Gaur arratsaldean 62 urteko gizonezko bat hil da Iturmendin (Nafarroa). Zuhaitzak mozten ari zela, adar handi bat gainera erori zaio, eta zaurien ondorioz hil egin da.
Larrialdi zerbitzuek 16:07an jaso dute abisua. Larrialdi zerbitzuez gain, Altsasuko suhiltzaileak, erreskate talde teknikoa, Etxarri Aranazko mediku taldea, anbulantzia medikalizatu bat, erreskaterako helikoptero bat eta foruzain patruila bat ere bertaratu dira. Gizonezkoak zauri eta kolpe larriak zituenez, erabaki dute helikopteroz Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eramatea, baina bidean zela hil da. Ikerketa abiatu dute istripuaren nondik norakoak argitzeko.
LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuan hildako hirurogeigarren langilea da, baso lanetan hildako hirugarrena.
Gaur beste behargin bat ere hil da: aldirietako tren batek asteazkenean Zallan (Bizkaia) harrapaturiko furgonetako gidaria, hain zuzen ere. Ibarra auzoko tren geralekuan jazo zen ezbeharra, segurtasun hesirik gabeko pasabide batean. ELAk jakinarazi duenez, Amazonek paketeak banatzeko azpikontratatutako Gruso enpresarentzat lan egiten zuen. Sindikatuaren arabera, aurten Hego Euskal Herrian lanean ari zela hildako hamalaugarren garraiolaria da.
 
     
    