Jaurlaritzak aurka egingo dio gutxieneko soldataren aldeko ekinaldi legegileari, «juridikoki bideraezina» delako

Torres sailburuak azaldu duenez, eskumena Espainiako Gobernuarena da «esklusiboki», eta nabarmendu du negoziazio kolektiboa dela gutxieneko soldata propioa ezartzeko modu bakarra. Arrazoi horiek ez datoz bat EAJk atzo gauean eman zituenekin.

Gutxieneko soldataren aldeko sinadurak Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gutxieneko soldataren aldeko sinadurak Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 21a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk sustaturiko herri ekinaldi legegilearen (HEL) aurka egingo dute EAJk eta PSE-EEk, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek. HELaren bitartez, Jaurlaritza behartu nahi zuten gutxieneko soldata propioaren eskuduntza lortzeko lege aldaketak eskatzera. Sindikatuen arabera, aski zitekeen Espainiako langileen estatutuko puntu bat aldatzea. Jaurlaritzaren interpretazioaren arabera, baina, gutxieneko soldata ezartzeko eskuduntza Espainiako Gobernuarena da «esklusiboki», eta hori aldatzeko Espainiako Konstituzioaren 149. artikulua egokitu beharko litzateke. Horrenbestez, Jaurlaritzaren ustez, HELaren helburua juridikoki bideraezina da.

Mikel Torres Ekonomia eta Enplegu sailburu eta bigarren lehendakariordeak eman du Jaurlaritzaren jarreraren berri gobernu kontseiluaren osteko bileran. Txosten juridiko batean oinarrituta eman du aurka egiteko hiru arrazoietako aurrenekoa, baina ez du argitu nor izan zen haren egilea. Bigarren arrazoia zera da, Espainiako lan merkatuaren batasuna hautsiko lukeela, eta hura ezartzeak zenbait agenteren adostasun zabala beharko lukeela. Sindikatuen eskaerak Espainiako erkidego autonomoen esku utziko luke tokian tokiko gutxieneko soldata zehaztea, eta, Torresen ustez, «sakon» aztertu beharko litzateke horrek izango lukeen inpaktua.

Hirugarren arrazoia, berriz, jarrera bat da argudio bat baino gehiago. Torresek defendatu du Jaurlaritzaren ustez gutxieneko soldata ezartzeko modurik aproposena negoziazio kolektiboa dela, eta sindikatuak eta enpresariak hitz egitera gonbidatu ditu. Bi aldeen arteko hurrengo bilera bihar izango da, Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan, 12:00etan. Confebaskek adierazi du agertuko dela, eta bertan bilduko da ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin.

ZENBAT Sinadura, 10.000 edo 138.000?

Prentsaurrekoan Torres sailburuari galdetu diote ea nola zitekeen hain babes zabala jaso duen eskaera baten aurka egitea. Sindikatuek hainbatetan esan dute 138.495 sinadura bildu zituztela. Torresek, baina, zehaztu du parlamentuko mahaiak 10.218 sinadura baliozkotu dituela 10.496ko multzo batetik, eta horiek nahikoak zirela HELa tramitatzeko. Orduan, zenbat sinadura zeuden, 10.000 edo 138.000? Sindikatuek argitu dute 138.495 sinadura aurkeztu zituztela, eta 10.496 sinadura horien multzoa parlamentuko mahaiak berak harturiko lagina dela.

Deigarria da Jaurlaritzak gaur emaniko arrazoiak ez datozela bat EAJk atzo gauean eman zituen arrazoiekin. EAJk ohar bidez emaniko azalpenean argudiatu zuen eskaera ez datorrela bat sindikatu subiranistek Euskal Herriko lan esparru propioaren defentsan egin izan dituztenekin, eta horrek zera ekarriko lukeela, «eskumen eskuordetze horrek Euskal Autonomia Erkidegoa Estatuaren ikuskaritzapean eta Espainiako Gorteen borondatearen mende geratzea». Alderdi jeltzalearen ustez, soldata propioa lortzeko modu bakarra lan hitzarmenen lehentasuna eta agenteen arteko akordioa da.

Confebaskek baieztatu du asteazkenean Lan Harremanen Kontseilura joango dela, sindikatuekin soldata propioaren auzia eztabaidatzeko

Jaurlaritzaren ezezkoak, dena den, ez du legebiltzarreko eztabaida etengo, baina dagoeneko jakina da ez duela aurrera egingo, ez baitu nahikoa babesik lortuko. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren HELak eginiko prozesu bera da. EH Bilduk alde egingo du bozketan, eta Pello Otxandiano koalizioko bozeramaileak salatu du Jaurlaritzak bizkarra eman diola «milaka euskal herritarren borondateari». Argudioak ematean, kritika zuzena egin dio EAJri: «'Gizarte eta lan arloan tresna propioak eta eskuordetu gabeak izatea' argudioarekin koherente jokatuko balu, uko egin beharko lioke langabeziagatiko prestazioen transferentziari, duela hilabete eskas 'historikotzat' jo baitzuen, estatuak arautzeko ahalmenari eutsiko diolako, adibidez, prestazioen zenbatekoak aldatzeko aukerari dagokionez».

Zentralista, hipokrita...

EH Bildu ez da erabakia kritikatu duen bakarra. ELAk eta LABek ere Jaurlaritzaren erabakia txarretsi dute, eta oso zorrotzak izan dira haien kritiketan. ELA sindikatua EAJri mintzatu zaio, eta salatu du erabaki horrek «bere burua abertzaletzat duen alderdi baten aurpegi antidemokratiko eta zentralistena» erakusten duela. Alderdi jeltzaleak emaniko argudioari buruzko iritzia ere eman du: «50 urtez Gernikako Estatutua bete gabe egon ondoren, gutxieneko soldataren eskumena etorkizuneko balizko estatus negoziatu bati lotzeak ez du inolako sinesgarritasunik EAJren aldetik».

LABek, berriz, zera leporatu dio Jaurlaritzari, gutxieneko soldata bat ezartzeko aukerari «bide guztiak» itxi nahi dizkiola, eta, txosten juridikoan dioenaren aurka, HELak ez duela aitzakiarik ikuspegi teknikotik. LABen ustez, EAJren jarrera «hipokrita» da; izan ere, gutxieneko soldata propioa eskuratu ahal izateko Espainiako lege bat aldatzea «gutxiesten» du EAEko estatutuan jaso beharko litzatekeela argudiatuz, «40 urtez autonomia estatutuan gutxieneko soldata propioaren eskumena bere gain hartzeko inolako borondaterik azaldu ez duenean». Halaber, gaineratu duenez, gutxieneko soldata esklusiboki negoziazio kolektibora bideratzea euskal langileria Espainiako gutxieneko soldataren menpe uztea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.