Isabel Bustok Adegi patronalaren presidente izateko hautagaitza iragarri du

Eduardo Junkeraren lekukoa hartuko du, agintaldia osorik amaitu eta gero. Bustok urtebetez gidatu zuen Confebask, 2022tik 2023ra.

ISABEL BUSTO
Isabel Busto Confebaskeko ekitaldi batean, 2022ko azaroan. ARITZ LOIOLA / FOKU
jokin sagarzazu
Donostia
2024ko martxoaren 21a
11:50
Entzun

Isabel Busto Zucchetti Spain software enpresako zuzendariorde donostiarrak Adegiko presidente izateko hautagaitza iragarri du, Eduardo Junkerari lekukoa hartzeko. Aukeratzen badute —eta ezustekoa izango litzateke beste hautagai bat aurkeztea, orain arteko joerari erreparatuta— , Gipuzkoako patronala zuzentzen duen lehen emakumea izango da. Adegi 1983an sortu zen, eta, orain arte, zortzi gizonezko izan dira lehendakari: Jose Maria Vizcaino, Baltasar Errazti, Roman Knorr, Miguel Lazpiur, Miguel Angel Lujua, Roberto Larrañaga, Pello Gibelalde eta Eduardo Zubiaurre.

Adegik adierazi du Bustok Kontseilu Errektorearen azken ohiko bileran eman duela bere asmoen berri. Patronalak maiatzaren 30ean egingo duen Batzar Nagusian hasiko du bere gobernu organoak berritzeko prozesua, eta orduan utziko du presidente kargua Junkerak, sei urteko agintaldia osorik amaitu ondoren, hiru urteko bi alditan banatuta.

Bustok Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, MBA Executive titulua lortu zuen Deustuko Unibertsitatean, eta doktorea da Enpresa Lehiakortasunean. Gaia teknologia elektronikoen eta informazioaren industrien klusterreko presidenteordea ere izan da, eta, gaur egun, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako gobernu organoetan parte hartzen du. Halaber, irakasle gonbidatu gisa aritu da Deustuko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko Tecnumen.

«Etxea» ezagutzen du

Eskarmentua du patronalaren zuzendaritza karguetan. Adegiko presidenteordea ere izan da, eta Confebask presidenteordea eta presidentea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresarien elkarteko buru izan zen urtebetez, 2022ko maiatzetik 2023kora, eta behin-behinean. Gaixotasun bat tarteko kargua utzi zuen Eduardo Zubiaurreren lekukoa hartu zuen, Adegiren ordezkari gisa, Gipuzkoako patronalaren txanda baitzen zuzendaritzan. Bizkaiko Tamara Yaguek ordezkatu zuen iaz. Patronaleko buru izan zenean gogor mintzatu zen sindikatuen jarreraren aurka, lan gatazkak bultzatzeagatik.

Bustok bere ibilbide profesionala 1988an hasi zuen I68 taldean, analista programatzaile gisa. Logistika eta berrikuntzarako teknologien arloko erantzukizun karguak hartu zituen. Eta 2015ean enpresako zuzendari nagusi eta kontseilari izendatu zuten, eta 2018an Administrazio Kontseiluko presidente.

1990eko hamarkadaren hasieran, enpresaren kapitalean sartu zen partaidetza txiki batekin, eta partaidetza hori nabarmen handitu zuen urte batzuk geroago, Zucchettik konpainia erosi zuen arte, 2018ko urrian.

Aukeratzeko sistema

Adegiko Batzar Nagusiak, presidenteaz gain, bere zuzendaritzako kideak berrituko ditu: bederatzi bokal patronaleko kide guztien artean aukeratuko dira; beste hamabi bokaletatik launa, enpresa txikiek —51 langile baino gutxiago dutenak—, ertainek —51 eta 250 artean— eta handiek —250etik gora—; eta gainerako hemezortzi bokalak, sektoreen arabera: hamar industriak, zazpi zerbitzuek eta bat eraikuntzak. 

Hautagaiak maiatzaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira. Presidente kargurako, 30 enpresaren abala aurkeztu beharko da, eta, Kontseilu Errektoreko kide izateko, bost enpresarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.