Sei hilabete igaro dira Eusko Jaurlaritzak Europako Batasunetik kanpoko atzerritarren lan baimenak kudeatzeko eskuduntza lortu zuenetik, eta tarte horretan 11.171 baimen onartu ditu. Gehien-gehienak errotzearen bitartez onartu ditu (%85), hau da aurretik Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan zeuden herritarrek lorturiko lan baimenak dira. Datuak sektoreen arabera aztertuz gero, etxeko langileen kopurua deigarria da: %32.
Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetatik etorritako 104.372 langile daude denera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan —guztien %10,06 dira— eta 2025ean Gizarte Segurantzan lehenbizikoz izena eman zutenen %55 ziren talde horretakoak. Duela sei hilabete, lan baimenak kudeatzeko tramitea goitik behera aldatu zen, eskumena Jaurlaritzak hartu baitzuen, eta, Mikel Torres Enplegu sailburuaren ustez, tarte horretako datuek erakusten dute «modu eraginkorrean eta arin» dihardutela kudeaketan.
«Euskadik talentua behar du, eta, lan merkatuan jende gehiago txertatu behar badu, lan hori duina, ondradua eta eskubideduna dela egiaztatuko dugu»
MIKEL TORRES Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburua
Bi modu nagusi daude lan baimena Enplegu Sailaren bitartez lortzeko: errotzea (%85, 9.495 baimen) eta jatorrizko kontratazioa (%9,87, 1.103 baimen). Elena Perez Barredo Enplegu sailburuordeak aletu ditu datuak, eta iragarri du etorkizuneko helburua dela bi modu horietan emandako baimenen kopuruak berdintzea; halere, uste du hasieran logikoa dela errotze bidez emanikoak askoz gehiago izatea. Halaber, aurreratu du aurten 22.000 baimen baino gehiago emango dituztela.
Datuak sektorearen arabera aztertuz, lan baimena lortzeko moduetako bakoitzak emaitza oso ezberdinak ematen ditu. Baimena errotzearen bitartez lorturiko langileen %37 etxeko langileak dira, %18,3k ostalaritzan dihardute, eta %16,3k eraikuntzan. Jatorrizko kontratazioei dagokienez, langileen %24,4k eraikuntzan dihardute, %16,8k zerbitzuetan eta %13,2 industrian. Etxeko langileak %10 dira. «Ageriko da genero arrakala dagoela bi bideetan», zehaztu du Perez Barredok.
Kolonbiarrak eta perutarrak
Jatorriari erreparatuz, beren egoera errotze sistemaren bitartez legeztatu zuten langileen %22,2 kolonbiarrak dira, %21,9 marokoarrak eta %10,7 nikaraguarrak. Jatorrizko kontratazioen bidean, bestalde, Perukoak dira nagusi (%21,5), pakistandarrak gero (%15,5), eta marokoarrak ondoren (%12). Perez Barredok azaldu du Espainiak aspaldiko lan hitzarmen bat duela Perurekin eta langileak han kontratatzea errazagoa dela.
Horiek onarturiko eskaerak dira, baina askoz gehiago jaso ziren: 31.225. Jaurlaritzak, baina, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan lan egitekoak kudeatu ditzake bakarrik. Besteak Espainian lan egin ahal izateko eskaerak ziren, eta horiek Espainiako Gobernuak kudeatu ditu, eskualdaketaren aurretik Arabakoekin, Bizkaikoekin eta Gipuzkoakoekin egiten zuen bezala.
Torres sailburuak azaldu du beste eskaera batzuk atzera bota dituztela soldatak ez zirelako legezko gutxieneko kopurura iristen edo sektore horretako erreferentziazko lan hitzarmenaren baldintzak ez zituztelako betetzen. «Euskadik talentua behar du, eta, lan merkatuan jende gehiago txertatu behar baditu, lan hori duina, ondradua eta eskubideduna dela egiaztatuko dugu», nabarmendu du.