Irla gisa jarduteko irakaspenak

Beste inoren menpeko ez izateko izan beharreko egiturez eta politikez jardun dute Ekonomialari Euskaldunen Biltzarrean. Demografiaren bilakaeraz, uraren «gobernantzaz» eta naturarekiko «harreman balioez» hausnartu dute hizlariek, besteak beste. Kasu praktikoak ere erakutsi dituzte.

Igor Etxabe Iruretagoiena, atzo, ekonomista euskaldunen topaketan, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
«Euskal Herria irla bat balitz eta eskura dituen baliabide naturalak erabili beharko balitu bizirauteko, zein izan beharko litzateke bere gehieneko populazioa?». Galdera kasik «probokatibo» hori plazaratu zuen Igor Etxabe Iruretagoiena EHUko irakasle eta ikerlariak atzo, Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarrean. Ez zuen kopuru jakinik eman, baina kolpetik eraitsi zuen hazkunde demografikoaren iritzi aski orokortua. Izan ere, zera defendatu zuen: ariketa hori egiteak bere horretan eskatzen duela beharrezkoa dela populazioari buruzko neurri batzuk hartzea. «Ezin diogu inolako mugarik gabe hazten utzi, baliabideak ere ezin ditugulako esponentzialki hazi».

Oinarrizko burujabetza ekonomikoaz jardun zuten UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Ekonomialari Euskal Elkargoak antolatutako topaketan. Gasteizen, Euskaltziandiaren egoitzan egin zuten, Napoleonen etxea deritzan eraikinean. Datu hori baliatu zuen atarikoan Oskar Arantzabal UEUko ekonomia arduradunak gogorarazteko Euskal Herriak ez duela erabakitzeko gaitasunik herri batentzat estrategikoak diren alorretan: «Inguratuta baino hesituta gaude, eta corralito-ak ez dira onak». Menpeko ez izateko egiturez eta politikez jabetzearen beharraz ohartarazi zuen: «Biltzar honen asmoa da abiapuntu izatea etxe berri baterako, hipotekarik eta corralito-rik gabe».

Bide horretan, Etxaberen arabera, ezinbestekoa da populazioaren eta baliabide naturalen arteko oreka bilatu eta «eraginkortasunez» kudeatzea. Izan ere,ohartarazi zuen azken urteetako jaiotza tasaren batez bestekoarekin jarraituz gero ezinezkoa izango litzatekeela irautea. «Bitarteko gutxiagorekin emaitza berdinak lortzeko moduak bilatu behar ditugu», esan zuen.

Horretarako, populazioaren hazkundea kontrolatzeko neurriak hartu behar direla nabarmendu zuen. Baina aurrez jaiotzari, heriotzari eta migrazioari buruz gogoeta egitea proposatu zuen, demografiari lotutako «mitoak eratsiz» eta «kontsumismo basatiaren atzaparretatik ihes» eginda betiere.

Edonola ere, Etxabek berak aitortu zuen iritzi orokorraren kontrakoa izan daitekeela bere diskurtsoa, hedabideek ez ezik, erakunde publikoek ere hizpide dutelako azkenaldian jaiotza tasa suspertzearen gaia, dela zenbait sektorek langile falta dutela esaten dutelako, dela pentsio sistemaren bideragarritasuna ezbaian jartzen dutelako. Bada, horri erantzunez, zera nabarmendu zuen Etxabek: «Gutxiago eta gutxiagorekin ere hobeto bizi gaitezke, eta horretaz ez da hitz egiten».

Naturari bizkar emanda

Uraren eta haren kudeaketaren inguruan jardun zuen Iñaki Antiguedad geologoak eta EHUko irakasleak. Kritiko azaldu zen urari buruz gizarteak duen heziketaz eta kulturaz; izan ere, adierazi zuen herritar gehienek uraren zikloaren eskema «sinplea» baino ez dutela ezagutzen: «Ur kultura bakoak gara; ez dakigu zer den uraren zikloa». Horregatik, okerreko erabakitzat jo zuen uraren kudeaketa soilik «mugitzen den ur horretara» mugatzea, hots, ibaietara eta urtegietara mugatzea. Antiguedadek gogorarazi zuen euria lurralde baten gainean egiten duela, eta, beraz, kudeaketa gainazal osoa kontuan hartuta egin behar dela: «Aldatu behar dugu ikuspegia».

Bada, uraren kudeaketaz baino uraren «gobernantzaz» hitz egiteko abagunea dela defendatu zuen. Izan ere, ohartarazi zuen klima aldaketak prezipitazioetan ez ezik, tenperaturaren igoeran ere eragingo duela, eta ohartarazi zuen horrek ur emarietan baino arazo larriagoak ekar ditzakeela uraren ziklo guztian. Edan baino gehiago, «jan» egiten dugulako ura, elikagaien bidez.

Ildo horretan mintzatu zen Unai Pascual BC3 eta Ikerbasqueko ikerlaria ere, klima aldaketaz eta bioaniztasunaren krisiaz hitz egitean. Gaitzetsi zuen gizartea naturarekiko «konexioa» pixkanaka galtzen ari dela, hari bizkarra emanda bizitzeraino. Horri egotzi zion, hain zuzen, egun munduak bizi duen «krisi ekosoziala»: natur balioen galerari. «Balioez hitz egiten dugunean harreman balioez hitz egin behar dugu. Ekonomiak sarri ez dio garrantzirik ematen horri, zaila delako kuantifikatzen. Baina natur kapitalarekiko dugun harremana islatzen du», esan zuen.

Pascualek gogora ekarri zuen ekonomia, gizartea eta ingurumena eskutik doazela, eta, beraz, sistema bera «errotik» aldatu ezean, ezinezkoa izango dela krisi hori gainditzea.

Errealitatetik egiten

Burujabetzarako bidean, egin beharrekoez gain, egiten ari direnez ere jardun zuten topaketan. Kasu praktikoak erakutsi zituzten, hain zuzen ere, bertatik eta bertarako egitea posible dela erakusteko. Euskal Laborantza Ganbera izan zen horietako bat. 2005an eratu zuten elkartea, lurraldetasuna oinarri hartuta, nekazaritza ekoizpen herrikoia eta irakunkorra lantzeko helburuarekin.

Energia Gara Nafarroa izan zen bestea, energia alorreko oligopolioen alternatiba gisa eratutako kooperatiba. Energia berriztagrriak eta kudeaketa demokratikoa ditu oinarri elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.