Jaurlaritzak jasangarritasun exijentziei aurrea hartzen lagunduko die enpresa txiki eta ertainei

BasquESG proiektua aurkeztu dute Donostian, eta, adierazi dutenez, enpresen nazioarteko lehiakortasuna hobetu nahi dute haren bidez. Datorren urtea amaitzerako bostehun enpresatara iristea espero dute.

Jauregi sailburua enpresetako ordezkariekin, gaur, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Jauregi sailburua enpresetako ordezkariekin, gaur, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko azaroaren 24a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jasangarritasunaren alorrean Europatik datozen eskakizunei aurrea hartzea, eta horri esker etorkizuneko merkatu industrialean lehiatzeko abantaila izatea. Helburu hori du Eusko Jaurlaritzak gaur Donostian aurkeztu duen BasquESG proiektuak; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako konpainiarik handienekin elkarlanean dabiltzan enpresa txiki eta ertainentzat da egitasmoa, eta espero dute 2026. urtea amaitzerako halako bostehun enpresetara heltzea.

Jaurlaritzaren Euskadi 2030 industria planaren parte da proiektua, eta, agerraldian, konpainia handietako kideak izan ditu alboan Mikel Jauregi Industria sailburuak: han izan dira Kutxabank, Laboral Kutxa, Iberdrola, Petronor, ITP Aero, Ingeteam, CAF, Mercedes Benz eta Sidenor, planean estrategikotzat jotzen diren sektoreetako enpresak guztiak alegia. Jauregik esan du konpainia horien balio katean dauden enpresek «jauzi kualitatibo bat» egin ahalko dutela proiektuari esker: «Europatik egindako exijentziei aurrea hartu ahalko diete, eta funtsezko abantaila izango dute etorkizuneko industria merkatu jasangarrian lehiatzeko».

ESG Environmental, Social and Governance —ingurumena, gizartea eta gobernantza, ingelesez— enpresek alor horietan duten jarduna neurtzeko balio duen sistema bat da. Europako Batzordeak azpimarratu du oso garrantzitsua dela sistema horren parametroetan sartzea, «nazioarteko merkatuetan dabiltzan Europako enpresen gardentasuna, konfiantza eta lehiakortasuna bermatzeko», eta azaldu du, gainera, enpresa txiki eta ertainei bidea erraztuko diela finantzaketa lortzeko, inbertsioak erakartzeko eta bezeroen eskakizunei erantzuteko.

Elkarlana

Jauregiren arabera, BasquESG egitasmoari esker EAE erreferente bilakatuko da ESG estandarren ezarpenean, «elkarlan publiko-pribatu eredugarri baten bitartez». Izan ere, konpainia handiak arduratuko dira proiektura enpresa txiki eta ertainak erakartzeaz, baita Kutxabank eta Laboral Kutxa ere, modua egingo baitute ESG sistemaren parametroak betetzen dituzten enpresek dirua errazago eskuratu dezaten. 

Eusko Jaurlaritza da proiektuaren burua, eta Confebaskek, Elkargik, Mondragonek eta Eusko Ganberak osatuko duten aholkulari talde baten laguntza izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.