Janarien prezioen igoerak munduko beste janari krisi bati zabaldu dio atea. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, janarien prezioen indizeak %6 egin du gora uztailean, ekainarekin alderatuta. Igoera hori, batez ere, laboreetan nabarmendu da, %17 garestitu baitira. Esaterako, gariaren eta sojaren prezioek 2007-2008ko janari krisian izandako prezioak gainditu dituzte. Datozen hilabeteetan ere bide beretik jarraituko dutela aurreikusi dute.
Hori hala, ohartarazpena egin du FAOk. Bereziki, AEBetako Gobernuari egin dio eskaera: bioerregaien produkzioa bertan behera utz dezala. Munduko bioerregai gehien ekoizten duen herrialdea dira AEBak. Erregai mota hori laboreekin egiten dute, hala nola artoa, garia eta soja erabiliz.
AEBetako legediaren arabera, labore horien uztaren %40 bioerregaiak ekoizteko erabili behar da. Horrek eta herrialdeko labore sailen egoera larriak beste gosete bat sortzeko kezka azaldu du FAOko zuzendari nagusi Jose Graziano da Silvak, Financial Times egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean.
Izan ere, azken 50 urteetako tenperatura eta lehorte handiena dute AEBetan. Horrek herrialdeko labore sailak kinka larrian jarri ditu, eta labore horiek garestitu egin dira. AEBetako Gobernuak jakinarazi duenez, herrialdeko sei artasorotik bat suntsitu dute tenperatura altuek, eta 2006tik izandako uzta txikiena izango dute aurten.
Hori horrela, labore horiek eskuratzeko aukera dezente zailduko da prezioen igoeragatik. Duela hilabete, 25,4 kg artogatik, 4,39 eta 5,20 euro arteko prezioa aurreikusi zuten; orain, berriz, kantitate beragatik laster 6,10 eta 7,23 euro ordaindu beharko direla uste dute. Horrek nazioartean ere badu eragina. Hori dela eta, erregai hori produzitzeari uzteko eta labore horiek pertsonak eta abereak elikatzeko eskaera egin dio FAOk.
Kezkatutako ahots gehiago
Ez du NBEk bakarrik egin ohartarazpena: AEBetako abeltzainak ere arduratuta daude abereentzako janariaren prezioen igoerarekin, eta Txinako, Indiako eta Frantziako gobernuak ere kezkaturik azaldu dira.
Egindako adierazpenarekin, 2007an eta 2008an izandako gosetea saihestu nahi du FAOk. Erregaien prezioen igoera geldiezinak, bioetanolaren gehiegizko kontsumoak, eguraldi aldakorrak eta politika murriztaileek eragin zuten orduan prezioak igotzea. Horrek munduko 30en bat herrialdetan protestak piztu zituen, herritarrak ez baitzuten jateko ia ezer. Era berean, iaz Afrikako adarrean izandako gosetearen ondorioak ere saihestu nahi ditu: 50.000 pertsona hil ziren.
AEBen jarrera
Lehortearengatik, artoa %23 garestitu da ekainetik uztailera AEBetan, FAOren indizearen arabera. Nolanahi ere, bioerregaiaren ekoizpenaren inguruan, Tom Vilsack AEBetako Nekazaritza idazkariak honako hau dio: «Bioerregai hori, inportatu beharrean, zati handi batean herrialdean egiten dugu, eta hori herrialdearentzat ona da».
Beste bi abantaila ere aipatu ditu: batetik, bioerregaien produkzioak gasolinaren prezioan «eragin ona» izan duela adierazi du, prezioa jaitsi delako, eta, bestetik, herrialdeko lanpostu asko bioerregaiaren industriari lotuta daudela dio, eta horregatik dela atzerriko bioerregaien menpekotasuna txikiagoa.
Hala, honako galdera hau egin du: «Hornikuntzaren inguruko kezkei erantzuten ari da merkatua? Erantzuna baiezkoa da». Erantzun hori esportazioen jaitsieretan eta etanolaren produkzioak izandako %10-30eko beherakadan oinarritu du. Produkzioa jaisten bada, labore gutxiago beharko dituzte. Horretan oinarritzen da AEBetako Gobernua fuel-olioaren produkzioa bertan behera utzi behar ez izateko.
Nolanahi ere, txiroenek jasango dute gehien laboreen prezio igoera. Izan ere, pobreak diren edo gorabidean dauden herrialde askotan labore horiek dira oinarrizko janaria. Horiek dituzte bizitzeko lehengai, eta egun duten prezioek goraka jarraitzen badute, galdu egingo dute orain arteko erosahalmena. Horrek gosetea sortuko du, eta munduko beste janari krisi bat eragingo du.
Janari krisiaren atarian
Bioerregaien produkzioa behin-behinean bertan behera uzteko eskatu die FAOk AEBei, munduko gosetea saihestekoUztailean laboreak %17 garestitu dira, eta bide beretik jarraituko dutela uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu