Lan Ikuskaritzak 33.617 kontratu bihurrarazi ditu mugagabe EAEn azken legegintzaldian

Lan Ikuskaritzak 8,7 milioi euroren isunak jarri ditu 2023an. Azken lau urteen balorazioa egiteko baliatu du aukera: «Erakundea indartu dugu enpresek euren betebeharrak bete ditzaten».

Eraikuntzako langile bat Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Eraikuntzako langile bat Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko otsailaren 19a
13:45
Entzun

Aldi baterako kontratuetan geroz eta iruzur gutxiago egiten dira. Legegintzaldiaren balantzea egin du gaur EAEko Lan Ikuskaritzak, eta Elena Perez Barredo sailburuordeak azpimarratu du zer lan egiten duten gisa horretako kontratazioen berrikuspenetan. Azaldu duenez, enpresak behartu dituzte aldi baterako 33.617 kontratu mugagabea eta lanaldi osoko bihurtzera. Azken lau urteetan berrikusitako 88.059 kontratuen %38 dira. 

Perez Barredok eta Iciar Gonzalez zuzendariordeak Bilbon egin dute 2023ko datuen berri emateko agerraldia. Adierazi dutenez, «enpresek euren betebeharrak betetzeko» indartu dute erakundea azken lau urteetan. Hainbat kanpaina egin dituzte, eta azaldu dute 2022ko lan erreformak «aldaketa sakonak» eragin dituela enpresen kontratatzeko moduan: «Lehen aldi baterako kontratazio asko egiten ziren, baina orain kontratu mugagabeak egitea da araua». Horri esker, iruzurren kopurua murriztu da, eta, ondorioz, azken urtean ikuskaritzak erregularizatu behar izan dituen kontratuak ere gutxiago dira.

8,7

EAEko Lan Ikuskaritzak 8,7 milioi euro bildu ditu 2023an. 22.390 ikerketa egin ditu, eta 1.666 arau hauste topatu.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 18.627 kontratu berrikusi zituzten iaz, eta horietatik 5.316 bihurrarazi zituzten mugagabe. Batezbestekoa legegintzaldikoa baino txikiagoa da, datuek hobera egin duten seinale. Dena den, iruzurren aurka egiteko planek martxan segiko dute. Kanpaina horien garrantzia aipatu du Perez Barredok, publikoak direnez, isunak jarri gabe ere enpresak behartzen baitituzte euren eginbeharrak betetzera.

Gainontzean, 2023ko datuei erreparatuz, Lan Ikuskaritzak 22.390 ikerketa egin ditu; horri esker topatu ditu 1.666 arau hauste, eta 8,7 milioi euro bildu. Isun gehienak (664) lan harremanen arloan jarri ditu; 535 izan dira segurtasunarenean, eta 467 enpleguarenean.

Horretaz gain, 2.424 ikuskapen egin dituzte eraikuntza lanetako segurtasun baldintzetan, eta 68 isun jarri. Gainontzeko lantokietan 1.372 ikuskatze egin dituzte, eta 93 arau hauste topatu.

Protokoloak betearazi

Bestelako jarduera batzuen berri emateko baliatu dute parada. Gizonen eta emakumeen berdintasunaren arloan, adibidez, zenbait esku hartze egin ditu ikuskaritzak: 196, sexu jazarpenaren protokoloekin lotutakoak; hogei, sexu diskriminazioarekin lotutakoak, hamazazpi ordainsari desberdintasunarekin lotutakoak, eta 247 50 langiletik gorako enpresetan berdintasun planak ezartzearekin lotutakoak.

Bigarren urtez, udako talka plana ere jarri du abian. Horren asmoa, nagusiki, prebentzio lana egitea da tenperatura altuei aurre egin behar dieten lantokietan; besteak beste, eraikuntzan, ostalaritzan, nekazaritzan... arriskuen berri emateko 4.236 jakinarazpen bidali dituzte.

Azkenik, EAEko Lan Ikuskaritzako langileen egoeraren berri eman dute. Oposizioak abian daude, eta sei beka emango dituzte horiek prestatzeko. Orain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 58 ikuskari eta 22 inspektoreorde lanpostu daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.