Jaurlaritzak iragarri du 460 milioi euroren mailegua jasoko duela

Europako Inbertsio Banku publikoaren maileguak ekonomiari «arnasa» emango diola adierazi du Lopezek

Erredakzioa
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du EIB Europako Inbertsio Banku publikoak 460 milioi euroko mailegua emango diola. Martxoan eskatutako laguntza da, eta ordutik EIBko adituek eskaera aztertu dute. Mailegua jaso aurretik beste bi fase igaro behar izaten dituzte proposamenek, eta, EIBren webgunearen arabera,lehen fase horretan dago oraindik eskaera. Atzo, ordea, Patxi Lopez lehendakariak ziurtatu zuen mailegua jasoko dutela eta datozen egunetan gauzatuko dela. Onartuta dagoena Euskal Y-aren lanak finantzatzeko mailegua da: Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileari mila milioi euro emateko bidea abiatu du EIBk; oraingoz, kopuru horren erdia emango dio.

Maileguaren baldintzak «oso onuragarriak» izango dira, Lopezen arabera, eta uste du mailegua emateak erakusten duela aurkeztutako proiektu eta proposamenek «konfiantza» sortzen dutela. Lopezek adierazi du mailegu horren bitartez «inbertsio emankorrak» egin ahalko dituztela eta ekonomia suspertzeko baliagarria izango dela. Maileguak ekonomiari «arnasa»emango diola uste du, «ziurtasunik ez dagoen garai honetan».

Jaurlaritzak egindako ahalegina azpimarratzeaz gain, kritika egiteko ere baliatu du aukera: «Batzuek ekonomiaren inguruko zalantzak sortzeko ahaleginak egin eta askotariko hondamenak iragartzen dituzte; bitartean, Jaurlaritza inbertsioak erakartzeko lanetan ari da, eta lortzen ari gara», azaldu du Lopezek.

Ikerkuntza eta garapenaren aldeko apustua berretsi du Lopezek, eta garrantzitsutzat jo du bide horretan jarraitzea, lehiakortasuna eta arrakasta bermatzeko. Atzo bertan, Bergaran (Gipuzkoa) izan zen, Soraluce kooperatiban, makina-erreminta baten inaugurazioan. Hiperion makina bost enpresak eta hiru teknologia zentrok garatu dute, eta, hiru urteren ostean merkaturatu dute. Dagoeneko saldu dute bat Italian, eta beste bat eraikitzen ari dira. 11,5 milioi euroren aurrekontua izan du; horietatik 3,1 milioi euro Jaurlaritzak jarri ditu. Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanari esker garatu da proiektua, Etorgai programaren bitartez.

Industria arloko ikerketa eta garapenak duen garrantzia nabarmendu du Lopez lehendakariak. Jaurlaritzak, esaterako, Etorgai programarentzat bideratutako kopurua %20 handitu du aurten. Lopezek ziurtatu du «industria politika sustatzen» jarraituko dutela, baina publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana funtsezkoa dela iritzi dio, etorkizuna ziurtatzeko: «Herritar guztien ahalegin kolektibotik soilik lortuko dugu hori».

Lopezekin batera Bergaran izan dira Bernabe Unda Jaurlaritzako Industria sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Ignacio Torrecilla AFM AFM Advances Manufacturing Technologies elkarteko presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.