Abuztua bada ere, buru-belarri dabil lanean Maximilian Kotz klima aldaketan aditua (Ekialdeko Sussex, Erresuma Batua, 1996). Hainbat ikerketa argitaratu ditu azken egunotan Barcelona Supercomputing Centreko ikertzaileak, eta elikagai batzuen inflazioa eta klima aldaketak areagotutako muturreko eguraldi fenomenoak lotu dituenak zeresana eman du klima eta natura kontuak lantzen dituzten hedabideetan. Azaldu du aurrerantzean areagotu egingo direla halako bat-bateko prezio igoerak, eta nabarmendu du horiek sortutako gizarte arazoek ere gora egingo dutela.
Ikusi gehiago
Nola eragiten diote tenperatura beroek zelaien produktibitateari?
Behaketa ikerketa askok eman duten ebidentziak erakusten digu laboreek erantzun egiten dutela tenperatura aldaketak daudenean. Garbi dago laboreek nahiko ondo onartzen dituztela neurrizko tenperatura aldaketak, baina langa batzuk gainditzean, 30 gradurena esaterako, litekeena da zelaien produktibitatea asko kaltetzea, landareen ur eskarian eta hazkunde tasan aldaketak gertatzen direlako.
Aurreko ikerketa batean azaldu zenuten hilabeteetako batez besteko tenperaturaren igoera dela eragin handiena duen fenomenoa. Zergatik?
Ikusi dugu prezioek gogor erantzuten dutela hilabeteko batez besteko tenperaturan aldaketak daudenean. Gainera, arazoa areagotu egiten da, gero eta egun gehiagotan egiten baitu beroa. Beraz, jada bero egiten duen hilabeteetan are bero handiagoa egiten badu, egun gehiagotan daude laboreei kalte egiten dieten tenperaturak; horregatik igartzen dugu prezioak are gehiago garestitzen direla hilabete horietan.
Eta nola eragiten dute idorteek?
Idorteek ere eragina dute, noski; Espainian eta Italian zer gertatu den ikustea besterik ez dago. 2023an eta 2024an, oliba olioaren prezioan igoera esanguratsuak izan ziren Europan, Italiako eta Espainiako lehorteen eraginagatik. Ur defizit larria dagoenean, askoz zailagoa da laboreak haztea, batez ere bero egiten badu. Oliba olioari dagokionez, ekoizpenean murrizketa handiak ekarri zituen, eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka bat, eta horrek merkatuan prezioa handitzea eragin zuen.
«Garbi dago laboreek ondo onartzen dituztela neurrizko tenperatura aldaketak nahiko, baina langa batzuk gainditzean, litekeena da zelaien produktibitatea asko kaltetzea»
Elikagaien inflazioa dela eta, pobreziak gora egin duela iruditzen zaizue?
Ez dugu zuzenean ikertu, baina beste ikerketa batzuek adierazten dute elikagaiak garestitzen direnean nahikoa elikagai erosi ezin duten pertsona gehiago daudela. Erresuma Batuko Food Foundation erakundeak hori ikertu zuen. Demostratu zuen Erresuma Batuan, eta uste dut herrialde askotara zabaldu daitekeela, jakien inflazio handiko garaietan, herrialdeko familia txiroenek elikagaien gastua murriztu behar zutela; horrenbestez, behartuta zeuden jaki merkeagoak eta kalitate txarrekoak erostera, edo zuzenean jaki gutxiago erosi eta gosea pasatzera. Harrigarria da zenbaterainokoa den elikaduraren segurtasun gabezia.
Beraz, inflazioak aldaketak eragin ditu elikatzeko moduan?
Aipatutako analisietan oinarrituta, oso garbi dago elikagaien prezioak handitzen direnean familia pobreenek kalitate gutxiagoko jakiak erosten dituztela. Elikagai nutritiboenak garestiagoak izan ohi dira; hortaz, jendeak fruta eta barazki kontsumoa jaisten du, eta horrek arazoak sortzen ditu familien osasunean.
Zergatik du eragin handiagoa errenta txikiko familietan?
Familia pobreenek diru sarreren zati askoz handiagoa gastatzen dute jakiak erosteko. Beraz, prezioak garestitzean, pertsona horiek zailago dute diru gehiago gastatzea janaria erosteko. Diru gehiago dutenek errazago baztertu ditzakete beste gastu batzuk jakiak erosteko, baina txiroenek ez dute horretarako aukerarik.
«Diru gehiago dutenek errazago baztertu ditzakete beste gastu batzuk jakiak erosteko, baina txiroenek ez dute horretarako aukerarik»
Arazo globala dela diozue, baina berdin eragiten al du munduko leku guztietan?
Pentsa genezake herrialde aberatsek ez dutela arazo hori, baina ez da hala. Ikusi dugu orokorrean eragin handiagoa duela leku beroagoetan. Hegoaldeko Europan iparraldekoan baino arazo gehiago daude, edo Mexikon AEBetan baino gehiago, adibidez. Izan ere, leku horietan tenperaturak jada mutur batera iristen ari dira.
Uste duzu arazoa areagotu egingo dela datozen urteetan?
Garbi dago tenperaturek goranzko joerari eutsiko diotela, eta uste dugu aukera handiak daudela arazoa areagotzeko. Aurrerantzean, beroaldi gehiago eta gogorragoak izango ditugu tamalez, eta gure analisiek erakusten digute hori prezioetan eta merkatuan islatuko dela.
Egin al daiteke zerbait? Arrozaren krisia dela eta, Japonia arroz zelaiak handitzen ari da, adibidez.
Japoniako kasua oso berezia da, muturreko inflazioa gertatu baita herrialdean hain garrantzitsua den jaki batean. Ondorio garrantzitsuak izan ditu gainera. Baina garrantzitsuena zera da: berotegi efektuko gasak isurtzen segitzen dugun bitartean, tenperatura igo egingo dela. Beraz, ez dakit halako neurriak nahikoa izango diren.
Uste dut atzean dagoena analizatu behar dugula: gure isuriak eta horiek dituzten eraginak. Deigarriena da Japoniako Gobernuak arazoa onartu duela. Baina uste dut hori egin dutela batez ere arazo politiko handia bihurtu delako.