Merkataritza sektorea gehiago liberalizatzeari ezezkoa eman dio Eusko Jaurlaritzak, eta uko egin dio Espainiako Gobernuak helburu horrekin iaz onartutako dekretuari. Madrilen agindua zen astean dendek gutxienez 90 orduz egon behar zutela irekita, eta saltoki handiek urtean 16 jai egunez zabaldu behar zutela. Gainera, merkealdien gaineko edozein muga ezabatu zituen Espainiako Gobernuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, lege autonomikoak indarrean jarriko duela jakinarazi die gaur Jaurlaritzak sektoreen ordezkariei. Horrenbestez, gehienez zortzi jai egunetan egongo dira zabalik denda handiak, eta astean 72 orduz. Orain arteko merkealdiei eutsiko zaie, Gabonen ostekoari eta udakoari.
Agindu horrek indarrean jarraituko du Auzitegi Konstituzionalak helegiteari buruz erabaki arte. Apirilean jo zuen Jaurlaritza Espainiako epaitegi horretara, eta epaileek tramitatzea erabaki zuten.