Arroza Japoniako dietaren oinarria da, eta herrialdearen kultur sinbolo nagusietako bat, baina %90 garestitu da iazko aldean, eta horrek biziki kezkaturik dauzka kontsumitzaileak eta merkatariak. Aspaldiko partez, arrozez urri dabiltza Japonia guztiko supermerkatuetan eta jatetxeetan. Faktore klimatiko, sozial, demografiko eta politikoz osaturiko ekaitz perfektu batean, krisia piztu da, eta arriskuan da tradizioaren, autosufizientziaren eta globalizazioaren arteko oreka.
Munduko arroz ekoizleetatik hamargarrena da Japonia, 10,36 milioi tona produzitzen baititu urtean, baina arazoak sortu zaizkio bere burua hornitzeko. 2023ko uztari kalte egin zioten tenperaturek, muturrekoak izan baitziren: askoz arroz gutxiago bildu zuten, eta askoz kaskarragoa. Horren ondorioz, arroz integral gehiago erabili behar izan zuten arroz zuri prozesatua ekoizteko, erreserbei puska handiagoa kenduta.
Aldi berean, eskaria izugarri handitu zen jatetxeen sektorea suspertzen ari zelako, nazioarteko turistak hartzen ari zirelako berriz, eta atzerritik berriki iritsitako biztanleak sekula baino gehiago zirelako —haietako asko, arroza funtsezkoa den kulturetatik etorriak—.

Paradoxa bat sortu zen: inflazioak gogor jo zituen oinarrizko produktu asko, baina arroza lehengo prezioan zegoen, eta, beraz, erakargarria zen kontsumitzaileentzat. Horrek, ordea, erosketa masiboak eragin zituen, eta jendea etxean arroza gordetzen hasi zen erruz, batez ere iazko abuztuan, Nankaiko itsas hobian alerta izan zenean lurrikaragatik.
Ondorioz, eskasia puntual bat sortu zen, eta inflazio soka luze bat. Halako merkatu estu batean, nahikoa da ekoizpena %2,7 aldatzea —lau arroz ale egunean biztanleko— banaketa kate guztia desorekatzeko eta leku guztietan prezioa igotzeko.
Hornidura katea oso konplexua denez, are gehiago larritu da krisia. Nahiz eta nekazari gehienek lehengo sistema erabiltzen segitzen duten beren produkzioa saltzeko —Japoniako Nekazari Kooperatibak (JA) kudeatzen du sistema hori—, gero eta gehiago dira beste bide batzuk eta sareko plataformak erabiltzen dituztenak. Dibertsifikazio horrek zaildu egin du inbentarioak eta prezioak kontrolatzeko lana, eta halaxe aitortu zuen Japoniako Kooperatiben Federazioko goi kargudun batek, Masayuki Kanamorik.
«Aurretik ezin zen jakin halako arroz eskasia izango zenik», kontatu du Kanamorik. «Atzera begiratu, eta ustekabean harrapatu gaitu: zur eta lur gaude». Hark esandakoak agerian utzi du gehien erregulatutako sektoreetako batek ere ezin izan duela aurretik ikusi zer ondorio izango zituen hau guztia batera gertatzeak: klima aldaketa, pandemiaren ondorengo susperraldia, kontsumitzaileen portaeren gorabeherak eta biztanle atzerritarrek kontsumoan eragindako goraldia.
Txantxak eta dimisioak
Politikan ere ondorioak izan ditu arroz urritasunaren ondorioz gizartean piztutako tentsioak. Maiatzaren 21ean, Nekazaritza ministroak, Taku Etok, dimisioa eman zuen, kargua hartu eta sei hilabete eskasera, sumin handia piztu zuelako gizartean: izan ere, brometan ibili zen esanez ez duela sekula arrozik erosten jarraitzaileek opari ematen diotelako. Horrek guztiak kezka zabaldu du herritar askoren artean, landa aldean batik bat, PLDren hautesleak egon ohi diren tokietan.
Arroza oso urritua zegoenez, lekuz kanpoko burlatzat jo zituzten Nekazaritza ministroaren hitzak. Halako irristadak ez dira bakanak Japoniako politikan, baina herritarrek berehalaxe erantzun dute oraingo honetan: arroza funtsezkoa da japoniarren eguneroko bizimoduan, eta haren krisiak eragindako egonezina kontra etorri zaio gobernuari.

Baliteke arrozaren krisiak ondorio nabarmenak izatea hauteskundeetan, nahiz eta ministroak dimisioa eman duen. Japoniako lehen ministroak, Shigeru Ishibak, ahaleginak egin ditu krisia modu diskretuan kudeatzeko, baina hauteskundeak uztailean egitekoak dira, eta haren ospe indizea behera eta behera ari da, inoiz baino gehiago: %21.
Beraz, aspaldiko jokalekurik okerrena du gobernuak. Arroz eskasia da hauteskunde kanpainako gai nagusietako bat, eta gobernuko koalizioa lehendik ere nahiko ahulduta dabil, 2024ko urrian gehiengoa galdu zuelako behe ganberan. Hauteskundeetan beste kolpe gogor bat hartzeko arriskuan daude Ishiba eta haren gobernu kontserbadorea.