Jaurlaritzak baieztatu du Uvesco euskal inbertsiogileen esku geratuko dela berriz, 700 milioi euroren truke

Kutxabankek, Artizarra fundazioak, Invereadyk eta taldea sortu zuten familietako kideek osatutako partzuergo batek erosiko diote bere zatia Frantziako PAI Partners funtsari. Jaurlaritzak ez du parte hartuko, «ez zelako beharrezkoa».

Uvescoren egoitza nagusia, Irunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Uvescoren egoitza nagusia, Irunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 23a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urteren ostean, Uvesco taldearen ―BM eta Super Amara supermerkatuak― akzio gehienak Euskal Herriko inbertsiogileen eskuetara itzuliko dira, Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez. Inbertitzaile pribatu hauek hartuko dute kontrola: Indar Karterak ―Kutxabanken inbertsio funts berriak―, Stellum Food & Techek (Artizarra fundazioa), Invereadyk eta Uvesco taldea sortu zuten familiek. Partzuergo bat osatu dute, eta kalkulatzen da denen artean 700 milioi euro inguru jarriko dituztela, baina ez dute jakinarazi bakoitzak zenbat jarriko duen eta zenbat akzio izango dituen.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak berretsi du operazioa. Oraindik falta da bazkideen arteko ituna eta konpainia PAI Partners funts frantsesari erosteko kontratua notario batean aurrean sinatzea; ondoren gauzatuko litzateke ordainketa.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Jauregik argitu du Jaurlaritza ez dela partzuergoko kide izango, «oraingo honetan ez zelako beharrezkoa», Talgoren salerosketan eta abian diren beste batzuetan ez bezala. Uvescoren gaur egungo kontseilari ordezkari Angel Jareño eta haren taldea zoriondu ditu, «halako enpresa garrantzitsu bat errotzeko egindako ahaleginagatik».

«Lehen, Euskadi lur emankorra zen kanpoko funtsek bertako enpresak eros zitzaten, gerora zorpetuta utzi eta alde egiteko. Orain, haiekin aurrez aurre hitz egiteko gai gara»

MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Jauregik azpimarratu du azkenaldian «paradigma aldatzen» ari dela. «Lehen, Euskadi lur emankorra zen kanpoko funtsek bertako enpresak eros zitzaten, gerora zorpetuta utzi eta alde egiteko. Orain, gurean eta bertako talentuarekin oso eragiketa finantzario sofistikatuak egiten ari gara, eta nazioarteko funtsekin aurrez aurre hitz egiteko gai gara».

Arriskutik lasaitasunera

Iaz jakin zen Frantziako PAI Partners inbertsio funtsak bere zatia saltzeko asmoa zuela eta herrialde hartako Carrefour kateak interesa zuela hura erosteko. Operazio hori bertan behera geratu zen, baina alarmak piztu ziren Irungo egoitza nagusian. Hango arduradunak alternatiba bat prestatzen hasi ziren, eta bertako inbertsio taldeen ateak jotzen hasi ziren, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

2021ean, Uvesco zabaltzeko eta hazteko fasean zela erosi zuen PAI Partner funtsak. Taldearen sorreratik buruan egon den Fernandez de Barrena familiaren kontrolpean zeuden akzioen %70 eskuratu zituen, eta horien trukean jarritako diruarekin taldearen hedapena bultzatzeko erabili zuten. Gainera, ordura arteko buruek jarraitu zuten enpresa gidatzen, eta egoitza fiskala ere Irunen mantendu zuten.

Apustu horrek bazituen, hala ere, bere arriskuak, halako inbertsio funtsek denbora bat egiten baitute enpresetan eta gero beren zatia saldu. Lau urte eskas egin ditu PAI Partnerrek, ohi duen baino denbora laburragoa. 500 milioi euro inguruan erosi zuen Uvesco, eta 700 milioi inguru eskatu du orain.

PAI Partners ezaguna da Euskal Herrian. 2020an, esaterako, Angulas Aguinaga Gipuzkoako elikadura enpresa erosi zuen. Haren kapitalaren %50,1 bereganatu zuen. Beste inbertsio funts bati erosi zion, Espainiako Portobello Capitali, hain zuzen ere.

Hazten jarraitu nahi du

Uvesco taldea 1993. urtean sortu zuten, Irungo Unialco eta Kantabriako Ves batu zirenean. Azken urteetan gehien hedatu den katea da, Mercadonarekin batera. Uvescoren kasuan, esaterako, ia bikoiztu egin du fakturazioa azken hamarkadan. Gaur egun, elikagaien banaketaren sektoreko talderik handienetan bigarrena da Euskal Herrian, Eroskiren atzetik. 1.186 milioi euro fakturatu zituen iaz, aurreko urtean baino %10,6 gehiago.

Azken urteetan taldea Hego Euskal Herritik kanpora hedatu da, Espainiara. Errioxara eta Kantabriara lehenik. 2017an heldu zen Madrilgo erkidegoko iparraldera, Gigante katea erosita. Eta iaz Espainiako hiriburuko Hiber supermerkatuak erosi zituen. Bizkaiaren eta Gipuzkoaren ondoren, Madrilen du denda gehien, eta jada fakturazioaren %30 ekartzen diote. Asturiasen, Avilan eta Zaragozan ere baditu denda batzuk. Aurrera begira, ez du kate gehiago erosteko eskaintzarik mahai gainean, baina zabalik utzi du bide horretan jarraitzeko aukera.

Enpleguari dagokionez, 7.200 langile inguru ditu, eta 5.000 inguru Euskal Herrian. Hamarretik zazpi emakumeak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.