Jaurlaritzak azalpenak eskatu dizkio Jainagari, baina ez du «epaituko»

Ubarretxenak esan du Israeli ustez saldutako altzairuaren aferak ez duela eraginik izango Talgo erosteko operazioan, «herri proiektu bat» delako.

Imanol Pradales lehendakaria eta Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea, irailean, Joxe Mari Korta sarien banaketan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Pradales lehendakaria eta Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea, irailean, Joxe Mari Korta sarien banaketan. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 28a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak azalpenak eskatu dizkio Sidenor enpresako presidente Jose Antonio Jainagari, Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka ireki duen ikerketa dela-eta. Francisco de Jorge epailea Jainaga eta Sidenorreko beste bi zuzendari ikertzen ari da, Israel Military Industries enpresari altzairua saltzeagatik arma astun eta arinak fabrikatzeko. Kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delitu batean konplize izan daitezkeelakoan hasi du ikerketa epaileak.

Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak jakinarazi duenez, gobernua harremanetan jarri da Jainagarekin, azalpenak eskatzeko, eta Jainaga prest agertu da azalpen horiek emateko. Espainiako Auzitegi Nazionalean abian den ikerketari buruz, Ubarretxenak esan du «zorrotz» jokatu dutela, baina ez dutela «epaiketa paralelorik» egingo.

Ubarretxenak adierazi du Jaurlaritzak Jainagaren errugabetasun presuntzioa babesten duela eta prozesu judiziala errespetatuko duela. Gaineratu du Sidenorreko burua bere defentsa prestatzen ari dela eta aurki emango dituela azalpenak. Gobernuak, beraz, kontuz eta zorrotz jokatzen jarraituko du, epaiketa aurretik ez baitute erabakiak hartzeko asmorik.

Nabarmendu du, halaber, Jainagaren inputazioak ez duela eraginik izango Talgo erosteko operazioan, eta hori aurrera doala ziurtatu du. Sidenor buru duen eta Jaurlaritza kide den partzuergo batek hartu nahi du tren konpainiaren kontrola. Urtea amaitu baino lehen gauzatu beharko litzateke hori. Ubarretxenaren hitzetan, Talgorena «herri proiektu bat» da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.