Itzalaldiak saihesteko, «energia eta telekomunikazio burujabeak» eskatu dituzte Goienerrek eta Izarkomek

Energia eta telekomunikazio ereduen inguruko «hausnarketa sakona» egitera deitu dituzte gizarte eragileak eta norbanakoak. 'Itzali sistema, piztu alternatibak' izeneko webgunean egongo da ekimenarekin bat egiteko aukera, bihartik aurrera.

Izarkom eta Goiener kooperatibetako kideak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Izarkom eta Goiener kooperatibetako kideak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 27a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela hilabete izandako argindar etenaldia berriro gerta ez dadin, Euskal Herriko energia eta telekomunikazio ereduen inguruko «hausnarketa sakona» egiteko beharra aldarrikatu dute Goiener eta Izarkom kooperatibek. Eztabaida hori «gizarte mailan» egin behar dela uste dute biek ala biek. Gauzak horrela, webgune bat sortu dute, gogoeta horretan parte hartu nahi duten eragileek eta norbanakoek izena eman dezaten.

Bihar beteko da hilabete itzalaldi batek ia Hego Euskal Herri osoa argindarrik gabe eta inkomunikatuta utzi zuenetik. Izarkom eta Goiener kooperatiben arabera, «inoiz baino konektatuago bizi garen honetan, inoiz baino menpekoak gara, eta multinazionalen esku dago gure beharrizanak asetzeko gaitasuna».

Maiatzaren 20an, Itzali sistema, piztu alternatibak izeneko manifestu kolektibo bat plazaratu zuten, «energia eta telekomunikazio burujabe eta jasangarrien alde». Bihartik aurrera harekin bat egiteko aukera egongo da.

«Energia eta Internet oinarrizko giza eskubideak dira, eta, tamalez, erabat barneratuta dugu enpresa pribatuen bidez zerbitzuok jasotzea»

IKER GARAIALDEIzarkom telekomunikazioko kooperatibako zuzendaria

«Apirilaren 28an konturatu ginen, berriz ere, zeinen mendeko eta zaurgarriak garen», aipatu du gaur Iker Garaialde Izarkom telekomunikazio kooperatibako zuzendariak: «Energia eta Internet oinarrizko giza eskubideak dira, eta, tamalez, erabat barneratuta dugu enpresa pribatuen bidez zerbitzuok jasotzea».

Baliabideak kolektibizatzea

«Azpiegitura kritikoak noren esku dauden eta nola funtzionatzen duten agerian utzi eta eztabaida irekitzea» beharrezkotzat jo du Erika Martinez Goiener energia kooperatibako presidenteak, eta gogoeta horretan parte hartzera deitu dituzte gizarte eragileak eta norbanakoak: «Herritarren parte hartzea eta indarra beharrezkoa da, egunerokoan baliatzen ditugun zerbitzuak ikuspegi kritiko batez aztertu eta kontsumo ohiturak eraldatzeko».

Gogoeta hori sustatzeko, ekainaren 19an hitzaldia egingo dute Goienerren Bilboko egoitzan, 18:00etan.

«Herritarrok, gizarte eragileok, erakunde publikook eta kooperatibok elkarrekin egin behar dugu bidea, trantsizio ekosoziala helburu, alternatiba sendoak eraikitzeko eta, bide batez, beste itzalaldi bat gertatzea eragozteko»

ERIKA MARTINEZGoiener energia kooperatibako presidentea

Garaialderen ustez, «baliabideak kolektibizatzea» da gaur egun dugun aukera, «boterea gutxi batzuen esku gera ez dadin eta erabilera arduratsua eta jasangarria bultzatzeko». «Herritarrok, gizarte eragileok, erakunde publikook eta kooperatibok elkarrekin egin behar dugu bidea, trantsizio ekosoziala helburu, alternatiba sendoak eraikitzeko eta, bide batez, beste itzalaldi bat gertatzea eragozteko», Martinezek gaineratu duenez.

Hain zuzen ere, «administrazioek azpiegitura eta banaketa publikoa bermatzen ez dituzten bitartean», enpresa egitura, kooperatiba eta sare komunitarioak sortu eta babestu beharra aldarrikatu dute Izarkomek eta Goienerrek.

Goienerrek eta Izarkomek agerraldia baliatu dute elkarlanerako bidean urrats sendoagoak ematen ari direla iragartzeko. Garaialderen hitzetan, «kooperatibek elkarren beharra dugu eraldaketa ekosozialaren bidean aurrera egiteko». Besteak beste, etorkizunean «zerbitzu bateratuak eskaini edo baliabideak elkarbanatzeko» aukerak aztertzen ari dira bi kooperatibak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.