Irizarrek lehen aldiz sartuko ditu bere autobus elektrikoak Herbehereetako garraio publikoan. Arriva Personenvervoer Netherlands operadorearekin sinatutako kontratuaren bidez, 39 autobus elektriko egingo ditu Ekialdeko Brabante eskualderako. Ibilgailuak 2026ko abenduan entregatzea aurreikusten du.
Eskaeran jasotakoaren arabera, hemezortzi autobus hamabi metrokoak izango dira, eta beste 21 unitateak, hemezortzi metroko autobus artikulatuak. 615 kWh-tik gorako edukiera duten bateriekin hornituta egongo dira. Autobus guztiak Irizar ie tram modelokoak dira. Autobus horiek konpainiak Adunan (Gipuzkoa) duen lantegian egiten dituzte oso-osorik. Bateriak ere Irizarrek garatu ditu.
Autobusak Tilburg eta ’s-Hertogenbosch hirietan erabiliko dira, gaitasun handiko BRT (Bus Rapid Transit) lineetan, maiztasun handiko zerbitzuetan. Irizar e-mobilityk azpimarratu du eskaera horren bidez Beneluxen duen presentzia indartu duela. «Merkatu estrategikotzat» dauka, eta han gehiago hedatzea nahi duela adierazi du.
Gaur egun Irizarrek ekoizten dituen hamar autobusetatik bat elektrikoa da. Horiek egiteko Adunako lantegia jarri zuen martxan 2018an. Taldeak bere ekoizpen gune nagusia Ormaiztegin dauka: han, hiriarteko autobusak eta distantzia luzekoak egiten dituzte. Horrez gain, beste 11 lantegi ditu Euskal Herritik kanpo: Marokon, Mexikon, Brasilen, Hegoafrikan eta Australian. Era berean, beste sei konpainia ditu: Alconza (motor elektrikoak), Datik (konektibitatea), Hispacold (klimatizazioa), Masats (ate elektrikoak) eta Jema (bateriak, potentzia elektronika) eta Creatio I+G zentroa.