DIRU POLITIKA

Interes tasak igo ditu EBZk, baina ziklorik ez duela hasi ziurtatu du

Petrolioak inflazioari dakarzkion arriskuak «gauzatu aurretik», dirua garestitzea erabaki du Trichetek

Iker Aranburu.
DONOSTIA
2005eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Hogeita hamaika hilabete eta bi presidente behar izan ditu Europako Banku Zentralak azkenean interes tasa ofizialak mugitzeko. Puntu laurden bat igo zituen, %2tik %2,25era. Hainbeste itxaron izanagatik, neurriak aspaldiko eztabaida bizienak eragin zituen EBZko 18 gobernadoreen artean: bozketaren unean, guztiek aldeko botoa eman zuten, baina izan ziren bere hartan uztea defenditu zutenak, eta beste batzuek 0,50eko igoera eskatu zuten. Guztiak ados ziren, ordea, inflazio «arriskuak handiagoak» direla, eta «arriskuak gauzatu aurretik» jokatu behar zela.

EBZko gobernadoreen zalantzek agerian uzten dute atzo hartutako erabakiaren zailtasuna. Funtsean, inflazioaren kontrola eta ekonomiaren bultzada uztartzea ez delako erraza. Interes tasak igotzeak inflazioa kontrolatzen laguntzen du, baina aldi berean, baliteke ekonomiaren moteltzea ekartzea. Interesak baxu mantentzeak, berriz, kontsumoa bizkortzen du, eta horrek prezioen igoera ekarri ohi du.Jean Claude Trichet presidenteak ez dio EBZren sorrerako izpirituari muzin egin, eta inflazioaren kontrola lehenetsi du. Eta inflazioaren egokia %2an dagoela erabaki zutenez, bazuten ekiteko arrazoirik.

Petrolioarekin kezkatuta

Petrolioaren garestitzearen eraginez, irailean %2,6ra iritsi zen inflazioa Eurogunean; orduz gero erragaia zertxobait apaldu da eta azaroan, Eurostatek atzo aurreratu zuenez, %2,4ra jaitsi da. Arazoetako bat da petrolioa dolarretan ordaintzen dela, eta AEBetan interes tasak %4ra arte igo direnez, bilete berdeak inbertsiogileak erakarri eta ia %15 indartu dela aurten euroarekiko. Euro ahula ona da esportaziorako, baina asko garestitzen du erregaiaren inportazioa, eta hortaz, inflazioan eragina du.

Trichetek berriro argi utzi zuen kezkatuta dagoela petrolioarekin: «Prezioek gora egiteko arriskua dute, eta petrolioaren merkatuaren inguruko zalantzengatik da». Izan ere, erregaiak garesti jarraitzen badu, hainbat produktu eta zerbitzu garestituko dira, soldatek gora egingo dute eta horrek guztiakinflazio handia dakar. EBZk espero du 2006an %2,1 eta %2,3 artean egotea, eta %1,6 eta %2,6 artean 2007an.

«Politika erosoa»

Edonola ere, Trichetek azpimarratu nahi izan zuen atzoko igoerak ez duela zertan hurrengo hilabeteotan besterik ekarriko. Analistek ez diote gehiegi sinistu, eta datorren urtearen amaierarako %3 inguruko tasak espero dituzte. Horregatik handitu da, hein batean, mailegu hipotekarioak kalkulatzeko baliatzen den Euriborra.

Trichetek ukatu egin zuen atzoko igoerak hazkunde mugatuko duela. Eta hainbeste maite duen «diru politika erosoa» esapidea baliatu zuen, hau da, interes tasak txikiak direla, eta horregatik «jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorrera» sustatzen dutela.OCDEk eta NDFk datorren urtearen erdialdera arte itxaroteko eskatu zioten EBZri, ordurako ekonomia sendo izango zelakoan. Aurten %1,2 eta %1,6 artean haziko da, eta datorren urterako %1,4 eta %2,4 artekoa espero du. Pattal dabiltzan Euroguneko hiru ekonomia handiei Alemania, Frantzia eta Italia Eurogunearen ekonomiaren %68 ziren iazongi datorkie diru merkea, baina ez hainbeste bizkor hazten ari direnei Espainia, Irlanda eta Grezia, hiruak %3,5etik gora, eta EBZk horiei ere begiratu behar die. Hiru herrialde horietan eta beste askotan etxebizitzen merkatua eta mailegu hipotekarioak izugarri puztu dira azken urteotan. «Oso gertutik jarraitu behar dira etxebizitzen merkatuak», ohartu zuen Trichetek. EBZko buruak zehazki aipatu zuen M3 aldagaia asko handitu dela, hau da, diru likido asko dabilela, eta arriskutsu deritzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.