Japonia 'burdinazko errezel' teknologiko bat altxatzen ari da

Tokiok handitu egin ditu hala sektore estrategikoetan jarritako kontrolak nola presio burokratikoa, eta horrek zalantza piztu du herrialdea gai izango ote den atzerritar talentudunak erakartzeko.

Robot bat hegazkin baterako kargari bultza egiten, robotika azoka batean, Chiba hirian, ekainaren hasieran. FRANCK ROBICHON / EFE
Robot bat hegazkin baterako kargari bultza egiten, robotika azoka batean, Chiba hirian, ekainaren hasieran. FRANCK ROBICHON / EFE
Josep Solano
Tokio
2026ko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Japoniak, politika aldatu, eta apustu argia egin du bere segurtasun ekonomikoa indartzearen alde teknologiaren sektore estrategikoetan, Txinarekin gero eta lehia geopolitiko handiagoa duen honetan, eta merkataritza globala zatikatzen ari den honetan. Tresna legal eta administratibo berriak erabiliz, Japoniako Gobernuak blindatu egin nahi ditu zenbait sektore, hala nola erdieroaleena, adimen artifizialarena eta bateriena, funtsezkotzat jotzen baitituzte herrialdea etorkizunean lehiakorra izan dadin. Nolanahi ere, enpresari batzuek mesfidantzaz hartu dute kontrolak zorrozteko politika hori, eta ohartarazi albo kalteak izango dituela ekonomia irekitzeko eta berrikuntza bultzatzeko orduan.

Praktikan, aldaketa horren ondorioz, zehatzago ikuskatuko dute nork duen eskura informazio delikatua, eta egiaztatze mekanismo zorrotzagoak jarriko dizkiete langileei eta enpresei.

Araudian ez zaio muga espliziturik ezarri nazioarteko kontratazioari, baina enpresa batzuek ohartarazi dute eginbehar burokratikoak gero eta bihurriagoak izatea —hasi bisa lortzeko prozesu gero eta motelagoekin, eta etengabeko auditoriekin bukatu— balazta moduko bat izan litekeela, zeharka bada ere, atzerritar talentudunak erakartzeko orduan. Zenbait adituk diotenez, fenomeno hori disuasio administratiboa egiteko modu bat da, hau da, ez du debekurik ezartzen, baina garestitu eta zaildu egiten du profesional garrantzitsu batzuk sektore teknologikoetan integratzea.

Politika aldaketa horren atzean, Segurtasun Ekonomikoko ministro Kimi Onoda dago. Onoda ahots erradikalenetako bat da Sanae Takaichiren gobernuaren alde kontserbadorean. Bere ministerioaren bitartez, segurtasun sistema jakin batzuk ezartzera bultzatu ditu enpresak: sistema horiek aztertzen dute ea informazio delikatua esku artean duten langileek baduten aurrekaririk edo nazioarteko loturarik.

kimi onoda
Kimi Onoda Japoniako Segurtasun ministroa, artxiboko irudi batean. FRANCK ROBICHON / EFE

Horren aldekoek diote filtrazioak eta espioitza industriala eragoztea dela helburua, baina lan erakunde eta aditu batzuek ohartarazi dute horrek berekin ekar dezakeela langile atzerritarrak neurriz gain zelatatzea eta zeharka estigmatizatzea, beren kide japoniarrei baino kontrol zorrotzagoa ezarriko dietenez gero.

Japonia ez da politika horrela gogortzen ari den herrialde bakarra. Azken hilabeteetan Europako Batzordeak berrindustrializazio agenda bat sustatu du, beste herrialde batzuen hain mendeko ez izateko sektore estrategikoetan, hala nola energian, teknologia garbietan eta auto elektrikoan. Proposamenen artean, hauxe: gutxieneko batzuk EBren barruan ekoitzi behar izatea, lizitazio eta laguntza publikoak eskura edukitzeko.

Estrategia horrek ika-mikak piztu ditu Txinarekin, haren ustez ekonomian diskriminazioa egiteko modu bat baita hori. Zeinek bere tresnak ditu, baina Tokio eta Brusela bat datoz diagnostikoan: nazioarteko egoera gero eta nahasiagoa delarik, beren balio kateak babestu beharra daukate, baita globalizazioaren azken hamarkadetako irekitasuna partez behintzat mugatu behar badute ere.

Galapago efektua

Teknologia are gehiago babestearen aldeko apustu horrek gogora ekarri du Galapago efektua izandakoa, XXI. mendearen hasieran Japoniako industriaren bilakaera baldintzatu zuen fenomenoa. Garai hartan, japoniarrek teknologia aurreratuak garatu zituzten, batez ere telefonia mugikorrean eta zerbitzu digitaletan, baina nazioarteko estandarretatik kanpo geratu ziren, eta, azkenerako, lehiakortasuna galdu zuten plataforma globalen aldean.

Biztanle kopuruaren beheraldia etengabea da Japonian, eta eskulan kualifikatua, gero eta urriagoa

Orain, zenbait adituk ohartarazi dute ezen, gehiegizko kontrolaren ondorioz, nazioarteko jakintza jariotik kanpo gera daitekeela Japoniako berrikuntza ekosistema, zertan-eta adimen artifizialaren eta erdieroaleen alorretan, nazioz gaindiko elkarlana funtsezkoa baita sektore horietan.

Dilema hori nabarmen-nabarmena da lan merkatuan. Biztanle kopuruaren beheraldia etengabea da Japonian, eta eskulan kualifikatua, gero eta urriagoa; beraz, enpresek kanpora jo behar dute talentudunen bila, lehiakortasunari eutsiko badiote. Prozedura administratiboak zorroztu direnez, eta araudiaren inguruko ziurgabetasuna handitu, gerta liteke Japoniak erakargarria izateari uztea atzerriko profesionalen begietan.

Kontraste hori bistakoa da zenbait sektoretan, hala nola ostalaritzan: gobernuak geldiarazi berri du langile atzerritarrei ziurtagiriak emateko prozesua, ezarritako gehieneko kopurura iritsi direlako, baina turismoa hobera egiten ari da eta estrukturala da langile falta. Horregatik, ekonomia blindatzeko estrategiak badu paradoxa bat sortzeko arriskua: sektore estrategiko batzuk babestu bai, baina aurrera egiteko behar dituzten giza baliabideei mugak jarrita.

Azken batean, segurtasuna babestearen eta zabalik egotearen arteko oreka zailean dabil Japonia. Teknologia aktibo estrategiko bihurtu den mundu honetan, kontrola gero eta handiagoa da, baina bakarturik geratzeko arriskua ere bai. Kontua ez da oraina babestea bakarrik, baizik eta etorkizunean berrikuntzarako gaitasuna ez mugatzea blindatze horren eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA