Behin prezioa merkatuta eta egonkortuta, oliba olioa prentsako titulu gutxitan aipatu da azken hilabeteotan, baina 2023. eta 2024. urteetan kezka handi izan zen Euskal Herriko etxe gehien-gehienetan, askok egunero erabiltzen baitute oliba olioa. Batez ere, lehorteak eragin zituen uzta txarrengatik garestitu zen urre likido esaten zaion hori, eta, hain justu, Europako hainbat unibertsitatetako ikerlariek antzeko beste hainbat kasu aztertu dituzte. Eta ondorioa argia da: klima larrialdiak muturreko fenomenoak —beroaldiak eta lehorteak bereziki— areagotu izanak jakin batzuk asko garestitzea eragin du 2022tik hona mundu osoan.
Ikusi gehiago
Ikerketa Environmental Research Letters aldizkari akademikoan argitaratu dute, eta Maximilian Kotz ikerlari eta ingurumen ekonomiko adituak zuzendu du; Alemaniako, Kataluniako eta Erresuma Batuko hainbat unibertsitate eta zentrotako zazpi ikerlarik parte hartu dute analisian.
Oliba olioaren prezioaren igoerak urtebete baino gehiago iraun zuen, 2022. urtearen amaieratik 2024.aren hasierara arte gutxi gorabehera, harik eta gutxinaka merkatzen hasi zen arte. Igoera horretaz gain, beste hamabost kasu ere ikertu dituzte adituek, eta nabarmendu dute arazoa globala dela, kontinente guztietan izan baitira garestitzeak. Gainera, egungo politikei eutsiz gero planetak berotzen jarraituko duenez, halako garestitzeak gero eta ohikoagoak bihurtuko dira, ondorioztatu dutenez.
DATUak
%30Barazkien garestitzea Txinan. Beroteengatik, Txinan %30 garestitu ziren barazkiak bi hilabete eskasean, 2024ko ekainetik abuztura.
%280Kakaoaren garestitzea nazioartean, 2024aren hasieran. Beroteek gogor jo zituzten Boli Kosta eta Ghana 2024an, eta horrek nabarmen eragin zion kakaoaren nazioarteko merkatuari, %280 garestitu baitzen hilabete gutxian. Ondoren ere garestitu eta garestitu jarraitu zuen, eta tonako 12.000 dolarretik gora ere ordaindu zen tarteren batean; hilabete batzuk lehenago, 2.500 dolar inguru pagatzen zen tonako.
%55Brasilgo kafearen garestitzea, 2024ko abuztuan. Lehorteek ere gogor eragin dute Lurreko hainbat eremutan, eta Brasilen, 2024ko lehorteengatik, %55 garestitu zen kafea. Brasil da munduko kafe ekoizle nagusia, alde handiz.
Beroaldiek eragindako krisiek Asia jo dute gogorren, eta munduko bi herrialde jendetsuenetan izan da kalterik: Indian, patatak %89 eta tipulak %81 garestitu ziren 2024. urtearen bigarren laurdenean. Bi jaki horiek oinarrizkoak dira Indian, are gehiago kontuan hartuta indiar asko begetarianoak direla —zenbait kalkuluren arabera, indiarren %23 eta %37 artean dira begetarianoak—. Txinan, bestalde, barazkiak %30 garestitu ziren 2024ko udan, eta, Hego Korean, aza %70 garestiago zegoen 2024ko irailean udako beroaldiaren ostean. Vietnamen, bi halakotu egin zen kafearen prezioa 2024ko udaren hasieran, otsailean ezohiko beroa izan zenez gero.
Japonian, arroza da elikaduraren oinarria, eta ia %50 garestitu zen iazko udazkenean; are, ohartarazi dute balitekeela datozen hilabeteetan garestitzen jarraitzea. Ekoizpena apaltzen ari da azken urteotan, eta arroz erreserbak ere gutxieneko historikoetan daude: 2013an hiru milioi tona zeuden pilatuta siloetan, eta orain, berriz, 1,3 milioi tona daude, AEBetako Nekazaritza Departamentuaren arabera. Arrozaren garestitzea lehen mailako arazo bihurtu da Japonian, eta Alderdi Liberalak besteak beste horregatik galdu zituen hemezortzi eserleku uztailean, goi ganberarako hauteskundeetan. Egoeraren larritasunaren erakusgarri, Japoniako Gobernuak arrozaren merkatuan esku hartu zuen maiatzean, prezioak kontrolatzen saiatzeko.

Euskal herritar askok erosketa egiterakoan nabarituko zuen moduan, kakaoaren nazioarteko merkatua jo dute gogorren lehorteek. Mundu zabaleko datuak kontuan hartuta, kakaoaren prezioa ia lehen halako lau zen ikerketa egin zuten garaian, eta igotzen jarraitu zuen hurrengo hilabeteetan: Boli Kostan eta Ghanan izandako beroteen ondorioz gertatu zen hori. Zehazki, beroaldiak erraztu egin zuen onddo baten hedapena, eta onddo hark uztaren parte handi bat hondatu zuen. Pandemiaren ostean 2.000 euroren bueltan zegoen kakao tonako prezioa, eta, 2024an, 12.000 dolarretik gorakoa ere izan zen: sei aldiz garestiagoa. Egun, 9.000 dolarren bueltan dago. Garai berean, Hegoafrikan, artoa %36 garestitu zen.
Lehortearen eragina
Brasilen, %55 garestitu zen kafea 2024ko abuztuan, 2023ko idorteak zirela eta. Gainera, Brasil munduko kafe ekoizlerik handiena izaki, mundu guztian nabaritu da askori goizak goxatzen dizkion fruitu horren garestitzea. Mexikon, berriz, %20 garestitu ziren frutak eta barazkiak iazko urtearen hasieran, eta AEBetako mendebaldean ere nabaritu zuten 2023ko lehorte hori poltsikoetan: barazkiak %80 garestitu ziren.
Europa hegoaldean, berriz, 2022ko euri eskasiaren eraginez %50 garestitu zen oliba olioa; izan ere, bi ekoizle handienei eragin zien gogorren, Espainiari eta Italiari. Etiopian, bestalde, jakien inflazioa %40koa ere izan zen 2023an, eta Indonesian, arroza %16 garestitu zen 2024aren hasieran.
Ikerlariek ohartarazi dute klima aldaketari lotutako jaki garestitzeak gero eta ohikoagoak izango direla, eta horrek kalte handiagoa egingo diela errentarik apalenekoei
Uholdeek ez diete horrenbesteko kalterik egin uztei, baina leku batzuetan izan dute eragina, halere. Pakistango landa eremuan %50 garestitu ziren jakiak 2022ko uholdeengatik, eta Australian urazaren prezioa lau halakotu egin zen (+%300) urte berean. Erresuma Batuan, %24 garestitu zen patata iazko urtearen hasieran, motibo beragatik.
Ikerlariek gogorarazi dute klima aldaketarekin lotutako prezio igoerek are gehiago nahas dezaketela elikagaien horniduraren katea, eta horrek errenta apalenekoei egingo diela kalte. Halaber, baliteke halako gertakarien ondorioz gero eta jende gehiagok jaki gutxiago erosteko erabakia hartzea, aukera merkeagoen alde egitea eta nutriente asko dituzten elikagaiak ez erostea, esaterako. Faktore horiek batuta, jakien prezioa garestitzeak areagotu egiten du osasun publikorako arriskua, ikertzaileek diotenez; izan ere, nabarmendu dute dietarekin lotutako gaixotasunak direla heriotza kausa nagusia. Oroitarazi dute arriskua dagoela prezioen igoerek asaldura soziala areagotzeko eta asaldura horrek alderdi ultraeskuindarrei eta populistei bultzada emateko.