Salmentak egin zituenean ez zuen debekurik urratu, eta azken bidalketa Espainiako Gobernuak enbargoa ezarri baino hiru hilabete lehenago egin zuen. Argudio hori erabili du Jose Antonio Jainaga Sidenor altzairu konpainiako presidenteak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Israeli altzairua saltzeagatik kontrabandoa egin izana eta gizateriaren aurkako delitu batean konplize izatea leporatuta deklaratu du gaur, Marco Pineda Sidenorreko zuzendari orokorrarekin eta Iñigo Molero zuzendari komertzialarekin batera.
Francisco de Jorge epaileak zabaldu du ikerketa, Sidenorrek Israel Military Industries (IMI) enpresari altzairua saltzeagatik. IMIk arma astun eta arinak ekoizten ditu, eta, epailearen ustez, Jainaga eta ikerketapean dauden beste buruzagiak «erabat jakitun» ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela. Hala ere, ez zioten salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari, eta ez zuten izenik eman dagokion erregistroan.
Sidenorreko buruek erantzun dute ez zeudela horretara behartuta. Adierazi dutenez, salmentak egin zirenean ez zegoen mugarik Israelekin merkataritzan aritzeko. Gainera, nabarmendu dute Sidenorrek bere kabuz utzi zituela bertan behera bidalketak 2025eko uztailean, Espainiako Gobernuak enbargoa ezarri baino hiru hilabete lehenago. Irailaren 23an egin zuen hori Madrilek, dekretu bidez.
Sidenorrek uztailaren 1ean eten zituen Israelekin zituen harreman komertzialak, eta hala jakinarazi zuen komunikabideetara bidalitako ohar batean. Hain zuzen, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalean kereila jarri zuen egun berean. Egun horretan 122 tona altzairu prest zeuden Bartzelonako portuan, Israelerantz itsasoratzeko.
Horrez gain, aurretik egindako operazio guztiak ere legezkoak direla azpimarratu dute epailearen aurrean. Azaldu dutenez, saldu duten altzairua ez da ageri Espainiako araudiko kontrol bereziko materialen zerrendan, ezta Europakoan ere —679/2014 errege dekretuan eta 821/2021 erregelamenduan, hurrenez hurren—, eta ez zen beharrezkoa inongo erregistrotan izena ematea edo baimena lortzea.
Arau horiek armamentuaren eta erabilera zibila zein militarra izan dezaketen materialen salmenta erregulatzen dute, eta zehaztu egiten dute zer altzairuk behar duen kontrol berezia. Hala ere, Sidenorrek dioenez, IMIri saldutako sorta bakar bat ere ez dator bat bi arauetan zehaztutako deskribapenarekin.
Horrez gain, gaineratu du konpainiak ez duela inoiz bestelako jakinarazpenik jaso salmenta horiek muga ditzakeen neurri bereziekin.
«Legezko» altzairua
Espainiako Poliziak epaileari bidalitako informazioaren arabera, 2023ko otsailetik Sidenorrek 42 aldiz bidali zion altzairua IMIri, guztira 4.587 tona, eta trukean 5,8 milioi euro jaso zituen. Sidenorrek azaldu duenez, urteko salmenten %0,2 baino gutxiago da hori.
Poliziaren txostenaren arabera, bidalketa horietatik 33 Gazako genozidioa hasi eta gero egin zituen, 2023ko azarotik aurrera. Lehen bidalketak pisu txikiagokoak izan ziren, 60.000 eta 70.000 kilo bitartekoak. Aldiz, 2025eko udaberrian Sidenorrek bidalitako zamak nabarmen handitu ziren: apirila eta ekaina bitartean egindako zazpi esportazioetatik lau 300.000 kilo baino handiagokoak izan ziren. Handiena azkenekoa izan zen, 363.906 kilokoa, enbargatuta geratu zena.
Horri buruz, Sidenorreko buruek Aduana Zaintzeko Zerbitzuko irailaren 10eko txosten bat aipatu dute, epailearen eskuetan dagoena; izan ere, txosten horrek baieztatuko luke altzairu hori ez zegoela kontrol bereziko materialen zerrendan. «Aleatu gabeko altzairu mota bat denez, ez du lotutako epigraferik, eta ez da hartzen erabilera zibila zein militarra izan dezakeen materialtzat, 821/2021 Europako erregelamenduak ezarritakoaren arabera».
Ikertuek epaileari esan diote enpresak «peritu txosten independente bat» aurkeztuko duela, IMIren eskaerak eta produktuen trazabilitatea egiaztatzeko eta saldutako altzairu guztia «legezkoa» zela frogatzeko.
Kereila jarri duen elkarteko abokatuak uste du Sidenorreko buruek «auzi administratibo batera mugatu» nahi dutela auzia. Baina gogoratu du ustezko kontrabando delituaz gain, Gazako genozidioarekin konplizitatea ere ikertzen ari dela epailea. «Sidenorrek esportatutako altzairua debekatutako esportazioen zerrendako ezaugarriak izan zein ez, argi dago zertarako erabili den».