Jaurlaritzak Euskolabel sistema «berregokituko» du

Europako Batzordeak horretara behartu du. Eragileekin gogoeta prozesu bat abiatuko du.

Esnetarako behin bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Esnetarako behin bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko ekainaren 5a
12:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskolabel etiketa ez da eusko. Edo ezin da izan, ziurtagiri hori emateko argudio bakarra bertan ekoiztua izatea bada. Hala ebatzi du Europako Batzordeak, eta sistema berregokitzera behartu du Eusko Jaurlaritza, ez baditu behintzat beste lurralde batzuetako elikagaiak sartu nahi Euskolabel etiketaren barruan.

Halakorik egin behar ez izateko, egungo araudia aldatzeko prozesu bat abiatuko du Jaurlaritzak, eragileekin batera. Hala hitzeman dute gaur EAJ eta PSE-EE gobernukideek, EH Bilduk gaiari buruz Eusko Legebiltzarrean jarri zuen mozio bati aurkeztutako zuzenketa batean.

Guztira 18 elikagaik dute Jaurlaritzak ematen duen Euskolabel zigilua. Edo zuten, haietako batek izateari utzi baitio: esneak. Martxoan, Eusko Jaurlaritzak kendu egin zuen Euskal Esnea kalitate ziurtagiria. Europako Batzordearen errekerimendu baten ondoren hartu zuen erabaki hori, Idiazabal Gazta jatorri deituraren salaketa bati erantzunez.

Europako Batzordeak, bere ebazpenean, argudiatu zuen Euskolabel sistemak eta zehazki Euskal Esnea ziurtagiriak Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleei baino ez dagokiela, horko hiru lurraldeetan ekoiztua izatea dela labela emateko argudio bakarra, eta hori bateraezina dela Europako Batasunaren araudiarekin, «zeinak kalitate arauak beste estatu kide batzuetako produktuei irekita egotea eskatzen duen, diskriminaziorik izan ez dadin».

Jaurlaritzaren «egoskorkeria»

Eusko Legebiltzarrak maiatzean egindako bilkura batean, Amaia Barredo Nekazaritza eta Elikadura sailburua harrituta agertu zen Idiazabal sormarkakoen salaketarekin, Euskolabel produktuen aurka bakarrik jo zutelako. Hala ere, auzia urte batzuk lehenagokoa da. 2021ean, Idiazabal deiturakoek Jaurlaritzari eskatu zioten Nafarroako Gobernuak label ziurtagirietarako erabiltzen duen formula bera erabiltzeko, baina orduan Arantxa Tapia buru zuen sailak atzera bota zuen proposamen hura.

EH Bilduk Jaurlaritzaren «egoskorkeriari» leporatu dio gertatutakoa, eta nabarmendu du «arriskuan» dagoela label sistema, duela aste batzuk egindako eztabaidan adierazi moduan. Ohartarazi du kanpoko produktuak Euskolabel etiketarekin merkaturatu daitezkeela egungo araudiarekin. «EAJk eta PSEk ekarri duten zuzenketak argi eta garbi uzten du arrazoi genuela, frogatzen du baietz, orain sistema egokitu behar dela, eta kezkarako motiboak egon badaudela, litekeena delako gure labelaren babespean hemendik kanpoko produktuak ere merkaturatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.