Ipar Euskal Herria, enpresa dentsitatean eta prestakuntzan aurretik

Gaindegiak nabarmendu duenez, Lapurdik du lan merkaturik dinamikoena Euskal Herri osoan.

Egurgintza sektoreko langile bat, Lapurdiko enpresa batean. GUILLLAUME FAUVEAU
Egurgintza sektoreko langile bat, Lapurdiko enpresa batean. GUILLLAUME FAUVEAU
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 16a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datuek ez dute beti errealitatea oso-osorik azaltzen, baina, batzuetan, norabideak eta joerak erakusten dituzte. Gaindegiaren arabera, Ipar Euskal Herria sendotu egin da ekonomikoki, eta hainbat adierazletan —enpresa dentsitatean, enpleguan eta prestakuntzan— Hego Euskal Herriaren aurretik jarri da.

Gaindegiak beste aro bat abiatu zuen iaz, eta, horrekin batera, Euskal Herriaren azken hogei urteetako argazki sozioekonomiko bat aurkeztu. Txosten hori Baionara eraman dute gaur, eta Ipar Euskal Herriko zenbait datutan jarri dute arreta.

(ID_15610937) (Nahia GARAT) Gaindegiaren agerraldia : Euskal Herri osoko egoera sozioekonomikoari buruzko estratistik txostenaren a...
Gaindegiako kideak, astearte honetan Baionan egindako agerraldian. NAHIA GARAT

Bereziki nabarmendu dute Lapurdik jauzi handia egin duela azken urteetan: han 123,9 enpresa daude mila biztanleko, eta Euskal Herriko lurraldeen artean hark du tasarik handiena. Ondoren datoz Nafarroa Beherea (90,2) eta Zuberoa (72,6). Hego Euskal Herrian, Gipuzkoak du tasarik handiena (77,8); Bizkaiak 75,2koa du, Arabak 71,9koa, eta Nafarroa da zerrendako azkena, 58,6ko tasa baitu.

Enpresen ugaritze erritmoa ere biziagoa izan da Iparraldean. 2014tik 2023ra, %55ekoa izan da igoera: 24.836 enpresa zeuden 2014an, eta 38.551 2023an. Aldi berean, Hego Euskal Herrian %44koa izan da igoera.

Hori bai, kopuru absolutuetan, Bizkaian daude oraindik ere enpresarik gehienak (86.338), alde handiz, gainera. Ondoren Gipuzkoa azaltzen da (56.241) eta jarraian Nafarroa (38.941). Zerrenda horretan, Lapurdi laugarrena da (34.569).

Ez edozein enpresa

Enpresen tamainari dagokionez ere badago aldea. Oro har, Ipar Euskal Herriko enpresak txikiagoak dira. Gutxienez langile bat eta gehienez hamabost dituztenetan ari dira langileen %62,5; Hego Euskal Herrian, berriz, %58,3. Enpresa ertainei erreparatuta, 20 eta 50 langile artekoei, langileen %17,3 ari dira halakoetan Ipar Euskal Herrian, eta 500 behargin baino gehiago dituztenetan, berriz, %10,9.

Horrekin batera, joera bat nabarmendu Gaindegiak. Iparraldean jarduera zientifiko, tekniko eta espezializatuko jarduerak dituzten enpresen kopurua duela hamar urte halako bi da ia: 3.408 enpresa ziren lehen, eta 7.323 orain. Sektore horrek hirugarren postutik lehenengora jauzi egin du pisu erlatiboari dagokionez. Behatokiaren ustez, horrek islatzen du Ipar Euskal Herriko ekonomia egitura modernizatu egin dela.

IZARBEL
Izarbel parke teknologikoa, Bidarten, Lapurdin. GAIZKA IROZ

Dena den, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako jarduera ekonomiko nagusia merkataritza, garraioa, ostalaritza eta gastronomia biltzen dituen multzoa da oraindik ere, eta 7.887 enpresa barne hartzen ditu. Industrian ere izan da goraldia —1.598tik 2.287ra—. Finantza eta aseguruen sektoreko enpresen kopurua ere bi halakotu egin da ia: 1.944 dira guztira. Higiezinen sektorea izan da atzera egin duen bakarra, eta halako 2.856 enpresa daude denera.

Enpleguan hobekuntza

Ipar Euskal Herriak enpresa dentsitate handiago izateak eragin zuzena du lan merkatuan, eta biztanleria aktiboaren eta langabezia tasaren bilakaeran islatzen da hori. Zuberoan ez, baina Ipar Euskal Herriko beste bi lurraldeetan gora egin dute bai biztanleria aktiboak bai okupatuen kopuruak. 2011n, 182.457 pertsona zeuden lanean, eta 2022an, 194.467. Lapurdiri dagokio ugaritze horren parterik handiena: 167.595 pertsona aktibo zenbatu zituzten 2022an, %8,3 gehiago.

Emakumeen eta gizonen arteko aldeei erreparatuz, igoera handiagoa izan da emakumeen artean. 2011tik 2022ra, emakumeen okupazio tasa %5,7 igo da Ipar Euskal Herrian, eta gizonena, berriz, %3,2.

Langabeziak 2016an jo zuen gailurra Ipar Euskal Herrian: %8,4ra iritsi zen, baina, 2022an, %7,4ra jaitsi. Nafarroa Behereak eta Zuberoak are tasa txikiagoak izan zituzten: %5,2 eta %5, hurrenez hurren. Hegoaldean, Gipuzkoak erregistratu zuen tasarik txikiena, %6,9koa, eta Nafarroak handiena, %10ekoa.

Lan merkatuaren dinamismo hori estuki lotuta dago hezkuntzarekin, Gaindegiak nabarmendu duenez. 2022an, Ipar Euskal Herriko biztanleen %55ek zituzten goi mailako ikasketak. Hego Euskal Herrian, berriz, %37 eta %44 artekoa da ehunekoa.

Aldi berean, oinarrizko titulaziorik gabeko biztanleen tasa %19,8koa da Iparraldean: hamar urtean, hamar puntu jaitsi da. Hegoaldean, portzentaje hori %35etik gora dago oraindik.

%41,9

Alokairuko etxebizitzak zenbat diren, ehunekotan. 

Txostenean beste aldagai sozioekonomiko batzuk ere konparatzen dira. Adibidez, etxebizitzarena: Ipar Euskal Herrian, parkea ia hiru halakotu egin da 1968tik 2022ra —zehazki, 216.000 zeuden 2022an—. Eta datu bat azpimarratzen da: alokairuan dauden pisuen portzentajea %41,9koa da; Hego Euskal Herrian, aldiz, %15,3koa.

 

Euskaldunen kopuruari dagokionez, azterlanean berretsi dute Ipar Euskal Herrian hiztunen kopuruak behera egin duela: biztanleen %33 ziren 1991n, eta %21 ziren 2022an. «Hego Euskal Herrian, berriz, euskara ezagutzeko joerak gora egin du», egileen esanetan.

 

Familia ereduari dagokionez, txostenean adierazi dute «eredu tradizionala» finkatu egin dela, guraso bakarrekoekin eta sexu bereko bikoteez osatutakoekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.