Jose Antonio Jainagak ez zuen itsuan aukeratu Azkoyen. Martxotik izan du Nafarroako konpainiaren kontuak eta egoera ekonomikoa barrutik aztertzeko aukera, eta hura erosteko eskaintza publikoa aurkeztu du aste honetan. Bada, emaitzek arrazoia ematen diote, neurri batean, interes horri: konpainiak hazten jarraitzen du. Baina beste zerbait ere erakusten dute: gero eta gehiago gastatzen ari dela hazkunde horri eusteko.
Azkoyenek 108,9 milioi euroko negozio bolumena izan zuen urteko lehen sei hilabeteetan, iaz baino %6,2 handiagoa. Mozkin garbia, aldiz, aurreko urtean baino ia %20 txikiagoa izan zen, 7,3 milioi eurokoa. Irabazi operatiboak ere behera egin zuen, %16,2.
Konpainiak berak eman du azalpena. Azken hilabeteetan baliabide gehiago jarri ditu bere egitura indartzeko: talde komertziala handitu, gaitasun teknologikoetan inbertitu, eta antolakuntza sendotu du. Hori dela eta, kostuak handitu egin dira, baina uste du ezinbesteko urratsa dela datozen urteetan ere hazteko. Aldi berean, nabarmendu du finantza egoera sendoa duela oraindik ere; zor garbia 13,3 milioi eurora jaitsi da.
Kontuak orain plazaratu izana ez da nolanahikoa. Ostiralean jakin zen Jose Antonio Jainagaren Ohmnia taldeak,Azkoyen erosteko eskaintza publikoa aurkeztu zuela. Akzio bakoitzeko hamar euro eskaini ditu, eta operazioak, aurrera ateraz gero, 244 milioi euroko balioa izango luke.
Informazio pribilegiatua
Eskaintza horren atzean, ordea, hilabeteetako lana dago. Azkoyenek jakinarazi duenez, martxoaren 30ean konfidentzialtasun akordio bat sinatu zuen Ohmniarekin, eta horren bidez aukera eman zion Ohmiari enpresaren egoera ekonomikoa eta juridikoa sakon aztertzeko. Hain zuzen ere, Jainagaren taldeak analisi horren ondoren erabaki zuen eskaintza aurkeztea.
Astelehenean beste urrats bat egin zuten prozesuan. Azkoyenen administrazio kontseiluak «adeitsutzat» jo zuen eskaintza. Horrek ez du esan nahi onartu duenik, baina bai negoziazioari atea ireki diola. Orain, kontseiluak bere iritzia helaraziko die akziodunei, eta haien esku egongo da azken erabakia.
Azkoyen industria talde bat da, duela 80 urte sortutakoa, eta ordainketa sistemak, sarrera kontrolerako teknologiak, eta hala kafe makinak nola salmenta automatikorakoak garatzen ditu; zortziehun langile inguru ditu, hirurehun Azkoiengo (Nafarroa) egoitza nagusian, eta ehun herrialde baino gehiagotan jarduten du. Iaz 211 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, bere historiako handiena.
Ohmniaren ustez, bere jarduerekin osagarriak dira Azkoyenen hiru negozio nagusiak, eta, erosketa aurrera ateraz gero, modua emango liokete nazioartean handitzeko. Operazioa gauzatzeko, gainera, BBKren, Kutxabanken eta Eusko Jaurlaritzaren babesa bildu du Ohmniak.