Interes tasa handiek %10,6 jaitsi zuten iaz etxebizitzen salmenta

Bankuek emandako hipotekak %16 gutxitu ziren iaz Hegoaldean. Prezioak, ordea, igotzen ari dira etengabe.

Higiezinen agentzia bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Higiezinen agentzia bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 22a
11:45
Entzun

Euroa sortu zenetik, 1999an, interes tasak ia inoiz baino handiagoak izan ziren 2023an, eta hori asko antzeman da etxebizitzaren merkatuan. Hamar etxetik bederatzi inguru hipoteka mailegu baten bitartez erosten dira, eta finantzaketaren garestitzeak salerosketa trabatzen du. Ondorioz, iaz salmenta jaitsi egin zen. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, iaz 27.218 etxebizitza salerosi ziren Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino 3.232 gutxiago (-%10,6). 

Are gehiago urritu ziren hipotekak: %16. Guztira, 27.766 izan ziren, 2022an baino 4.519 gutxiago. Halaber jaitsi zen bezeroek bankuei maileguan eskatutako dirua: batez beste 153.669 euro izan ziren, 2022an baino 1.158 euro gutxiago.

Hala ere, garestiago

Bizitegien salmentaren beherakada artean ez da prezioetan ikusi. INEk hemendik bi astera emango ditu 2023. urte amaierako datuak, baina hirugarren hiruhilekoan etxeen prezioa urtebete lehenago baino %7,6 handiagoa zen Nafarroan, eta %3,8 handiagoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bereziki garestitzen ari ziren etxe berriak —%13,7 eta %8,7, hurrenez hurren—, baina bigarren eskukoen prezioa ere gorantz egiten ari zen —%4,9 eta %2,7—.

Edonola ere, bigarren eskuko etxeen merkatuak kolpe handiagoa jaso zuen 2023an, salerosketak %12,6 jaitsi baitziren. Berrien salmentak, berriz, %2,2 apaldu ziren, baina kontuan hartu behar da horiek hamarretik bi inguru baizik ez direla izan azken urteetan. Etxebizitza merkatuak goia jo zuenean, 2017an, saldutako 35.732 etxebizitzetatik %47 izan ziren berriak.

Nafarroa izan da azken urteetan kopuru horretara hurbildu den bakarra: iaz saldutako etxebizitzen %36,5 izan ziren berriak. Beste hiru lurraldeetan %15 eta %17 artean dira.

-%19,7

Araban gutxitu zen gehien etxebizitzen salmenta joan den urtean: %19,7. Jaitsiera handia izan da Bizkaian ere (-%16,1), baina askoz apalagoa izan da Nafarroan (-%4) eta Gipuzkoan (-%2,3).

Alde handirik ez dago etxebizitza babestuen portzentajean. Gutxi izan ziren 2022an (%9,7), eta are gutxiago 2023an (%9,2). Eraikuntza enpresak kexu dira babes ofizialeko etxebizitzak ez direlako errentagarriak, horien truke administrazioek eskaintzen dutenarekin ezin dituztelako kostuak estali. 

Euriborra gora ETA GORA

Europako Banku Zentralak interes tasak jaisteari buruzko espektatibak hoztu ditu azken bileretan, eta horrek seko geratu zuen Euriborraren jaitsiera. %3,5erako bidean zegoela, berriro gorantz egiten aritu zen, eta gaur %3,7aren atarian geratu da. Otsaileko batez bestekoa, berriz, %3,66 ingurukoa izango dela espero da. Horrek merkatu egingo ditu sei hilean behin berritzen diren hipoteka maileguak (abuztuko batezbestekoa %4,073 izan zen), baina pixka bat garestituko ditu iazko otsaileko datuarekin eguneratu behar direnak (%3,534, iazko otsailean). EBZk martxoaren 7an du hurrengo bilera, eta hor esandakoek baldintzatuko dute indizearen joera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.