Gipuzkoa Donostia Kutxari ere nabarmen murriztu zaizkio irabaziak 2010. urtearen lehen erdian: 41 milioiko etekina izan du, iaz epe berean baino %45,5 gutxiago. Murrizketa hori espero zuela azaldu du Kutxak, eta aurrekontuetan iragarritakoa betetzen ari dela azpimarratu du.
Kutxak agiri baten bitartez azaldu duenez, iazko lehen erdian aparteko diru sarrerak lortu zituen eta, hortaz, 2009 eta 2010eko datuak ez dira konparagarriak. Hori argudiatzeko, Kutxak gogorarazi du Kutxaren beraren irabazia (41 milioi) eta talde osoarena (41,1 milioi) ia berdinak direla. Aurten ere aparteko diru sarrerak lortzeko moduan dago Kutxa, Guipuzcoanon duen zatia (akzioen %14,9) Banco Sabadelli saltzeko asmoa baitauka udazkenean.
Irabazien jaitsieran zerikusia izan du interesen marjinak iaz baino %12 txikiagoak izan direla. Hala ere, Kutxak dio emaitza ona dela, aurrezki kutxen sektoreak %21ekoa izan zuelako urteko lehen hiru hilabeteotan.
Maileguen eskaera gutxitu den arren, kredituak «normaltasunez» ematen jarraitzen du Kutxak: iaztik hona utzitako diru kopuruak %1,7 egin du gora, 16.472 milioiraino. Etxebizitza erostekoak %3 handitu dira.
Hazten ari da maileguen berankortasuna ere. Kutxak arazoak ditu kredituen %3,04 bueltan jasotzeko. Duela hiru hilabete %2,83koa zen kopurua, eta %2,73koa duela urtebete. Kutxak berriro ere sektore osoarekin alderatu du, eta gogorarazi du %5,52koa zela apirilean.
Kaudimen sendoa
Gipuzkoako finantza erakunde nagusia ez da Santander eta beste banku handiek bultzatutako pasiboaren gerran sartu, eta ez du eskaini interes handiko gordailurik. Horren ondorioz, abendutik hona %3,1 gutxitu zaio kudeatzen duen dirua. Halako operazioetan sartzeko beharrik ez duela dio, «likidezia nabarmena» duelako. Kaudimen aldetik ere «buru-buruan» dago Kutxa: %13,04ko core kapitala dauka, eta %14,48ko kaudimen koefizientea. Estres azterketen arabera, «Espainiako finantza sisteman» hirugarrena da Kutxa, Banca Marchen eta BBKren atzetik.
Gizarte ekintzaren inbertsioari eusteko konpromisoa betetzen ari dela dio Kutxak, eta 28,6 milioi euro bideratu dituela horretara urtarriletik ekainera.
Irabazien %41eko jaitsiera «aurreikusitakoa» dela ziurtatu du Kutxak
'Pasiboaren gerran' sartu ez denez, kudeatzen dituen aurrezkiak %3,1 gutxitu zaizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu