Jaurlaritza prest azaldu da Uvescoren erosketan «laguntzeko»

Tokiko inbertsiogile talde batek 730 milioi euroko eskaintza bat adostu du konpainiaren %70 eskuratzeko.

Andre bat taldeko BM supermerkatu batean, Arrasaten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Andre bat taldeko BM supermerkatu batean, Arrasaten. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko azaroaren 11
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uvesco taldea —BM eta Super Amara supermerkatuen jabea— Euskal Herrian errotzeko operazioak aurrera jarraitzen du. 2021. urtetik Frantziako PAI Partners funtsa da konpainiaren akzioen %70en jabea, baina saltzeko asmoa du, eta zati hori erosteko kapitala mobilizatzen ari da Euskal Herrian. Kontsortzio bat ere sortu dute horretarako, Angel Jareño Uvescoren egungo kontseilari ordezkaria buru duena, eta 700 milioi euroko eskaintza bat itxi berri dute.

Eusko Jaurlaritza oso gertutik erreparatzen ari zaio prozesu horri. Talde horrekin harremanetan dago, eta mugimendu guztien berri jasotzen ari da. Hala berretsi du astearte honetan Noel d’Anjou Finantza eta Ogasun sailburuak, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. «Positibotzat» jo du operazioa, baina «diskrezioa» eskatu du. Adierazi du «hasierako fase batean» dagoela eta balitekeela «prozesu luzea» izatea.

Ez du zehaztu Jaurlaritzak bere finantza tresnaren baten bidez operazioan parte hartzeko asmorik duen ala ez, eta parte hartuko balu nola egingo lukeen, baina adierazi du prest dagoela «edozein modutan» operazioa «errazteko eta laguntzeko».

Iaztik, PAI Partnersek bere zatia saltzeko asmoa agertu zuenetik, Jaurlaritza lanean aritu da tokiko kapitala mobilizatzeko. Helburu hori dauka, besteak beste, berak bultzatuta martxoan aurkeztu zuten Euskal Finantza Aliantzak. Hor biltzen diren finantza erakundeekiko elkarlana «fruituak» ematen ari dela nabarmendu du D’Anjouk. «Beti da positiboa nazioarteko funts bat euskal enpresa batetik irteten denean bertako kapitala mobilizatzea eta bat egitea».

Geroa erakundea, kanpoan

Uvesco erosteko operazioan, Angel Jareño egungo zuzendari nagusiarekin batera daude Indar Kutxabanken inbertsio tresna, Artizarra fundazioaren Stellum Food & Tech funtsa, eta Donostiako Inveready. Azken bi horiek jada akziodun dira Uvescon.

Partzuergo horrek 730 milioi euroko eskaintza prestatu du, kapital propioa eta zorra uztartuz, eta operazio horren oinarri juridiko eta finantzario nagusiak ezartzen dituen akordioa egin dute jada. Dokumentazio formala oraindik ez zaio helarazi PAI Partnersi, baina abendua baino lehen egitea aurreikusten dute.

Hasierako partaideen artean zegoen Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundea, baina atzera egin du. Bere inbertsio politikarekin talka egiten zuen hasierako ekarpenaren tamainak; gainera, Geroaren gobernu organoan ez da adostasunik egon —horko kideen artean Adegi patronala eta lau sindikatu nagusiak daude—.

Geroak utzitako hutsunea betetzeko, bazkideek zubi kreditu bat erabiltzeko asmoa daukate. Kreditu hori gerora beste inbertitzaile bati saldu edo bazkideen artean banatzeko asmoa dute.

Hazkunde betean

Uvesco, gaur egun, elikagaien banaketaren sektoreko talderik handienetan bigarrena da Euskal Herrian, Eroskiren atzetik. 1.186 milioi euro fakturatu zituen iaz, aurreko urtean baino %10,6 gehiago.

2024 amaieran 7.142 langile zituen, horietatik 5.000 inguru Hego Euskal Herrian. 219 establezimendu ditu hemen: 110 Bizkaian, 65 Gipuzkoan, 34 Nafarroan eta 10 Araban. Kanpoan beste 125 ditu, Madrilen, Kantabrian, Asturiasen, Errioxan eta Zaragozan. 2017an Gigante katea erosiz hasi zuen Madrilgo zabalkundea, eta 2024an Hiber supermerkatuak erosi zituen.

Hazkunde horrek inbertitzaileentzat erakargarri bihurtu du Uvesco. Testuinguru horretan erabaki du PAI Partnersek bere partaidetza saltzea, ohiko sei urteko inbertsio epea bete baino lehen. Funts horrek lau urte eskas daramatza taldean. 500 milioi euro inguruan erosi zuen orduan, eta 700 milioitik gorako balioa eskatzen du orain. Iaz, Carrefour Frantziako multinazionalak Uvesco erosteko asmoa agertu zuen, baina atzera egin zuen.

Indartuz Jaurlaritzaren funts berriak 65 milioi euro izango ditu

Eusko Jaurlaritzak astearte honetan onartu du Indartuz Kapitala sozietate publiko berria sortzea, eta 65 milioi euro jarriko ditu horretarako. Finkatuz funtsarekin alderatuta, haren helburua izango da enpresen «eraldatzea» bultzatzea; Finkatuz-ek, berriz, «errotzea» du xede. Bi funts horiek Euskadi Eraldatuz 2030 inbertsio planaren tresna nagusietakoak dira, eta Euskal Finantza Institutuak kudeatuko ditu.

Noel d’Anjouk azaldu duenez, Indartuz «funtsen funts» gisa arituko da, kudeaketa pribatuaren bidez zeharkako inbertsioak egiteko enpresetan. «Guk jarritako euro bakoitzeko erakunde pribatuek beste hiru jartzea da asmoa», zehaztu du.

Lau arlotan egingo ditu inbertsio horiek: enpresei «zor malguagoak» edo «ohi baino beranduago iraungiko direnak» eskaintzea; enpresen tamaina eta produkzio gaitasuna handitzen laguntzea; azpiegitura estrategikoetan inbertitzea, bereziki trantsizio digitalarekin eta berdearekin loturikoak; eta «gizarte kohesioa» bultzatzen dute egitasmoak babestea; esaterako, deskontaminazioarekin eta kulturarekin loturikoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.