Jantokietako langileek ere izango dute beren mahaia

Hainbat saioren ondoren, sukalde kolektiboetako langileek EAErako lan hitzarmena negoziatu ahal izango dute azkenean. Jantoki publikoetan hitzarmen propioa dute, baina itunpekoetan, probintziako edo estatuko ostalaritzako itunak aplikatzen zaizkie.

Eskola bateko jantokia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Eskola bateko jantokia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko abuztuaren 1a
13:06
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez dakit zenbat urte daramatzagun hitzarmena lortu nahian». Andoni Alonso LABeko ordezkariaren hitzek erakusten dute aspaldikoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jantoki eta sukalde kolektiboetako langileentzat lan hitzarmen propioa lortzeko ahalegina. Baina saioa arrakasta izateko bidean da: irailaren 4an da osatzekoa EAEko negoziazio mahaia. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak eseriko dira alde batean, eta Euskadiko Ostalaritza Federazioa bestean. FEADRS sektore horretako Espainiako patronala mahaia eratzearen kontra dago.

Kolektibitateen sektoreak 11.000 langile inguru ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, horien ia erdiak (5.300) arlo pribatuan eta itunpekoan daude, probintziako edo estatuko ostalaritza itunaren menpe. Beste erdiak jantoki publikoetan aritzen dira, eta hor bestelakoa da egoera. «Eskola publikoetako jantokietan aritzen diren langileek hitzarmen propioa dute: EAEko kudeaketa zuzeneko hitzarmena. Enpresa edozein dela ere, itun hori aplikatu behar diete arlo publikoko langileei», azaldu du Mariluz Rodriguezek, ELA sindikatuaren kolektibitateetako ordezkariak. Alonsok gehitu du, soldatari dagokionez jantokietakoak parekatuta daudela departamentuko langile publikoekin.

Alonsok argi azaldu du negoziatuko den hitzarmenaren helburua: «Lan bera egiten duten langileek soldata bera jasotzea. Hau da, publikoan edo pribatuan lan egin, lan berbera eginez gero, langile guztiek soldata bera jasotzea eta lan baldintza berak izatea».

Bide beretik jo du Rodriguezek. «Sektorea erregulatzea nahi dugu, eta langile guztiek hitzarmen bera izatea. Horrela, ez litzateke desberdintasunik egongo probintziako hitzarmena eta estatuko hitzarmena dutenen artean. Hori da lehenengo helburua. Eta bestalde, baldintza berak nahi ditugu hala itunpeko sektorean nola publikoan lan egiten duten langileentzat. Zerbitzu bera ematen dute, eta baldintzak ez dira berak», azaldu du.

«Sektorea erregulatzea nahi dugu, eta langile guztiek hitzarmen bera izatea. Horrela, ez da desberdintasunik egongo probintziako hitzarmena eta estatuko hitzarmena dutenen artean»

MARILUZ RODRIGUEZELAko ordezkaria

Izan ere, kolektibitateen sektoreak langile mota asko biltzen ditu, azpikontratatutako langile ugari tartean, eta hortaz, hitzarmen, itun eta kontratu mota dezente biltzen dira. Alonsok adibide batzuk eman ditu, argitzeko zer langileri aplikatuko zaien ituna: «Ez dira bakarrik eskola publiko eta pribatuetako langileak; badaude ospitaleetako langileak ere, kafetegietan eta sukaldeetan aritzen diren azpikontratatutako langileak, garbiketaz arduratzen direnak, industria enpresetako jantokietakoak, zahar egoitzetakoak... Horiei ostalaritzako hitzarmena aplikatzen zaie oraingoz».

Enpresen jarrera

Ausolan da sektoreko enpresarik handiena, eta 1.500 langile inguru ditu. Baina, besteak beste, beste enpresa hauek ere aritzen dira sektorean: Gasca, Baska, Tamar, Sodexo, Eurest, Mediterranea, Serunion eta Aramark. Enpresa horietako gehien-gehienak Euskadiko Ostalaritza Federazioko kide dira.

Azken horrek behar besteko gehiengoa dauka negoziaziaori ofizialki ekiteko. «Nahiz eta Espainiako patronalak mahaian ez sinatu, hemengo patronalak du enpresen gehiengoa, eta mahaia eratuko du». Kostata bada ere Euskadiko Ostalaritza Federazioak azken hilabeteetan jarrera aldatu du, sindikatuek azaldu dutenez, eta enpresek esan dute mahaia eratzea dela asmoa.

«Nahiz eta Espainiako patronalak mahaian ez sinatu, hemengo patronalak du enpresen gehiengoa, eta mahaia eratuko du»

ANDONI ALONSO LABeko ordezkaria

Eta hori da lehen-lehen urratsa. Alonsok azaldu du asteleheneko bileran zela mahaia eratzekoa, baina ez zela egin udako oporraldiengatik. Hala ere, adierazi du patronalak hitza eman ziela sindikatuei, eta akta batean eta Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) sinatuta ere geratu zela konpromisoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.