Irlanda EBren eta EBZren presioa jasaten ari da laguntza onar dezan

Portugalek ere dirua eskatzeko aukera handitzen ari dela aitortu du Portugalgo Finantza ministroak

Iker Aranburu.
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Irlandari eta Portugali dirua emateko aukera mahai gainean dutela bilduko dira gaur Bruselan euroaren eremuko 16 finantza ministroak. Irlandako Gobernuak ukatu egin du laguntza behar duela, baina gero eta presio handiagoa jasaten ari da dirua jaso dezan. Europako Batasunak ere dio inork ez duela laguntza eskatu, baina EBZk eta herrialde askok nahiko lukete Irlandak dirua onartzea, hartara finantza merkatuek lasai dezaten zor subiranoaren gaineko presioa. Atzo, ostiralean bezalaxe, jaitsi egin zen Irlandaren hamar urteko bonuaren interesa, %7,7ra arte.

Irlandaren egoera kutsatzearen biktima da Portugal. Financial Times egunkariari goizean egindako adierazpenetan, Finantza ministro Fernando Teixeira dos Santosek aitortu zuen laguntza jasotzeko «arriskua» handitzen ari dela, Irlandari buruzko zurrumurruak direla kausa. Adierazpenek izandako oihartzuna baretzen saiatu zen gero ministroa: «Eskaera ez da orain gertatuko, ez dago kontakturik, ez formalki, ezta informalki ere», esan zion Reutersi.

Ostiralaz geroztik, mikrofono bat aurrean jarri dieten bakoitzean salbamendurik behar ez dutela adierazi dute Irlandako Gobernuko ministroek eta Estatu idazkariek. Dublinek dio ekainera arte zorra eta interesak pagatzeko adina diru baduela. Gainera, gogorarazi du bere kontu publikoak orekatzeko bi neurri hartzear dituela. Batetik, abenduaren 7an aurrekontua beste 6.000 milioi eurotan gutxitzeko proposamena bozkatuko du. Bestetik, datozen lau urteotan beste 15.000 milioi euroko murrizketak egiteko plana aurkeztuko du, datorren astean ziur aski. Horiei esker, 2014rako defizita BPGaren %3ra jaitsi ahal izango dutela agindu dute.

Aurten defizita %32ra helduko da, batik bat Anglo Irish, AIB eta Bank of Ireland bankuak salbatzeko jarritako diruarengatik. Hain zuzen ere, banku horien egoerak nazioarteko laguntza eskatzera behartuko duela aipatzen ari dira hainbat hedabide, EBko iturriak aipatuta. Horien artean,Irish Independent egunkariak esan du Brian Lenihan Finantza ministroak bankuentzat dirua eskatuko duela, gaur eurotaldean, edo bihar Ecofinen.

Neurri hori oso begi onez ikusiko luke Europako Banku Zentralak, uneotan Irlandako bankuak hark uzten dien diruari esker ari baitira funtzionatzen. Baina «Irlandako bankuen arazo bakarra ez da likidezia, kapitala baizik», gogorarazi du Vitor Constancio EBZko lehendakariordeak. Hori konpontzeko Europako Egonkortasun Funtsa egokia dela gehitu du Constanciok. «Diru hori ezin zaie bankuei zuzenean eman, [...] baina gobernuek horretarako balia dezakete». EBZren Irlandari buruzko kezka da ezer bizkor egin ezean, udaberrikoa gerta daitekeela, hots, herrialde baten arazoa zenak -Greziarena orduan, Irlandarena orain-, euroa bera kili-kolo jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.