Eusko Jaurlaritzak eta Foru aldundiek neurri gehiago hartu dituzte mihi urdinaren gaitza zabaldu ez dadin. Esaterako, gaurtik Arabako mugak itxita daude ardientzat eta behientzat; bidaiarik egin behar izanez gero, Nekaraba aplikazioaren bidez lortu behar da adituen oniritzia.
Gipuzkoak «mingain urdinik gabeko eremu» izateari utzi dio, eta inguruko lurraldeak alertan jarri ditu. Eusko Jaurlaritzak, aldundiekin batera, neurri gehiago iragarri zituen atzo, eta txertaketaren garrantzia gogorarazi zuen. Izan ere, duela urte batzuk ere izan ziren mihi urdinaren kasuak, eta, orduan, «ardi azienda eta behi azienda guztia txertatu izanari esker desagerrarazi zen» gaixotasuna, Jaurlaritzaren esanetan. Hiru hilabetetik gorako abere guztiek «nahitaez» jaso behar dute txertoa, eta gazteagoak ere txertatzea «gomendatzen» dute. Nafarroako arduradun politikoak astelehenean bilduko dira nekazarien ordezkariekin, hartu beharreko neurriez hitz egiteko.
Joan den ostiralean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Fraisoroko laborategiak kasu susmagarri bat atzeman zuen Oiartzungo (Gipuzkoa) ustiategi bateko ardi batean. Proba gehiago egin, eta aste honetan berretsi dute ardi kutsatuak mihi urdinaren birusaren 8. serotipoa duela. Egun 24 aldaera ditu, baina behi eta ardientzat arriskutsuenak 1 eta 8 mutazio motak dira. Bi aldaera horientzat badira txertoak. Gaitza agertu den ustiategian 85 ardi, bost ahuntz eta hemeretzi behi zeuden, eta guztiek negatibo eman dute mingain urdinaren PCRan.
Gizakiarentzako ez da gaixotasun arriskutsua. Eltxoen ziztadaren bidez transmititzen da, eta, bereziki, ardiei eragiten die.