Ipar Euskal Herriko funtzio publikoak greba eginen du abenduaren 5ean, «gobernuaren erasoen eta murrizketen» kontra

Aurrekontu proiektuan Gizarte Segurantzak egin nahi dituen murriztearekin kexu agertu dira, eta bereziki eri dauden langileak hiru egunez ez ordaintzearekin.

Ipar Euskal Herriko sindikatuen manifestazioa iaz, erretreten erreformaren kontra eta erosahalmenaren alde, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ipar Euskal Herriko sindikatuen manifestazioa, iaz, erretreten erreformaren kontra eta erosahalmenaren alde, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko azaroaren 27a
17:40
Entzun

Ipar Euskal Herriko langile publikoek greba batekin erantzungo diete Frantziako aurrekontu proiektuan ikusten dituzten murrizketei. Abenduaren 5en izanen da, FO ez beste sindikatuen babesarekin, LABena barne. Funtzio publikoko hiru adarretako langileak daude deituta: estatukoak, lurraldekoak eta ospitalekoak, hala funtzionarioak nola kontratupekoak. 

Grebaren arrazoien eta erronken berri emateko prentsaurrekoa egin dute arratsalde honetan, Baionako lan burtsan. CGT eta FSU sindikatuetako kideak mintzatu dira, eta funtzio publikoari Frantziako Gobernuak egiten dizkion «erasoak eta politikarien mespretxua» salatu dituzte. Batez ere, Gizarte Segurantzak egin nahi duen eskubide murriztearekin kexu agertu dira.

2025eko Finantza Lege berria bozkatzen ari dira egun hauetan Frantziako Asanblean eta Senatuan. Eztabaidagai nagusietarik bat Gizarte Segurantzari eskainiko zaion buxeta da. Frantziako finantzak krisian dira, defizit publikoa %6ra iristekoa baita aurten, eta horri aurre egiteko zerga igoerak eta gastu murrizketak proposatu ditu Michel Barnier lehen ministroak.

 

 

Murrizketa horiek langileen lepora egitea gaitzetsi du FSU sindikatuko Barthelemy Mottayk. Zehazkiago, adierazi du hirura pasatu nahi dutela lan geldialdi bateko ordaindu gabeko egun kopurua —orain arte egun bakarra zen—. Lan geldialdiaren garaiko lansariari dagokionez, gainera, %90 besterik ez zaie ordainduko agenteei; orain arte %100 pagatua zen. Horiek hola, funtzio publikoko edonor eritzen bada, lan geldialdian eginen dituen hiru lehen egunak ez zaizkio ordainduko, eta ondokoak, berriz, %90.

Gurpil zoro bat

«Gaur egun, egun bateko garai ordaindu gabearekin, AHS batek —elbarrituak diren haurrak akonpainatzen dituena— 27 euro galtzen ditu bost egunez eri egoten bada, adibidez. Buxeta berriaren proposamenarekin, 120 euro galduko lituzke: hiru egun ordaingabe baitira, eta besteak %90 ordainduko baitira».

CGTkoek eta FSUkoek azpimarratu dute edonor eritzen dela ere «ez dela bere errua», eta, orduan, ez lukeela halako ondorioen pairatzerik. «Uko egiten diote estatuaren finantzak igotzeari aberatsenen zergak igoz, baina, funtzionarioen bizkarrez egiten ahal bada, orduan ez dute horrekin arazorik».

Luzerako aterabide bat ez dela gehitu dute gero, eta erran dute gurpil zoro bat besterik ez dela sortuko baldin eta jendeak eri izanagatik ere lanera joaten jarraitzen badu. CGTko Dominique Ponsek: «Ospitalean eta eskolan, batez ere, eritasunak oraino fiteago transmitituko dira». Hala, epe laburrean ez izanik ere, esplikatu dute jendea luzeago egonen dela eri, «arrisku psikosozialekin» noiztenka, eta, finean, nahiz %90ean, lan geldialdi gehiagoren ordaintzera bultzatuko dituztela. Gizarte bat eria funtsean, sendatzen ez dena, baina Mottayren ustez «eskuin muturra indartzeko balioko duena, azken hori indartsua baita zerbitzu publikoak ez direnean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.