Gamesa eta Tubacexen ostean, ITP Aero. Hegazkinentzako motorrak eta osagaiak ekoizten dituen Bizkaiko enpresak ostegun honetan iragarri du bere lantaldearen %15 murriztuko duela, enplegua mantentzeko gaur egun indarrean dauden ezohiko neurriak amaitzen direnean, uda ostean.
ITP Rolls & Royce enpresaren jabetzakoa da ITP Aero, eta guztira 4.000 langile inguru ditu zazpi herrialdetan: neurriak seiehun laguni eragingo lieke. Taldeak ez du zehaztu neurriak nola eragingo dien Euskal Herrian dituen lau plantei, denak Bizkaikoak: Zamudiokoa, Deriokoa, Sestaokoa eta Barakaldokoa. 1.900 behargin inguru.
Taldeak zehaztu du ITPren kaleratzeek ez dutela lotura zuzenik Rolls-Royce taldeak maiatzaren 20an iragarritakoarekin. Horiek ere eragin dezakete Bizkaiko enpresan, bereziki ingeniari eta bulegoetako langileen artean.
«Atsekabetuta»
Doikuntza plana langileen ordezkariekin negoziatuko du enplegua babesteko planak amaitzen direnean —aldi baterako enplegu erregulazioak eta beste—, uda ostean, horiek ez badira gehiago luzatzen. Carlos Alzola ITPren zuzendariak ziurtatu duenez, «inpaktu soziala mugatzen eta lanpostuak ahal den neurrian babesten» saiatuko dira.
Ohar batean azaldu du neurri hori «atsekabe handiz» hartu behar izan dutela. Azpimarratu du hegazkingintzaren industria «inoizko krisirik handienean» dagoela koronabirusaren ondorioz. Azaldu du hegazkin motorren salmenta % 50 inguru jaitsi dela, eta beharrezkoa dela «egiturazko aldaketetara eta tamaina txikiagoko merkatu berri batera egokitzea».
«Krisia hasi zenetik, lan kargaren beherakada ahal den neurrian arintzeko neurriak lantzen aritu gara. Neurri horiek erabilgarriak izan dira epe laburrean enplegua babesteko, baina ez dira jasangarriak epe luzera. Gaur iragarritako kopurua ITP Aero enpresa indartsua eta lehiakorra izaten jarraitzeko epe ertainerako plan baten barruan dago», azaldu du Alzolak. Horren harira, adierazi du enpresak bere produktu eta zerbitzuen teknologian inbertitzen jarraituko duela.
Langileekin hitz egin gabe
Enpresaren jokamoldea salatu du ELA sindikatuak, langileek ez baitzuten neurriaren berri, eta azpimarratu du komunikabideei informazioa «filtratu» baino ordu batzuk lehenago jaso dutela. «Modus operandi hori lantaldean izua sortzeko interesen ondorio baino ez da».
ELAren ustez, zuzendaritzak oharrean aipatzen duen egoera «guztiz koiunturala» da; gogoratu ditu aurreko urteetan izandako irabaziak eta egindako inbertsioak, eta salatu du egungo testuingurua baliatu nahi duela «lan baldintzei eraso egiteko».