Badirudi Japonia bere buruaren kontra ari dela ekonomian: langile falta kronikoa du, baina gobernuak muga batzuk jarri dizkio atzerriko turismoari, eta zenbait lege aldaketa prestatzen ari da enpresa-kudeatzaile bisa lortzea zailago jartzeko. Gobernuaren neurri protekzionistek bat egin dute eskuin muturraren diskurtsoarekin, eta, gainera, baliteke berrikuntza eta nazioarteko kapitala uxatzea, noiz-eta ekonomiak haien premia handia duen honetan.
Langileen eskasia inon baino nabarmenagoa da osasun eta zaintza arloetan, 250.000 langile faltako bide zaizkio 2026rako. Sektore soziosanitarioak, gaur egun, nahitaezkoa du Filipinetako eta Vietnamgo langileak kontratatzea, Japonian ez baitago nahiko profesionalik, eta ospitaleetan ugaritzen ari dira gehiegizko lan kargak eragindako hutsegiteak: galdekatutako erizainen %62,7k adierazi zuten halakoren bat izan dela azken urtean.
Yena behea jota dago inoiz ez bezala, eta, beraz, herrialdeak kanpoko dibisen behar gorria du. Gauzak horrela daudela, Japonia arrunt erakargarria da turistentzat: 2024an, nazioarteko 36 milioi turista baino gehiago hartu zituen; 2025ean, gainditu egingo du errekor historiko hori, itxura guztien arabera. Herrialdea erakargarria da, hasi Kyototik eta Tokioraino, bere jaialdiekin eta paisaiekin, eta mundu osoko helmuga kutunetako bat da. Nolanahi ere, badirudi arrakasta horren ondorioz gobernuak mugak ezarri nahi dituela, nahiz eta horrek moteldu lezakeen funtsezko motor ekonomiko hori.

2025etik aurrera, martxan jarriko dute JESTA (bidaiatzea baimentzeko Japoniako sistema elektronikoa), Ameriketako Estatu Batuetako ESTAren antzeko galbahe bat: horren bitartez, orain arte bisarik behar ez zuten herrialdeetako bidaiariek aldez aurretik baimena eskuratu beharko dute Japonian sartzeko.
Horrekin batera, turismoa geldiarazteko neurri batzuk onartu dituzte: tasa turistikoak areagotzea —lehen halako hamar ordaindu beharko da Kyoton, non zergak 10.000 yen (65 bat euro) izango diren hoteleko gau bakoitzeko—, toki enblematikoetako sarbidea mugatzea, eta toki ikonikoetan ibiltzeko askatasuna murrizten duten deszentralizazio planak egitea. Kritikoen ustez, erabaki horiek kalte egingo diote Japoniako ekonomiari: bisitari gutxiago badaude, diru sarrerak ere gutxiago izango dira, baina, biztanleria zahartua dagoenez eta barne kontsumoa apala denez, herrialdea ez dago turismoari muzin egiteko moduan.
Turismoa geldiarazteko neurri batzuk onartu dituzte: tasa turistikoak areagotzea, toki enblematikoetako sarbidea mugatzea, eta toki ikonikoetan ibiltzeko askatasuna murrizten duten deszentralizazio planak egitea.
Bestalde, Japoniako Immigrazio Zerbitzuen Agentziak iragarri berri du ezen, 2027ko apiriletik aurrera, bizileku baimen iraunkorra ezeztatu ahal izango diotela zergak eta gizarte segurantzako kotizazioak nahita ordaindu gabe uzten dituenari, Immigrazioaren eta Errefuxiatuen Legearen erreformaren arabera. Araudia osatzeko, Immigrazio Zerbitzuen Agentzia irizpide zirriborro bat prestatzen ari da, zehatz-mehatz definitzeko zer den "nahita ez betetzea"; gida ofizial hori hurrengo udazkenean argitaratuko dute, tartean diren organizazioen ekarpenak jaso ondoren.
2024. urtearen amaiera aldean, 918.000 lagunek zuten bizileku baimen iraunkorra Japonian. Normalean, bertan bizitzen gutxienez hamar urte egin dituztenei ematen diete, epe horretan legeak ezarritako betebeharrak bete dituztenei; baimena aldian-aldian berritzeko prozesurik ez dagoenez, ohartu dira batzuek gero ez dituztela betetzen arlo fiskalaren eta gizarte segurantzaren arloko eginbideak. Neurri berriak kolokan jarriko du atzerritarren komunitatearen egonkortasuna, eta zenbait erronka praktiko ekarriko dizkie administrazioari eta kanpoko langileak dituzten enpresei.
Mugak atzerritarren enpresentzat
Gainera, 2025eko urriaz geroztik, ikaragarri zaildu da business manager izeneko bisa lortzea: bost milioi yenetik 30 milioi yenera igo dute eskatzen den gutxieneko kapitala; gutxienez lanaldi osoko langile bat kontratatu behar da bisa eskuratzeko, eta langileak herritar japoniarra edo aspalditik Japoniako biztanlea izan behar du; gainera, japonieraz jakin beharra dago, gutxieneko maila batean behintzat.
Horrekin batera, kudeaketaren arloko aholkulari baten bermea izan beharko du negozio planak —burtsako enpresen tamainakoak salbuetsita egongo dira—. Orain arte, nahikoa zen sozietatea eratzea, bost milioiko kapitala bazuela frogatzea edo lanaldi osoko bi langile kontratatzea. Bisak eskubidea ematen zuen bost urtez bertan bizitzeko eta gero berrituz joateko; araudi berriak, ordea, gogortu egin ditu bai eskakizun ekonomikoak eta bai eskakizun administratibo eta linguistikoak.
Ondorio praktikoak berehala igartzeko modukoak dira, eta larriak enpresak sortzeko ekosistemarako: lehen halako sei da orain behar den kapitala —horri gastu finko batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola aholkularitzari ordaindu beharrekoa, nominak eta hizkuntza prestakuntzako programak—; beraz, nabarmen handitu da hasierako kostua, eta bidea itxi zaie proiektu txiki askori eta berrikuntzan oinarritutako hainbati.

Segurtasun falta sortu die orain bisa dutenei eta haien familiei, eta baliteke beste bide batzuetara bultzatzea oraindik bisa ez dutenak eta inbertsiogileak; esaterako, beste bisa mota batzuk eskatuko dituzte, beste jurisdikzio batzuk aukeratu, edo, besterik gabe, amore emango dute. Kritikoek ohartarazi dute ezen, goi mailako ekintzaileak erakarri beharrean, arriskua dagoela erdiko klase ekintzailearen parterik handiena alde batera uzteko: ideiak eta esperientzia bai, baina dirutza handi-handirik ez dutenak. Beraz, baliteke horrek guztiak oztopoak jartzea Japoniak behar dituen berrikuntzari eta kanpoko inbertsioei.
Turismoa, immigrazioa eta bisak mugatuz, erretorika nazionalista baretu nahi dute, baina litekeena da kostu ekonomiko nabarmena izatea: jende talentuduna, inbertsioa eta dibisak uxatzea, denak ere beharrezkoak herrialdearentzat. Tokiok bidea zuzentzen ez badu eta neurri horiekin batera martxan jartzen ez badu erakartze eta atxikitze politika aktiborik, gerta liteke oraingo arazo demografikoa lehiakortasun krisi luze bilakatzea, Japoniak bere buruari inposatua.