Eusko Jaurlaritzak auto industriarekin bat egin du, eta ontzat jo du Euro 7 araua urardotzeko Europako Batasuneko gobernuek egin duten proposamena. «Beharrezko neurria zen, ia-ia ezinbestekoa», ziurtatu du Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak.
Astelehenean egindako bileran, Europar Kontseiluak proposatu zuen Euro 7 araua indarrean jartzeko epea bi urtez atzeratzea—2027 arte autoentzat, eta 2029 arte kamioientzat—, eta haren eskakizunak apaltzea: pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte, baina autoek ez dituzte CO2 eta NOX muga txikiagoak izango —bai, ordea, kamioiek—. Ministroena proposamen bat da, eta Europako Legebiltzarrarekin negoziatu beharko dute orain.
Europako autogileen elkarteak, ACEAk, txalotu egin zuen gobernuek erabakitakoa. Haien argudioa da orain errekuntza motorrak araura egokitzeko gastatu behar ez duten dirua eta arreta jarri ahal izango dituztela auto elektrikoen garapenean.
Erregai sintetikoen alde
«Goiz edo berandu etorri behar zuen neurriak, ekonomiarentzat funtsezkoa den sektore batean ziurgabetasuna, ondoeza eta segurtasunik eza sortzen ari baitzen», esan du Tapiak, Gasteizen. Haren iritziz, aurretik zeuden epeak «ia-ia ezin ziren bete», eta oraingoak errealistagoak dira.
Sailburuak nabarmendu du helburu nagusia dela 2050. urterako garraio sektoreak erregai fosilik ez erabiltzea, eta horretarako «aukera guztiak» baliatu behar direla, baita erregai sintetikoena ere. «Ez dira irtenbidea, baina garraio astunaren kasuan lagundu egiten dute, ezin baita berehalakoan elektrifikatu».
Acicae autogintzako klusterra ere pozik azaldu da EBko gobernuek «arnasa pixka bat» eman diotelako sektoreari. Haren iritziz, politikaren mundua «presio handiegia» jartzen ari da ingurumen kontuetan, eta industriak «ezin ditu bete» eskari horiek.
Jaurlaritzak eta Acicaek ontzat jo dute Euro 7 bigundu ahal izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu