Donostian ia-ia bikoiztu egin dira hoteletako bezeroen kopuruak (+%86), eta hiri horretan dago zabalduen saturazioari buruzko ustea.
Edonola ere, Bilbon ere gorakada nabarmena izan dute ostatuetako sarrerek (+%62), eta Gasteizen ere gora egin du (+%35).
Hiru lurraldeetan luzatu egin da turisten egonaldia, eta batez beste 2,18 gaualdikoa izan da. Ez da, ordea, inoizko luzeena: 2011n eta 2016an 2,19 gau igaro zituzten hoteletako bezeroek.
Nafarroako datuak bihar ematekoa da Nastat.
Inoiz baino hotel gehiago, eta inoiz baino beteago
Abuztuan markak hautsi dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek: 411.372 bezero, %3,5 gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu