Txinaren 2.0 shocka

Txinarekin dantzan, baina ez haren doinuan

Japoniak, Vietnamek eta Asiako beste herrialde batzuek eutsi egin diete Txinarekin dituzten loturei; hala ere, hain mendeko ez izateko, hornitzaileen dibertsifikazioa azkartzen ari dira, industria estrategikoak indartzen, eta kateak berrantolatzen.

Urteberri txinatarraren ospakizuna, Yokohamako Chinatown auzoan. FRANCK ROBICHON / EFE
Urteberri txinatarraren ospakizuna, Yokohamako Chinatown auzoan. FRANCK ROBICHON / EFE
Josep Solano
Tokio
2026ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

Hogei urtez baino gehiagoz, Txinaren goraldiak hainbat aukera ekarri zizkien Asiako gainerako herrialdeei. Txinako merkatu erraldoiak inguruko herrialdeen esportazioak sustatu zituen, hango lantegiak nazioarteko ekoizpen kateetan integratu ziren, eta herrialdearen hazkundeak eskualdeko hazkunde ekonomikoa bultzatu zuen, neurri handi batean. Baina urte luzez globalizazioaren motortzat jo izan duten herrialde hori bera zalantza iturri bihurtu da. Ikusita Pekinen eta Washingtonen arteko etsaitasuna gero eta handiagoa dela, Txinak mineral estrategikoak kontrolatzen dituela eta tentsioak sortu direla merkataritza arloan, gobernu eta enpresa ugarik aztergai dute Txinarekiko mendekotasuna, nahiz eta orain dela gutxi arte ematen zuen gai hori ezin zela auzitan jarri.

Aldaketa hori Txinarekin muga egiten duten herrialdeetan sumatzen da batez ere: Japonia hornidura kateak berrantolatzen ari da arriskuak murrizteko, Vietnam bere lur arraroen erreserba erraldoiak ustiatzen saiatzen ari da industria teknologikoan garrantzia lortzeko, eta Asiako multinazional handi batzuk beste herrialde batzuetan banatzen ari dira beren ekoizpenaren parte bat.

Haietako inork ez ditu harremanak hautsi nahi munduko bigarren ekonomiarekin, haren mende baitaude oraindik ere merkatuak, inbertitzaileak eta hornitzaileak. Horrez ordez, hau da lehentasuna: Txinarekin negozioak egiten segitzea, baina harreman hori ahultasun estrategiko bilakatzeko arriskurik gabe.

«Txinak kontrol osoa du oinarrizko osagai batzuen gainean, eta horrek arriskuan jartzen du Japoniaren segurtasuna bera»

KAZUTO SUZUKI Tokioko Unibertsitateko Politika Publikoetako irakaslea

Izan ere, mendekotasun ekonomikoa segurtasun arazo bihur daiteke, eta Japonia izan zen hori ulertu zuen lehen herrialdeetako bat. Pandemiak, Errusiak Ukrainan abiatutako inbasioak eta batez ere Pekinek oinarrizko mineralen esportazioei ezarritako murrizketek azkartu egin zuten aspalditik antzematen hasia zen estrategia aldaketa. Japoniako Gobernuak industria jakin batzuk herrialdera itzultzea sustatu zuen, hornitzaile berriekin akordioak egitea bultzatu zuen, eta indartu egin zuen AEBekin, Australiarekin eta beste kide batzuekin hasitako elkarlana, bere hornidura kateak ez zitezen egon Txinaren erabakien mende halako neurri handian.

japonia-Txina
Txinako eta Japoniako Atzerri ministroen bilera bat, artxiboko irudi batean. EUGENE HISHIKO / EFE

Japoniaren erabakiak, baina, berrantolaketa industrial soila baino askoz ere aldaketa sakonagoa dakar, Tokioko Unibertsitateko Politika Publikoetako irakasle Kazuto Suzukiren arabera —segurtasun ekonomikoaren arloko aditu nagusietako bat ere bada Japonian—. «Mundu globalizatu batean, estatuek erabakita zeukaten merkatuetan esku ez hartzea, merkataritza librea eta desarautzea helburu zituztela. Gaur egun, ordea, aliantza berriak sortu dira hornidura kate erresilienteak lortzeko, eta horrek agerian utzi du nola ari garen eraldatzen postglobalizazioaren aroari aurre egiteko. Txinak kontrol osoa du oinarrizko osagai batzuen gainean, eta horrek arriskuan jartzen du Japoniaren segurtasuna bera».

Suzukiren hitzetan, lehentasuna orain ez da lehengaien hornidura bermatzea bakarrik, baizik eta Txinari nolabait galaraztea mendekotasun hori presio politikoa egiteko tresna gisa erabiltzea.

Txinan, Txinarako soilik

Japoniako enpresa handietara ere zabaldu da logika hori bera. Gutxik dute Txinako merkatutik ateratzeko asmoa, baina gero eta enpresa gehiago lanean ari dira beren ekoizpen osoa eten ez dadin krisi diplomatiko edo komertzialen bat piztuz gero. «Txina oinarrizko merkatua da oraindik ere, baina, hornitzaile globalak garen aldetik, gure hornidura katea modu ikusezinean banatuta dagoela bermatu behar izan dugu», azaldu du Norio Nakajimak, Murata Manufacturing enpresako presidenteak.

Multinazional hori osagai elektronikoen fabrikatzaile handienetako bat da munduan, eta zera erabaki du: Txinari saldu beharrekoa Txinan ekoiztea eta gainerako herrialdeei saldu beharrekoa Japoniako, Filipinetako eta Vietnamgo lantegietan ekoiztea. «Blokeo geopolitiko batek osagai elektronikoen ekoizpen osoa geldiaraziko luke, eta hori ezin dugu onartu, mundu osoko milioika gailuk funtzionatzen baitute haiei esker», laburbildu du.

«Vietnamek lur arraroen industria propioa garatu nahi du, eta nahi hori ez da ekonomikoa bakarrik: estrategikoa ere bada, argi eta garbi»

LE HONG HIEP Singapurreko Yushof Izak institutuko ikertzailea

Japonia Txinarekiko mendekotasuna murrizteko ahaleginetan ari da, eta Vietnam, berriz, garapenerako aukeren bila. Munduko lur arraroen bigarren erreserba handienak ditu, aurretik Txina soilik dagoela. Era berean, AEBek, Japoniak eta Europako Batasunak gero eta interes handiagoa dute industria teknologikoan funtsezkoak diren mineralen hornidura dibertsifikatzeko, eta interes hori baliatu nahi du Vietnamek. Hanoirentzat, kate globalak berrantolatzea orain ez da erronka geopolitiko hutsa: sektore estrategiko batean garrantzia lortzeko aukera ere bada.

«Vietnamek lur arraroen industria propioa garatu nahi du, eta nahi hori ez da ekonomikoa bakarrik: estrategikoa ere bada, argi eta garbi. Egoera oso azkar aldatzen ari da, mineral horien eskaria handitzen ari baita mundu osoan; gainera, herrialdeek beren merkatuak dibertsifikatu nahi dituzte, ez egoteko Pekinen horniduraren mende erabat», azaldu du Le Hong Hiepek, Singapurko ISEAS-Yushof Ishak Institutuko ikertzaileak.

Erronka, ordea, ez datza baliabide horiek eskuratzean bakarrik, ikertzailearen arabera. Zailena mineral horiek fintzea, prozesatzea eta balio erantsi handiko material bihurtzea da, eta Txinak abantaila handia du arlo horietan, urte askoko esperientzia baitauka.

VIETNAM-txina
Haurrak Txinaren eta Vietnamen banderak astintzen, Xi Jinpingek Hanoira iaz egindako bisitan. LUONG THAI LIHN / EFE

Vietnamgo egoerak ondo laburbiltzen du Asian sortzen hasi den oreka berria. Eskualdeko ezein herrialdek ez du Txina ordezkatzeko asmorik, ezta esportazioetarako oinarrizkoa den merkatu bati uko egitekoa ere. Aldaketaren funtsa, beraz, hau da: mendekotasuna murriztea, hornitzaileak dibertsifikatzea eta arriskuak banatzea. Lehen, globalizazioaren logika efizientzian oinarritzen zen guztiz; gaur egun, berriz, beste logika bat nagusitu da pixkanaka-pixkanaka, zeinaren arabera erresilientzia oso aktibo ekonomiko baliotsua bihurtu den, produkzio kostua bera bezain baliotsua.

Inbertsioetan ere, estrategia

Asiako enpresa teknologiko handienetako batzuk, hain justu, logika horretan oinarrituta ari dira aldatzen inbertsioei buruzko erabakiak. Urte luzez, kosturik txikienak eta hornidura katerik efizienteenak zituzten tokietan fabrikatzen zituzten salgaiak; hori zen lehentasuna. Gaur egun, aldatu egin da irizpidea. Enpresa batzuek erdieroaleen industriarako oinarrizkoak diren materialak ekoizten dituzte, eta haientzat gero eta garrantzitsuagoa da hornidura bermatzea, produkzio kostuak zenbait puntu murriztea baino are garrantzitsuagoa.

Horixe da, hain zuzen ere, Shin-Etsu Chemical enpresak darabilen estrategia. Siliziozko olatak eta mikrotxipen industriarako materialak ekoizten dituen konpainia handienetako bat da munduan, eta hauxe erabaki du: Japonian eta AEBetan gehiago inbertitzea, Txinan duen gaitasuna handitu beharrean. «Ezin da jakin lehengaiak eskuratzerik izango den ala ez, Txinak murrizketak ezarri baitizkie esportazioei, eta estatuak erabilera bikoitzeko mineralak kontrolatzen baititu. Gure enpresaren lehentasuna orain ez da lurrik edo eskulanik merkeena topatzea, baizik eta hornidura bermatzea erdieroaleak behar dituzten bezeroentzat», azaldu du enpresako bozeramaile batek. «Erresilientzia geografikoak gaina hartu dio kostuak berehala murrizteko helburuari».

Shin-Etsuren erabakia ez da hautu soila; aitzitik, Asiako herrialde askotara zabaldu den paradigma aldaketa bat islatzen du. Efizientzia garrantzitsua da oraindik ere, baina jada ez da irizpide bakarra. Gaur egun, merkataritzaren arloko tentsioak, zigorrak eta murrizketak gorabehera ekoizpenari eutsi ahal izatea faktore erabakigarria da lehiakor izateko, prezioa eta produktibitatea bezain garrantzitsua.

Globalizazioaren eraldaketa

30 urtez, Asiako herrialdeak Txinaren ekonomian integratu dira beren hazkunde ekonomikoa bultzatzeko. Gaur egun, baina, harreman hori beste fase batean sartu da. Pekin industriako sektore askoren merkaturik garrantzitsuena da oraindik ere, eta nagusitasuna du balio kate ugaritan. Nolanahi ere, gobernuek eta enpresek jada ez dituzte kostuak edo merkatuaren tamaina soilik kontuan hartzen erabakiak hartzeko. Krisi diplomatiko bat edo merkataritza gerra bat pizteak, edo Txinak esportazioei murrizketa gehiago ezartzeak eragin zuzena izango luke osagai estrategikoen horniduran, eta arrisku hori enpresen eguneroko kalkuluen parte da dagoeneko.

Bilakaera horrek ez du globalizazioaren bukaera ekarriko, haren eraldaketa baizik. Hornidura kateak orain ez dira diseinatzen efizientzia maximizatzeko bakarrik, eta beste irizpide batzuk gehitzen hasi dira: erredundantzia, dibertsifikazioa eta segurtasuna. Gaur egun, produktuak zenbait herrialdetan fabrikatzea, ordezko hornitzaileak izatea eta kostu handixeagoak onartzea ez da lehiakortasuna galtzea, egonkortasunean inbertitzea baizik.

Auziak Europari ere zuzenean eragiten dio. Urte batzuetan, Europako industriaren parte handi batek uste izan zuen interdependentzia ekonomikoak arrisku geopolitikoak murriztu eta merkataritza harreman egonkorrak sustatuko zituela. Asiako esperientziak, ordea, bestela dela erakutsi du. Urte luzez Txinaren eragin ekonomikoa izan duten herrialdeak hasiak dira industria politiketan segurtasun ekonomikoa txertatzen.

Ekonomia esportatzaileetarako —Euskal Herriko ekonomiarako, adibidez— bereziki garrantzitsua da aldaketa hori, oso integratuta baitaude nazioarteko balio kateetan. Kontua ez da Asian gehiago saltzea edo inbertitzaileak erakartzea bakarrik, baizik eta ulertzea nola aldatzen ari den sektorea, kontuan izanda oinarrizko mineralak, osagai elektronikoak eta teknologia estrategikoak eskuratzeko modua izateak ala ez izateak guztiz baldintzatu dezakeela lehiakortasuna, energiaren prezioak eta lan kostuek bezainbeste.

Japoniak, Vietnamek eta Asiako multinazional handiek ez dute Txinatik alde egiteko asmorik: oraindik ere beharrezkoak dituzte haren merkatua, industria gaitasuna eta hornitzaileetako asko. Mendekotasun horri erantzuteko modua, baina, aldatu egin da. Efizientzia jada ez da nahikoa bere horretan. Erresilientzia, dibertsifikazioa eta horniduraren segurtasuna garrantzi handiko aldagai ekonomikoak dira gaur egun.

Beharbada hori da China shock deituriko fenomenoak Asian izan duen ondorio nagusia. Mendebaldean, muga zergetan eta industria gaitasunean daukate jarrita arreta, eta, bitartean, Txina mugakide duten herrialdeek urteak daramatzate errealitate askoz ere konplexuago batera egokitzeko lanetan: Txina funtsezkoa da haien arrakasta ekonomikorako, baina inguruko herrialdeen ahulgarria ere izan liteke Txinaren gaitasun ekonomiko itzela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA