Aurrekontuak

Jaurlaritzak %7,6 handituko ditu I+Grako diru sailak

Ekonomiaren Garapenerako Sailak 600 milioi eurotik gora banatuko ditu diru laguntzetan.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, asteare honetan egindako agerraldian. IREKIA
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 7a
14:59
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapenerako Sailak 873,7 milioi euro kudeatuko ditu 2024an, aurtengo aurrekontuetan baino 24 milioi gehiago (+%2,8). Saileko aurrekontuen aurkezpenean, oposizioko taldeek «kontinuismoa» egotzi diote Arantxa Tapia sailburuari, eta legegintzaldi hasieran ezarritako helburuak ez betetzea, bereziki energiaren alorrean.

Diru gehiena enpresa ertain eta txikiei laguntzeko planetarako erabiliko ditu Ekonomiaren Garapenerako Sailak: 600 milioi eurotik gora, 80 laguntza programatan banatuta. Oinarrian, aurten indarrean dauden programak eta laguntzak mantenduko ditu, eta kopuruak oro har antzekoak izango dira; dena den, %7,6 handituko ditu ikerketa eta garapenarekin lotutakoak (I+G), 235,6 milioi guztira. Alor horretan, bi programa berri iragarri ditu Tapiak: batak lotura du adimen artifizialarekin (Retech IA), eta besteak zibersegurtasunarekin (Cyber). Bietarako guztira 32 milioi euro jarriko ditu.

Energiaren alorrean, proiektu energetikoetan partaidetza handituko du baliabide propioen bidez, 45,9 milioi. Diru horri esker, zenbait enpresa eta egitasmotan dituen partaidetzak handitu ditu. Besteak beste, aurten 4,5 milioi erabiliko ditu parke eolikoetarako, Arabako Labraza, Azazeta eta Arraia-Maeztuko egitasmoetarako. Parke horien sustatzailea Aixeindar elkartea da, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osaturikoa.

Hidrogeno berderako, berriz, 9 milioi euro jarriko ditu. Erdia inguru Petronorrek erositako 10 megawatt-eko elektrolizagailurako izango da —programa pilotu bat da, azken asmoa potentzia zabaltzea da, 100 megawatt-eraino zabaltzea— . Berriki, egitasmo hori ezbaian jarri du Repsolek; ohartarazi du bertan behera utz dezakeela baldin eta PSOEk eta Sumarrek energia enpresen gaineko zergarekin jarraitzea erabakitzen badute, koalizio gobernua osatzeko akordioan jaso duten bezala.

Sprilur sozietatearen aurrekontua 71 milioi eurokoa da. Horietatik 8 milioi Gasteizko Mercedesen Fabrikazio Aurreratuko Zentrorako izango dira.

Bestalde, Ekonomiaren Garapenerako Sailak 72 milioi euro jarriko ditu industria jardueragatik degradatutako lurzoruak leheneratzeko, hainbat lekutan. Enpresen nazioartekotze programetarako 31,6 milioi euro aurreikusi ditu, eta, besteak beste, merkataritza ordezkaritza berriak zabalduko ditu Kanadan eta Australian.

Lehen sektorea bultzatzeko laguntza planei, berriz, eutsi egiten die, 37,9 milioi euro guztira. Eta elikadura industriarako, 83,5 milioi erabiliko ditu. Atal horretan, bi egitasmo berri nabarmendu ditu Tapiak, Bietan Basque Culinary Centerrekin elkarlanean gauzatuko direnak: bata, Arabako ardoari buruzko berrikuntza zentroa —EDA Drinks & Wine Campus—, 8,5 milioiko inbertituta eta, bestea, Donostiako Gros auzoan eraikiko duten GOe Gastronomy Open Ecosystem zentroa, 14 milioiko diru saila baliatuta.

Ingurumen alorrean, 10,7 milioi jarriko ditu hondakinen prebentzio eta balorizazio proiektuetarako, eta 600.000 euro hondakinen kudeaketa digitalizatzeko. Urdaibaiko erreserban lehengoratze lanak ere aurreikusten ditu —4 milioi euroren kostua izango dute—, Oka ibaiaren itsasadarrean eta Muruetako ontziolen eremuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.