Talgoren batzarra abenduaren 12an egingo dute

Zorra berriz finantzatzeko konpainiaren jabe berriek egin duten akordioa berretsi beharko dute akziodunek.

Talgoren bagoi batzuk, Bartzelonako portuan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Talgoren bagoi batzuk, Bartzelonako portuan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
jokin sagarzazu
2025eko azaroaren 12a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Antonio Jainagari epailearen aurrean deklaratzeko deia iritsi zaio azken urteetan egin duen operaziorik handiena lotzeko bilerak egiten ari zela. Denbora luzez negoziatzen aritu ondoren, aurreko astean itxi zuen Talgo tren konpainia eskuratzeko akordioa. Orain gainerako akziodunek berretsi beharko dute, eta jarri dute batzarrerako data: abenduaren 12a.

Operazioa aurrera doa, beraz, eta, Jainagaren hitzak irakurri ondotik, Mikel Jauregi Industria sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak «erabat inplikatuta» jarraitzen duela, eta «bi kontu diferente» direla auzibidea zein Talgo bereganatzeko akordioa. Dena den, Jainagari eskertu egin zion gobernuari idatziz azalpenak eman izana.  Bere ustez, balioko dute gaurdaino kaleratutako informazioak «osatzeko eta argitzeko». 

Zorra, kezka nagusi

Akziodunen kezka nagusia konpainiak duen zorra da, 460 milioi euro ingurukoa. Zor hori berriro finantzatzeko, bankuek baldintza modura jarri dute Talgok 150 milioi euro sartzea bere kapitalean. Eta horrek akziodunen batzarraren oniritzia behar du orain. Diru hori akziodun berriek jarriko dute.

Batetik, akzio berriak jaulkitzea onartu behar dute. Hori baliatuko du Espainiako Gobernuak SEPI sozietate publikoaren bidez konpainiaren %7,8 erosteko, 45 milioiren truke, akzio bakoitza 4,2 euro ordainduta, Sidenor buru duen taldeak ordainduko duen prezio berean. Horrekin batera, 30 milioi jarriko ditu akzio bihur daitekeen mailegu baten bidez.

Gauza bera egingo dute Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak eta BBKren eta Vitalen fundazioek, 75 milioi jarrita mailegu bihurgarrietan. Horrez gain, Talgoren akzioen %29,76 erosiko dizkiote Pegaso funtsari, 156,7 milioi euro ordainduta.

Zorra berriz finantzatzeko prozesuan, Espainiako Gobernuaren parte hartzea ezinbesteko baldintza izan da. Gainera, zor horren zati handi bat Renferentzako tren batzuk berandu entregatzeagatik Madrilek Talgori jarritako 116 milioi euroko isunari dagokio.

Eskari zorroa beteta

Zorra ifrentzua baldin bada, aurpegia eskari zorroa litzateke. Talgok inoizko lan kargarik handiena du, ia 5.000 milioi eurokoa, eta hurrengo hilabeteetan 7.000 milioira irits daiteke, besteak beste Alemaniako Flixt garraio operadorearentzat egingo dituen tren berriei esker.

Baina, bestalde, buruhausteak ere eragin diezazkioke, jada itota daukan ekoizpen katea are gehiago estutuko baitio. Talgo ezinean ari da trenak garaiz egiteko, eta atzerapenak izaten ari da hainbat eskaritan.

Horren erakusgarri dira aurtengo emaitzak. 2025eko lehen bederatzi hilabeteetakoak iazkoen azpitik egon dira, konpainiak aurreratu duenez —bihar emango ditu datu zehatzak—. Salmentetan %15 inguruko jaitsiera iragarri du, eta galerak izan ditu, 65,7 milioi eurorenak —iaz, epe berean, 14,6 milioiren irabaziak izan zituen—. Egoera horren arrazoi nagusia Alemaniako Deutsche Bahn konpainiarekin zuen kontratuaren murrizketa izan da, hasieran hitzartutako 79 trenetatik 60 egingo baititu azkenean, ekoizpen katean dituen arazoengatik.

Urtea, hala ere, zor txikiagoarekin amaitzea espero du: 350-370 milioi euro artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.